Durangon (Mexiko) munduko zubi eseki garaiena eraiki dute
Baluarte Bicentenario du izena eta 400 metroko amildegia gainditzen du 1.124 metroko errepidearekin. Durangon dago, Mexikon, Espinazo del Diablo mendikatean. Durango hiriburuaren eta Mazatlan portuaren arteko bidaiari 3 ordu eta erdi kendu dizkio azpiegitura erraldoiak.
Altzairuzko 152 tirantek osatzen dute zubia. Baluarte ibaia gainditzen du azpiegiturak, autoak pasako diren lekutik 400 metro behera. 2008 urtean hasi zuten lana eta ostegunean inauguratu zuen Felipe Calderon Mexikoko presidenteak. Sinaloa eta Durango estatuak lotzen ditu.
Begi bistan denez, zubia eraiki den Durango estatuak Bizkaiko herriari egiten dio erreferentzia. Izan ere, Francisco de Ibarra kolonizatzaile eibartarrak (zergatik ez zion Eibar jarri?) fundatu zuen herria. Nueva Vizcaya zuen izena eskualdeak. Gaur egun, Durangoko estatuak 1.632.934 bizilagun ditu eta haren hiriburuak, Victoria de Durangok, 582.267 biztanle.
Ez dauka notizia honekin zerikusirik, baina Mexikorekin eta euskaldunekin bai. Dirudienez, euskaldun jatorriko elementuak narkoaren gerran protagonismoa hartzen ari dira: azken atxilotua Enrique Aurelio Elizondo da, “El Arabe”, 75 lagun hil dituen morroia, eta Ciudad Juarezeko polizia-burua Julian Leyzaola, egurra partitzen latz ari dena. Txapela buruan eta ibili munduan.