Desbirtualizazioaren trantsizioa
Desbirtualizazioaren trantsizioa
Duela egun batzuk, lagun bat etorri zitzaidan bisitan nire egungo bizitokira. Bere lagun batekin etorri zen, “bazen sasoia elkar ezagutzeko” ironiko batez agurtu ninduena. Nire adiskideak nitaz hitz egingo ziolakoan ez nion garrantzirik eman eta beraiekin eseri nintzen kafesnea dastatu artean, halako batean niretzako arrotza zen hark elkar ezagutzen genuela argitu zidan arte.
Zuri geratu nintzen –bai, normalean baino zuriago-, zur eta lur hari begira aurpegiko zantzu bakoitza aztertzen, pistaren bat aurkitu nahian, baina alferrik. Oso despistatua naiz eta ez zen izan horrelako bat gertatzen zitzaidan lehen aldia, baina oraingoan ez nuen gogoratzen elkar ezagutu izana. Orduan dena kontatu zidan, eta oraingoan ezberdina zen, ez zen despiste kontu bat. Urteak ziren elkar Instagramen jarraitzen genuela.
Paisaien argazki ederrak argitaratzen zituela eta jarraitzen nion sare sozial horretan, ez nekien nola zuen izena, ezta nolakoa zen ere bere profilean informazio hori guztia eskuragarri banuen ere. Hasieran apur bat deseroso sentitu nintzen, arduraturik, baina errekonozitu beharra nuen, ala? Bere izenarekin oroitu beharra neukan? Lagunak gara? Ezagunak? Ziber ezagunak?
Gai horri heldu genion orduan. Berak ere antzeko esperientziak bizi izan zituela aipatu zidan. Duela gutxi, metroan zihoala, Instagramen jarraitzen zuen batekin egin omen zuen topo, eta bere bizitzako kontraesanik handiena sentitu omen zuen: agurtu nahi zuen baina ez, horrek elkarrizketa bat izatea suposatu zezakeelako”.
Harrigarria iruditu zitzaidan, baina nik ere zalantzak izaten ditut halakoetan. Errekonozituko ote nauten ala ez izaten da nire kasuan zalantzarik handiena, harengana hurbildu eta ezagutu ezean gaizki geratuko naizelakoan edo. Beraz, Twitter edota Instagram bidez jarraitu edota are gehiago, hitz egiten dudan norbait errekonozitzen dudanean urduri jartzen naiz. “Hurbilduko naiz? Ez? Errekonozituko nau? Baina hurbildu beharra al daukat? Ez gara ezagutzen! Edo bai?”
Mota horretako barne bakarrizketak izan ostean, desbirtualizazio prozesuaz hausnartu ohi dut: zein litzateke prozedurarik egokiena? Nolakoa izan beharko luke desbirtualizazio trantsizioak?
Nik neuk sare sozialen bidez ezagutu dudan oro agurtuko nuke, baita horietako batzuekin kafesne bat hartu ere! Baina ez al da apur bat bortitza? Ez al da kontraesankorra izatez isolatzen gaituzten plataformen bidez jende berria ezagutzea? Sare sozialen bidez norbaiten bizitzaren berri jakin arren, nolako konfiantza mailarekin hurbildu berarengana? Ezagutuko bagenu bezala? Ezezaguna balitz bezala? Eta espero zenuen bezalakoa ez bada?
Ez dakit zer deritzozuen, baina uste dut eztabaida luzea bezain interesgarrirako karnata dela. Zuen ustez, zein litzateke protokoloa –behar baldin bada-?