“Sahara, egin planto espoliazioari” jardunaldiak

“Sahara, egin planto espoliazioari” jardunaldiak –

Gaur eta bihar, Gasteizen.

"Sahara, egin planto espoliazioari" jardunaldiakMendebaldeko Saharak dituen baliabide naturalen aberastasunak, paradoxikoki, baliabide horiek erabiltzeko eskubidea ukatzera kondenatu du bertoko herria. Baliabide horiek, lehenik, potentzia kolonial batek (Espainia) eta, geroago, okupatzaile batek (Maroko) ustiatu dituzte.

Arpilatze hori nola gauzatzen den eta lurraldeko bertako biztanleengan nolako ondorioak dituen azaltzeko, Arabako SEADen Lagunak eta Irribarre sahararrak elikatzen elkarteek, Western Sahara is not for sale (WSNS) kanpainarekin lankidetzan, «Sahara: egin planto espoliazioari!» jardunaldiak antolatu dituzte. Jardunaldiek Mendebaldeko Saharako baliabide naturalen espoliazioaren ezagutzan sakontzeko topagunea izan nahi dute, Saharar Herria duela ia mende erdi murgilduta dagoen gatazka betikotzeko faktore erabakigarria baita.

Jardunaldiak urriaren 21ean eta 22an izango dira, Europa Biltzar Jauregian, eta bertan sakon aztertuko da nolakoa den Marokok Mendebaldeko Saharan egiten duen baliabide naturalen espoliazioa, nazioarteko komunitatearen zati handi baten eta nazioz gaindiko enpresa askoren adostasunarekin. Enpresa horiek, etekin ekonomikoa lortzeaz gain, beharrezko laguntzaile dira okupaziorako. Halaber, ibilbide bat egingo da Europako eta nazioarteko erakundeek emandako ebazpen eta epaietan barrena, horiek adierazten baitute jabetze hori legez kanpokoa dela.

Jardunaldien aurreko jarduera gisa, atzo arratsaldean, Sergio Arrospidek Mendebaldeko Saharako baliabideen espoliazioa umoretik kritikatzeko gune bat sortu du, eskuarki kontsumitzen ditugun produktuen jatorriaz hausnartzeko premiaz kontzientzia sortzeko asmoz. Bakarrizketa Aldabe Gizarte Etxean egin da.

Jardunaldien inaugurazioa gaur hilak 21, izango da, 17.00etatik aurrera, eta erakunde antolatzaileek eta Gasteizko Udalak egingo dute. Udalaren parte hartzea ezinbestekoa izan da topaketa hau egin ahal izateko. Jarraian, Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkariak, Jadiyetu El Mohtarrek, eta SEADen Lagunen Elkarteko Jesus Garayk, Mendebaldeko Sahararen testuinguruari buruzko sarrera egingo dute, eta azalduko dute zergatik den ezinbestekoa baliabide naturalen espoliazioa okupazioa mantentzeko. Ondoren, Western Sahara is Not for Sale eta Mundubat erakundeek espoliazioaren sustraiez hitz egingo dute, nekazaritza sektorea ardatz hartuta, non tomatea eta fosfatoak protagonista diren. Jardunaldia amaitzeko, Mendoza kaleko 17. zenbakian dagoen «Sahara – Artea espoliazioaren aurka» horma-irudia bisitatuko dugu.

Larunbatean, goizeko 10etan, arrantza-sektoreari buruzko elkarrizketa-mahai batekin hasiko da saioa, ACAPS Kataluniako elkartearen, FRONTERA CERO Sevillako elkartearen eta Mendebaldeko Saharatik datorren AREN Mendebaldeko Saharako Baliabideak Monitorizatzeko eta Ingurumena Babesteko Elkartearen eskutik. Jardunaldiak Fronte Polisarioak Europako auzitegietan egiten duen borroka legalari buruzko panel batekin jarraituko du, Sidi Talebbuia Espainiako Abokatu Sahararren Elkarteko abokatuarekin, Juan Soroeta Giza Eskubideen Behaketarako Nazioarteko Elkarteko (AIODH) abokatuarekin eta Oubi Bouchraya Bachir Fronte Polisarioaren Europarako ordezkariarekin. Goiza amaitzeko, espoliazioaren aurka lan egiten duten hainbat erakundek jardunbide egokien erakusketa egingo dute, hala nola BDS Palestina, Western Sahara Resource Watch, Mundubat, Arabako SEADen lagunen elkartea, Saharawis Against the Plunder eta Latinoamerikako Multinazionalen Behatokia.

Informazio gehiagorako eta jardunaldietan parte hartzeko, izena emateko inprimakia bete daiteke https://actuemoscontraelexpolio.org orrian edo streaming bidez jarraitu YouTube, Facebook, Instagram eta Twitter, SAHARA ELKARTEA sareetan.

“Sahara, egin planto espoliazioari” jardunaldiak

Arabako SEADen Lagunen Elkartea