Deabruaren zubia
Deabruaren zubia
Han eta hemengo elezaharrek arroilaz bestaldekoak lotu ezinaren berri ematen digute, nola saiatu egin ziren behin eta berriz bi aldeak lotuko zituen zubia egiten, nola eman zuten amore behin eta berriz azpiegitura horren behar larria zutenek. Azkenik, ezina ekinez egina, baina deabrua tarteko beti. Zubia nahi izanez gero, gaizkilearekin ituna egin beste aukerarik ez zuten, alegia. Eta deabruak saria nahi zuen, jakina: demagun, zubia zeharkatzen lehenaren arima. Bat etorri denak, deabruak egunsentirako zubia prest eta saria jasotzea baino ez zen falta. Orduan, kristau azpijaleek txakurra pasarazten zuten zubitik, eta huraxe zen deabruak eramango zuen arima, txakurraren arima. Eta zubia egina.
Deabruari ziria sartu, bere inozokeriaren kontu.
Aldaerak ugariak dira munduan zehar. Deabrua ez da beti engainatua, ez egilea. Urrun jo gabe, Zuberoan Laminaren zubia dugu, edo Lugiko zubia, eta hango kondairan lamiak dira engainuaren biktima. Bestetan, zubiaren ordez eliza izan liteke eraikina, edo uzta ona: lurretik gorakoak nekazariarentzat eta lurretik beherakoak galtzagorriarentzat, kasu. Baina ohikoena, zabalduena, deabruaren zubia da, inondik ere.
Baina, zergatik tema hau zubiekin eta deabruarekin?
Mendiko bide zaharretik ibiltzea gustuko duen batek, nik neuk, bada, etnografiaren tentaldia izan dezake zubi horietako batetik pasatzean, eta deabruak oparitutako ausardiaz erantzuten saiatu ere saiatu daiteke bideko sasien artean, ziur aski sasikoa izango baita bere hausnarketa. Halaxe hartu nirea, bada.
Naturaren trabak menpean hartzeak damua sortzen bide zien gure arbasoei, traba horiek Jainkoak jarritakoak baitziren eta Jainkoaren asmoaz beste egitea baitzen gizakien tema hura. Jainko kristaua, Natura bera edo edozein Beldur izatea gutxienekoa da. Gizakia beldur da, ez da nagusi, eta urrun dauka geroko antropozentrismoa: deabruaren zubiaz bestaldean baino ez dauka, eta kontua hamar bat metroan errenditu badaiteke ere, tarte luzea da oraindik zubia bukatu arte.
Gizakiak hamaika saiakera egin ditu zubia egiteko, eta hamaika dira urek eramandako zubiak, hamaika dira ezbeharrak zubia egiteagatik, eta hamaika dira ezbeharrak zubirik ez egoteagatik.
Azkenik eta behingoz zubia eginda, zuhurtziaz, hobe zuten lan arrakastatsu eta madarikatua deabruari egoztea, Natura menpean hartzea gizakiaren harrokeria ez ote zen, Jainkoari egindako iseka. Horregatik, badaezpada ere, deabruarekin ituna egitea kristau onarentzat zilegi ez zenez, deabruari ziria sartu beharra zegoen. Horrela saldu eta horrela Jainkoak onartuko zuen ustea; errukiko ahal zen behingoz eta zubia ametitu. Eta halaxe izan bide zen.
Egonarria dauka deabruak, ordea. Mendeak igaro ziren eta porlana eskaini zien gizakiei, harria zulatzeko makinak, basoak soiltzeko grina… Orain deabruak nonahi egiten ditu zubiak, errekak lehortu badira ere, eta gu gara engainatuak eta arima galduak.
Ondo legoke arbasoen zuhurtzia berreskuratzea, lurra zulatzen dugun bakoitzean deabruarekin ari baikara jokoan. Zubi berriak egitea beharrezkoa baita, baina deabruaren partea ahaztu gabe.
Ederra istoria!