«CD&Vren eta N-Varen 'ezezko' sotila»
Ekaineko bozen ondotik, Belgikako koroak gobernua osatzeko hiru ordezkari izendatu ditu eta hirurek huts egin dute. Azkena, Johan Vande Lanotte sozialista flandestarra izan da. Bi hilabete negoziatzen igaro ostean, astelehenean oinarrizko akordio proposamen bat aurkeztu zuen. Iturri batzuen arabera, funtsean zera proposatzen zuen: Senatua Flandes, Walonia eta Bruselako ordezkarien topagune bilakatzea; osasun, justizia eta zirkulazio arloko eskumenak areagotzea; Brusela-Halle-Vilvoorde eskualdea zatitzea (flandestarren aspaldiko eskaria); eta barne-zergen bidez eskuratutako diru-sarreren % 26 lurraldeen esku geratzea. Zazpi alderdi flandestar eta waloniarretatik bostek hizketan jarraitzeari baiezkoa eman diote (alde banatako sozialistek, kontserbadoreek eta berdeek, gehi N-VAk); Flandesko Alderdi Kontserbadoreak (CD&V, nazionalista kontserbadorea) eta N-VAk aurretik arlo batzuk onartzeko baldintza jarri dute. Dena den, hainbatek interpretatu dute azken bi alderdi horiek funtsean ezezkoa ematen ari zirela. Hala, Vande Lanottek dimititzea erabaki zuen ostegunean.
«Vande Lanotteren memorandumaz ari direnean, “Oso-oso flandestarren aldekoa” dela entzuten da frantses hiztun askoren artetik. Urrunegi joan dela iruditzen zaie eta beren ikuspegitik ulergarria da. Baina guztiz kontrakoa entzuten da CD&Vko eta N-VAko jarraitzaileen artean: “Ez da behar bezain Flandesen aldekoa […]. CD&V hortzak erakusten ari da; N-VA, berriz, bere iritziak beste alderdiei erakusten, negoziazioekin jarraitzeko aukerarik dagoen ikusteko. Hori ere ulergarria da, flandestarren ikuspegitik». Horrela laburtu du egungo zatiketa Carl Devos adituak. Iraganean ere askotan izan dira sistema politiko instituzionalari buruzko eztabaidak waloniarren eta flandestarren artean, baina gaur egun ez bezala, estatu arrazoia nagusitu dela nabarmendu du. «Belgika zaharrean, jende guztiak uste zuenean dokumentu bat beste aldearen aldekoa zela, orekatutzat jotzen zen eta, ondorioz, akordio onargarri baterako oinarri baliogarritzat […]. Baina badirudi garai hori amaitu dela […] zalantzaezina da bi nazioz osatutako estatuan espirituak zatitzen ari direla».
Vande Lanotteren proposamena duela hiru urte iritsi balitz, denek ospatuko zutela uste du Carl Devosek. Gaur egun, ordea, testuingurua oso ezberdina da. «Duela sei hilabete, boto-emaile flandestarrek astinaldi txiki bat eragin zuten, komunitateen arteko gaiei beste alderdiek ez bezala helduko ziela agindu zuen alderdi bat aukeratuta […]. N-VA Flandesko alderdi nagusia izango da, Belgika osokoa, baina ez da jokabide tradizionala onartzen duen alderdi tradizionala; hau da, gobernatzerakoan Belgikaren estatu arrazoiari ez dio lehentasuna ematen». Jarrera hori kontrakoa bezain zilegitzat jo du adituak: «Horrek ez du alderdi arduragabe, populista eta anti-sistema bihurtzen, eta ezin da esan N-VAk pazientziarik eduki ez duenik edo jarrera konstruktiboa izan ez duenik ere». Gainera, N-VAk badaki denborak bere aurka jokatzen duela, irtenbide alternatiboek ahulduta utz baitezakete. Eta alternatibak ondokoak dira: ahalmen mugatua izango duen jarduneko gobernu bat osatzea, alderdi edo buruzagi negoziatzaileak aldatzea edota berriz ere hauteskundeak deitzea.
Devosen ustez, N-VAk [2001ean Volksunie alderdi abertzalearen zatiketatik sortutako hiru adarretako bat] arazo bat du: ez duela sendotzeko nahikoa denbora izan. Izan ere, 2003ko bozetan eserleku bakarra izatetik, denbora laburrean, zazpi urte geroago, gehiengoa izatera pasatu da. Bestetik, CD&Vko buruzagitza zatituta dago. «Belgikar estatu arrazoiak jada ez ditu alderdiaren helburuak geldiarazten eta atzo [asteazkenean] CD&Vk atzaparrak erakutsi zituen. Konturatu da Belgikan zuen boterea berreskuratzea oso zaila izango dela eta etorkizuna Flandesen dagoela sinetsita dago».
Vande Lanotteren proposamenean negoziatzeko tarte handirik ez zuen ikusten Carl Devosek eta egoera horretan azken negoziazioei heltzea «kamikazeen misioa» iruditzen zitzaion.
Hala ere, Wetstraatek [Belgikako Gobernuaren egoitza kokatuta dagoen kalea] ezin du gehiago itxaron, bere iritziz; aukeraren bat egin beharra dago. «Agian kasualitatea izango da, baina gaurtik aurrera seguru gehiagotan entzungo dugula Belgikako banku handia kinka larrian dagoela eta bankua erreskatatzeko ezinbestekoa dela gobernu bat martxan izatea». Ez nolanahiko gobernua, ordea. «Gogorik gabeko, konfiantza gabeko, helbururik eta perspektibarik gabeko gobernu bat izanez gero zer? Belgika hautsita egongo da».
Flanders Today aldizkariak egindako ingelesezko itzulpenetik hartua, eta hemen jatorrizkoa, flandeseraz (De Morgen).