Ekologistak ere terroristak dira

Ekologistak ere terroristak dira –

Rikardo Arregik Deia egunkarian.

Extinction Rebellion taldeko ekintzaileak, Helsinkiko ekintza batean. EP

Espainiako Estatuko Fiskaltza Nagusiak erabaki du bi erakunde ekologista, Extinction Rebellion eta Futuro Vegetal, talde terroristen zerrendan sartzea “ekologismo erradikala” atalean. Ez dakit nik erabakiaren aurka egon diren protestek arrakasta izango duten edo erakunde gehiago sartuko dituzten zerrenda horretan, estatuak autoritarismorako bidetik egiten ari diren urratsek ez baitute bukaerarik, antza. Aipaturiko taldeek museotan burutu dituzte ekintzak orain arte, harakintzaren inguruan eta jet edo yate pribatuen aurka bukatzear dagoen udan. Hemendik aurrera ekintza horietan parte hartu dutenei, epaitegietara eramaten badituzte, terrorismoa egotziko diete, horrek ekar diezaiekeen guztiarekin (orain badirudi xehetasun handi hori ahantzi dutela batzuek). Argi dago Fiskaltzaren helburua dela talde ekologistak eta desobedientzia zibila kriminalizatu eta jendea beldurtzea: ekologiaz arduratzea ondo dago baina neurriz, hori da mezua.

Talde horiek behar ditugu. Zer gelditzen zaigu bestela? Gobernuen ekimentxoak, hondamendia garbitu ezin dutenak (nahi duten ere eztabaidagarria da), norberaren ekimen ahulak eta gero eta indartsuagoak diren, gero eta aurpegi gehiago dituzten era guztietako negazionismoak (baita haien buruak ezkertiartzat jotzen dituztenen artean ere).

Orain dela gutxi Renovate Switzerland-eko bi lagunek Luzernako Jaialdiko kontzertu bat moztu zuten Bruckner-en Laugarren Sinfonia jotzen ari zenean. Vladimir Jurowski zuzendariak ekintzaileekin adostu zuen ez bakarrik hitz egiteko parada izango zutela, baita publikoak isilik entzungo zuela esan behar zutena ere. Ekintzaileak hitz egiten hasi, eta publikoaren arteko zenbait oihuka aritu ziren. Jurowskik denak isilarazi eta entzuleei ohartarazi zien ekintzaileen hitzak begirunez entzuten ez bazituzten, berak ez zuela sinfonia bukatuko, hitzari eutsi behar ziola.

Espainiako Erresuman ekologistei eta zuzendariari terrorismoa leporatu ahal dietela pentsatzea absurdua da, baina agian horrelakoak laster ikus ditzakegu.

Ekologistak ere terroristak dira

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude