Britainia Handiko Grooming taldeen fenomenoaz
Britainia Handiko Grooming taldeen fenomenoaz –
Charlie Peters kazetaria da.

Britainia Handiko grooming taldeen eskandalua arreta erakartzen ari da. Lehen ere gertatu izan da, baina orain ezberdina dirudi. Kazetaritzan eman dudan zatirik handiena gai horren berri ematen pasa dut, Britainia Handiko historia modernoko ankerkeriarik izugarriena delako. X-eko hari honetan kontatuko dizuet arazoaz dakidana, aurkitu dudana eta oraindik jakiteko dagoena…
Noiz hasi zen?
Umeak kalean aurkitu, erakarri eta sexualki jazartzen dituzten gizon taldeei buruzko informazioak 1970eko urteetatik datoz. Baina gaiak oihartzuna lortu zuen lehen aldia Ann Cryer diputatu laboristak kezka adierazi zuenean izan zen, “gizon asiarrek” eskola atarietan neska gazteak erasotzen zituztelako.

2003. urtea zen. Alderdiko askok arrazakeria leporatu zioten eta izu-alarma ezarri zen. Cryer-en izen ona laidotu zuten, nagusiki pakistandarrak diren gizonezkoek egindako tratu txar ikaragarriak jasaten dituzten neskei laguntzen saiatzeagatik. Horrela tratatua izan zen lehen pertsona izan zen, baina ez azkena, inondik ere.
Urtebete geroago, 2004an, ‘Edge of the City‘ ekoitzi zen, Channel 4en dokumentala, Bradford-eko gizarte langileei buruz. Emisioa baino ordu batzuk lehenago kendu zuten programaziotik. Faxismoaren Aurkako Batasunak, The 1990 Trust eta Arrazakeriaren Aurkako Biltzar Nazionalak, baita Yorkshire Mendebaldeko Polizia Buruak ere, Channel 4 hertsatu egin omen zuten, dokumentalaren emisioa geldiarazteko.
Tokiko hauteskundeak zetozen eta, dokumentalak grooming-kuadrillak erakusten zituen lehen aldiz. Hego Asiako gizonak, neska zuri nerabeez abusatzen. Kezkatuta zeuden BNPk, abusatzaile kuadrillen inguruan zarata handia egiten ari zen alderdiak, handik etekina aterako ote zuen. Beraz, programa bertan behera utzi zen. Halaxe ba, taldean bortxatuak diren 11 urte inguruko neskatoei buruz eztabaidatzeko beste aukera bat galdu zen.
Iparraldean ziharduen kazetaria izan zen istorioaz arduratzen hurrengoa. The Times-eko Andrew Norfolk-ek Ann Cryerren berri eman zuen, baina ez zuen istorioarekin jarraitu nahi izan, onartu zuenez, “ez nuen nahi istorioa egia izatea, oso deseroso jartzen ninduelako”.

“Gutxiengo etniko bateko gizonak ume zurien aurkako sexu-gehiegikeriak egiten ari direla iradokitzea beti izango da eskuin muturraren fantasia-istorioa, egia bihurtua”. “Berehala neure senetik halako larritasun liberal bat pizten zitzaidan”. 2010ean, ordea, Norfolken zerbait gertatu zen eta, iruditu zitzaion ja ezin zuela ez ikusiarena egin.
2010ean, Manchesterreko grooming talde bati buruzko irrati-erreportaje bat entzun zuen. Artxiboetan begira hasi zen. Jokamolde berdin bat errepikatzen zela konturatu zen.
1997az geroztik, 17 kasu izan ziren 13 udalerritan, non gizon talde bat kalean neska baten atzetik ibili eta erakarri nahian ibili zen. 56 zigortuetatik 3 zuriak ziren, 53 asiarrak. Horietatik, 50ek musulman izenak zituzten, gehienak pakistandarrak. Agintariengana joan zenean, ordea, ez zioten ezer esan nahi izan. Barnardo’s haurrentzako ongintza elkarteak harekin ez hitz egiteko egindu zien bere langileei.
Garai hartan, bazirudien arazo honi buruz hitz egiten zuten pertsona nabarmen bakarrak eskuineko politikari eta militanteak zirela, Tommy Robinson-en EDL bezalakoak.
Groomer-en estrategia ohikoa izaten da beren burua lagun edo mutil-lagun moduan aurkeztea. Horregatik deitzen diegu groomer kuadrillak. Ondoren, beraien lagunartera erakartzen dituzte neskak, opariekin eta arretarekin. Drogak eta alkohola eskaini. Eta gero sexu-abusuak egin. Mehatxuak erabiltzen dituzte nesken edo beraien familiaren aurka, menpean edukitzeko. Ondoren, kuadrilla osoari pasatzen diote neska, bortxatzeko.
Albistea zartarazi zuena Rotherham izan zen, gainbeheran dagoen altzairu-lantegi bat eta Erdi Aroko kapera ederra dauzkan hiri txikia. Han ezagutu zuen Andrew Norfolk-ek Jayne Senior, Risky Business-eko zuzendaria, esplotazio arriskuan dauden haurrekin lan egiten duen gazteentzako proiektua. Bere lanean, abusuen biktima izandako gero eta neska gehiago zeuzkan. Norfolk-i biktimak eta beren senideak aurkeztu zizkion.

Hala ere, kazetariak eta salatzaileak ez zuten igartzen eskandaluaren tamaina norainokoa izango zen. Herrian izandako abusuei buruzko informazioak hamarkada batzuk lehenagotik zetozen.
Norfolki biktimek abusu izugarrien berri eman zioten: tortura eta sexu gehiegikeria lazgarrienak. Eta, baita ere, nola agintariek huts egin zieten: Rotherham-go udalak eta Yorkshire Hegoaldeko Poliziak.
Istorioek jendartean sumina eragin zuten.
Gobernuak esku hartu zuen eta, Alexis Jay gizarte langileari ikerketa bat egitea agindu zion. Jay ohartu zen ez zela neska gutxi batzuen kontua. Haren kalkuluen arabera, 1997 eta 2013 artean, 1.400 ume izan ziren sexu-abusuen biktima. Hori estimazio kontserbadorea zen. Ia biktima guztiak zuriak ziren, erasotzaile gehienak pakistandarrak. Eta hori, hiriko biztanleen %5 besterik ez zirela. Txostenaren epaia hain izan zen gogorra, Rotherham-go Udala 2015ean ikertua izan zen.
Louise Caseyk agerian jarri zuen agintariek biktimei huts egin zietela eta udalak abusuak estali zituela. Zuzentasun politikoaren erruz. Baina zerbait zitalagoa ere bazegoen.
Pakistandar-britainiar zinegotziek ezohiko boterea zeukaten udalerrian, eta kezkak isilarazteko baliatu ziren botere hartaz. Beren ezinegonak azaltzen saiatu ziren pertsonei ahoa estaltzen zieten, arrazakeria salaketa faltsuekin. Zinegotzi batzuek lana utzi bazuten ere, ez zuten inor kaleratu.
Errudun guztiek pentsioa mantendu zuten. Batzuek beste udaletan lana lortu zuten. Jakinaren gainean egon arren ez ikusiarena egin zuten gizon batzuk, AZKENEAN, Alderdi Laboristak hautagaitzetatik kanporatu zituen 2023an, GB News-en erreportai batzuen ondoren.
Galdera serioak zeuden, nola utzi ote zuten arazoa hainbeste denboran luzatzen. Badago adibide bat, oroimenean betirako iltzatua gelditu zaidana.
2000ko martxoan, haur-bortxatzaile baten eta poliziaren artean akordio bat egon zen. Abusatzaile batek neska abusatua poliziaren eskuetan utzi zuen. Horren truke, gizona libre gelditu zen.
Jahanghir Akhtar, gerora udalbatzako buruorde izango zenari, akordioan bitartekari izatea leporatu zioten, hark ukatu bazuen ere. Erasotzailea haren lehengusua zen, Arshid Hussain, gangster ezaguna.
Zuzenbide-estatuaren gainetik ahaide-harreman zabalak hobesten dituen atzerriko sistema bat, Yorkshire Hegoaldean istiluak sortzen?
Hassan Ali, isilpeko akordioa antolatzen lagundu omen zuen polizia, akusatua eta ikerketapean zegoela jakinarazi zioten egun berean, auto batek harrapatuta hil zen. Hura hiltzean, ez zen ikerketa gehiagorik egin.
Barne Ministerioaren txosten bat ere egon zen. 2000. urtean, tokiko abokatu batek Risky Business-ekin lan egin zuen. Abusuen nondik norakoak aztertzean, haietako asko Arshid Hussain gangsterrarekin eta bere anaiekin lotuta zeudela ikusi zuen. Txostena aurkeztu zuenean, ordea, “ez zuela balio” esan zioten.
Eta harekin lan egin zuen biktima bat poliziara joan zenean, bere abusatzaileak SMS mezu bat bidali zion: bere anaia zeukala. Biktimak salaketa kendu zuen. Baina, nork abisatu ote zion abusatzaileari Polizia-etxetik, biktima han zegoela?
Abokatuak horregatik kexa adierazi zuenean, esan zioten ez zitzala inoiz ere berriz “asiar” gizonak aipatu. Bi eguneko berdintasun eta aniztasun ikastaro batera joatea agindu zioten. Ondo irakurri duzu. Neskei erasotzen dieten gutxiengo etniko bateko bortxatzaileen inguruan kezkak adierazten badituzu, trebatze ideologikoko ikastaro batera bidaliko zaituzte.
Gero, Risky Business-en bulegoetan indarrez sartu ziren. Antza, ez zuten aterik bortxatu. Artxibategia bortxatu zutenik ere ez zuen ematen, baina artxiboak desagertu egin ziren. Gainera, pasahitzaz babestua zegoen ordenagailuan sartu eta dokumentuak ezabatu zituzten. Inoiz egin ez ziren bileren aktak sortu zituzten. Nor ote zegoen lapurretaren atzean? Ez zuten inor atxilotu. Inoiz ez da ezer argitu.
Hala ere, grooming taldeen eskandaluan beldurgarriena zen Rotherham ez zela herri bakarra. Rochdale ere bazegoen. Asiako gizon talde batek neskak abusatu zituen. «Leku berezi batera» eraman eta alkohola galanki ematen zieten. Gero, gizonek elkarri pasatzen zizkioten neskak, pilota baten antzera. Neskak zeuden eraikineko atean, zerrenda bat omen zegoen izenekin. Bortxatzaile bat hara zihoan bakoitzean, bere izenaren ondoan marka bat egiten omen zen, hilabete bukaeran bortxaketa bakoitzarengatik ordain zezan. Pederasten zintzotasun-kutxa bat bezalakoa zen. Rochdaleko huts egiteak hain izan ziren larriak, Maggie Oliver salatzailearen ausardia behar izan baitzen herriko eskandalua agerian uzteko.

Eta gero Telford zegoen. Hango Udal Laborista ikerketari oztopoak jartzen saiatu zen. Hamar gizonek gutun bat idatzi zioten Barne Ministroari, esanez ez zela beharrezkoa. Batzuek zioten ikerketa-kazetariek argitara emandako erreportaiak “sentsazionalistak” zirela, baita Rotherhamen eta Rochdaleko kasuak azaleratu ondoren ere. Crowther txostena idatzi zenean, ordea, gutxienez 1.000 biktima zeudela jakin zen.
Biktima gehienak zuriak ziren, erasotzaile gehienak pakistandarrak. Herritarren %4,7 baino ez da asiarra. Jokamolde berbera, arraza berekoak jomugatzat dituena, behin eta berriro.
Rotherham, Rochdale eta Telford herri eta hiri gutxi batzuk baino ez dira, erasotzaile-talde hauek jasan dituztenen artean. Britainia Handi osotik informazio sinesgarri eta prozesu judizial arrakastatsuak bildu ditut, Bristol eta Oxfordetik Glasgowraino. Herri horietako izugarrikeria bakoitzak bere erreportaia mereziko luke, bere analisi eta bere erantzun bidezkoarekin.
Erasotzaileek herri batetik bestera trafikatzen zuten neska askorekin. Gurasoak esku hartzen saiatzen zirenean, beraiek atxilotuko zituztela mehatxatzen zieten. Ezagutu izan ditut etsi-etsian Poliziari laguntza eskatu ondoren zigortuak izan diren gurasoak, beraien alabak, neskatoak, bortxatzaile taldeen jomugan zeudelako kezkatuta zeudenak.
Grooming taldeen istorioa arantza bat da Britainia Handi Kultura Anitzekoaren bihotzean sartuta. Hamarkadetan zehar, britainiar-pakistandar gizon taldeek neskato zuri adingabeak erasotu eta bortxatu dituzte. Eta agintariek ez dute ezer egin, arraza-tentsioen kutxa astindu nahi izan ez dutelako. Literalki, komunitate-kohesioa lehenetsi dute, emakumeen eta nesken ongizate eta segurtasunaren gainetik.
Kasu askotan, erasoak bortxaketaz landa zihoazen, sadismora iritsiz. Testigantzak irakurtzea, epaiketetara joatea, bizirik atera zirenekin hitz egitea… batzuetan, benetan lazgarria da. Ez segi hau irakurtzen zailegia egiten bazaizu.
Talde-bortxaketak, uzkia zabaltzeko aire-bonbak, jipoiak, neskak bortxatzaileen inizialekin “markatzea”. Hautsitako botilak sartzen zizkieten. Neskak gasolinaz bustitzen zituzten. Labankadak. Golpeak. Exekuzio faltsuak. Benetako exekuzioak. Deprabazio hutsa eta erabatekoa.
Sarritan, neskei «puta zuria» deitzen zieten. Ziurrasko, horiek izan dira egungo Britainia Handiko arraza-gorrotozko krimenik larrienak. Ez dute inon parekorik. Agintariek, baina, ez dute horrela ikusi nahi. Eta herrialdean zeri buruz bai eta zeri buruz ez eztabaidatu behar den erabakitzen dutenek ere ez dute horrela ikusi nahi. Hala ere, frogek hala erakusten dute.
Estatuak ahalegin handia egin du ez onartzeko. Urteetako presioaren ondoren, Barne Ministerioak grooming taldeen gainean txosten bat agindu behar izan zuen. Hasieran, funtzionarioak gurpila zulatzen saiatu ziren. Eta horrek funtzionatu ez zienean, matxuratu egin zuten. Euren datu-base propioa erabili beharrean, ikerketa trakets gutxi batzuetan oinarritu ziren.
Titularra besterik ez zuten nahi: Erasotzaile ohikoenak gizonezko zuriak dira. Horrela, arraza-gatazkarik ez dagoela ondoriozta zezaketen. Zuriak, baina, une hartan biztanleriaren %85 ziren, gutxienez. Txostenak, aldiz, erakutsi zuen zuriak erasotzaileen %30 baino gutxiago zirela. Asiarrek, bereziki pakistandar-britainiarrek, ordezkaritza handiegia zuten. Konponketa bat izan zen, petatxu bat, amarru bat.

Duela gutxi, ikerketa batek erakutsi du pakistandarrak nagusi direla grooming taldeen estatistiketan. Akusazioen kopurua biztanleria osoarekin alderatuz gero, Ingalaterran eta Galesen, 16 urtetik gorako 2.200 gizon musulmanetik 1 delitu horregatik auzipetua izan zen, 1997tik 2017ra. Pakistandarrei dagokienez, 1.700etik 1 izan zen. Rochdalen, 16 urtetik gorako 280 musulmanetik 1 auzipetu zuten. Telforden, 126tik 1 izan zen. Rotherhamen, 73tik 1. HIRUROGEITA HAMAHIRUTIK BAT.
Zu horretaz ohartzea nahi ez duten indar ilun berberak gogor mugitu dira Andrew Norfolken aurka. Arrazista eta islamofoboa izatea leporatu diote. Ezker muturreko eta islamiar taldeen aliantza gaizto batek jazartu du. Sinplea da. Gezurra behin eta berriz errepikatuko dute. Eta ados ez dagoen oro berdin tratatuko dute.
Gauza bera egin zioten Sarah Champion-i; arazo latz honen aurka hitz egin zuenean, Ezkerrak eraso egin zion Rotherham-go parlamentari laboristari. Jack Straw-i ere arrazakeria leporatu zioten, Andrew Norfolken erreportaia aipatzeagatik.
Denbora batez, jendea isilarazteko jazartze kanpaina honek funtzionatu zuen. Kasuak iristen ziren baina, ez zegoen jarraipenik, ez zegoen inor puntuak batuko zituenik.
Tommy Robinson izan zen kasik ahots bakarra, baina stablishment-ak ez zion jaramonik egin, sortuko zen polemikaren beldur. Inork ez du arrakastarik izan gai hau publiko zabalean sartzen saiatzean.
2021eko neguan proiektu bat hasi nuen. Grooming kuadrillen eskandaluak beti asaldatu izan nau. Baina arrastoa hoztuta zegoela zirudien. Eta inork ez zuen lortu prentsa erakartzea. Orduan, Dampier Guy lagunak eta biok ehundaka libera batzuk batu genituen, lanean oporrak eskatu eta Rotherhamera joan ginen filmatzera.
Material ikaragarria, elkarrizketa esklusiboak eta ikuspegi handia lortu genituen, bi afizionatu ginen arren. Proiektua ia mundu guztiak baztertu zigun. Eskuineko hedabideek ere ez zuten nirekin lan egin nahi. Are gutxiago kate handiek. GB Newsek, baina, potentziala ikusi zigun. Colin Brazier-ek bere programan jarri ninduen neure proiektuaz hitz egiten, eta handik gutxira kanalak dokumental bat egitea enkargatu zidan. Bazen garaia, “Britainia Handiaren Lotsa” agerian uzteko.
Urtebeteko ikerketak sakonki hunkitu ninduen. Ez bakarrik abusuen tamainarengatik edo estaltzeko moduarengatik, baizik eta oraindik ere gertatzen ari zelako. Hainbeste urteren ondoren, biktimek zioten abusuak ez zirela amaitu. Zenbait kasutan, okerrera egiten ari zirela.
Kasu askotan, bortxatzaileak kartzelatik atera ziren, urte batzuk barruan igaro ondoren. Imajinatu: zure bortxatzailea zure kale berberetatik ibiltzen ikustea. Eta haietako batzuk antolatuta zeuden. Leku batzuetan atzetik segika eduki nituen. Kalean etsai giroa sumatzen zen.
Inoiz ez ditut ahaztuko nire lehen ikerketa eta filmazio egunak Telford, Rochdale eta Glodwick-eko zenbait lekutan, Oldham inguruetan. Arras ingurune etsaia zen. Nire lantalde txikia nonahi nabarmentzen zen. Ez ginen ongi etorriak. Askotan leku batzuetatik lehen bailehen alde egiten genuen, behar genuena lasterka eta korrika filmatu ondoren. Geure galderak eta gu geu EZ ginen ongi etorriak.
Azkenean, ‘Grooming Gangs: Britain’s Shame’ eman genuenean, lasaitu egin nintzen. Proiektu handia izan zen. Eta, handik gutxira, Suella Braverman orduko Barne Ministroak Grooming taldeei aurre egiteko lantalde berri bat iragarri zuen, dokumentalean gure eskakizun politiko nagusia zena. Urtebetean ehunka atxiloketa egin ziren.
Hala ere, borroka oraindik ez zen amaitua. Banekien askoz biktima gehiago zeudela, haien istorioak kontatu behar zirela. Banekien bortxatzaile gehiegi aske zebilela gure kaleetan. Eta banekien ezker muturra eta islamistak nire bila etorriko zirela, noski. Batez ere arrazista izatea leporatu didate, kezka berak adierazi dituzten gainontzeko guztiei bezala.
Baina eraso mota horrek ez du nirekin funtzionatzen. Nire salaketei erantzuteko arrazista deitu nahi didan edonork zenbaki bat har dezake, ilaran jarri eta nire ipurdian musu eman. Berdin zait. Etxeko lanak eginak ditut. Zuen kalumniak alferrik dira.
Dokumentala estreinatu zenetik, nazio mailako eskandalu honetatik bizirik atera direnen kausa defendatzen jarraitu dut. Beste zenbait plataformetan ere erreportaje ausartak izan dira, baina publiko zabaleko ahots eta iritzilari nabarmenek arazoaren egia baztertzen jarraitzen dute. Agian Andrew Norfolk, Champion eta beste batzuek jasandako jazarpenen beldur dira.
Bestalde, horren ondorioz, istorio ASKO gelditu zaizkit haietaz berri emateko.
GB News-en bitartez, agerian utzi ditut abusuen berri izan arren ezer egin ez zuten zinegotziak. Nire erreportai baten ondorioz, parlamenturako hautagai bat hautagaitzatik kanporatua izan zen. Argitaratu dugu pakistandar erasotzaile taldeen inguruko salaketak isilarazi zituen zinegotzi ohi bat, gero, Osasun Sistema Nazionalean lan egiten hasi zela, ANIZTASUN ETA INKLUSIO sailean. Eta poliziaren porrot gehiago agerian utzi ditut, kasu zahar eta berrietan.
Askoz gehiago dago egiteko. Badakit oraindik ere badirela, polizian eta udaletan, justiziari aurre egin beharko lioketen gizon errudunak.
Esaterako, Rotherham-go poliziaren kontra 265 salaketa jarri dira jokabide okerrengatik, eta 47 agente daude 91 ikerketaren barruan. Horietatik, bostek baino ez dute jaso zigorren bat. Inor ez dute kaleratu. Horietako batzuk, goi mailako ofizialak. Askok erretiroa hartu dute.
Hori da orain nire eginkizuna: bortxaketa masiboetan edo horiek ezkutatzen parte hartu duen inor ez dadila zigorrik gabe geratu.
Engaia zaitez. Jarri harremanetan. Egon erne.
Immigrazio masiboa ona dela ezin da zalantzan jarri, komunikabide, enpresa erraldoi eta eliteen partetik
Berdin dio horren ondorioz emakumeek edo umeek jazarpena sufritzen duten.
Oso larria da. Eta hipokresia agerian uzten du.
Izugarria!
Hain da harrigarria nun, egia erran, horretaz dudatzen dudan oraindik.
Egia balitz, harrigarriena enetzat litzateke nola garai batean hain konkistatzailea izan zen, eta azken mundu gerlan nazien kontra hain adoretsu izan zen populu baten politikariek onartu ahal izan duten azkenean bere neska eta emakume talde handi baten martirioa, hura gortdetzeraino, eta hori ustezko arrazizmoaren kontrako ideologia perbertitu batengatik.
Beñat, ohartu izanen haiz “neska eta emakume talde handi” hori zein jatorritakoa den. Batez ere Ingalaterra iparraldeko herri pobreetako neska gazte, jatorri sozio-ekonomiko apal-apalekoak, familia deseginetan hazitakoak, gizarte-zerbitzuen eskuetan zeudenak… Ez pentsa, groomer taldeek bazakitek helburuak hautatzen.
Artikuluaren egileak behin berriz esaten dik biktimak “zuriak” zirela. Baina, ez ahaztu, pobreak ere bai.
Izugarria da horrelako gertaerak ezkutatzea, talde etniko batenganako jazarpen arrazista ez piztearren, noski.
Kontua da, zein da arazoa, gertaera ala nork egin duen? Zer ondorio dauka gaizkileak talde etniko batekoak izateak? Zergatik hartzen da kontuan datu hori? Pakistandar guztiak dira mafia horien parte? Ingalaterran dauden pakistandarren artean, zenbatek egiten dut grooming-a? Pakistandarrek bakarrik bortxatzen dituzte haurrak taldean?
Zergatik nabarmentzen da gaizkileen jatorria?
Polizia, politikariak, bortxatzaileak… barne hartzen dituen trama hori guztia desegin behar da, eta denak zigortu. Kitto.
Beste guztia benetako arazoaren gainean zarata egitea besterik ez da.
Erran nahi duk polikari eta gizarte zerbitzuetako funtzionarien ideologia islamo ezkertiar eta politikoki zuzenaz gain, bazela biktimen klase sozialaren alderako burgesiaren edo elitearen mespretxu edo desinteres klasikoa?
Sinplekiago erraiteko, biktimak abandonatuak izan zirela txiroak zirelako..
Alta ignominia horren garai luzean Laboureko gobernuak ere izan ziren? ez ote?
“Zergatik nabarmentzen da gaizkileen jatorria?”
Gaizkileen jatorria faktorea izan da, fenomenoa estaltzeko eta larritasuna ukatzeko. Gaizkileek beren “komunitate” berekoak diren politikari eta polizien laguntza eduki dute, beraien jatorriarengatik. Gaizkileek biktimak jatorriaren arabera aukeratu dituzte: etnia, eta baita klase soziala ere, ez dute neska burgesik ukituko.
Dirudienez, hemen den-dena doa norberaren familia nongoa den edo zein erlijiotakoa den. Politikan ere “komunitateen” ordezkari, inork hautatu ez dituen batzuek ere zeresana eduki ohi dute, bereziki mundu angloan.
Dirudienez, Britainia Handian istorioa lehertu egin da eta orain ez dago zaborra alfonbra azpian gordetzeko modurik.
Esan nahi duzu gaizkileen talde jokabideak delitua larriagotu egiten duela? Orduan, nazien zuri-mendebaldar izaera nabarmendu beharko litzateke, beraien basakeriaz hitz egiteko?
Berriz galdetzen dut, beraien jatorriak delitua larriago bihurtzen du? Arinago?
Hemen larria gertaera da, zer egin duten eta nola poliziak eta politikariek babestu egin duten. Beraien jatorria aipatzea gertaeraren latzaren gainean zarata egitea besterik ez da, eta horrek gertaerari berari duen lekua lanbrotzen dio.
Alegia, beraien arrazakeriak besteon arrazakeria zuritzen du?
Hemen gabiltza, beraien jatorriaren garrantziaz hizketan…
Eta zergatik ez zituzten pakistan jatorrizko edo musulman diren adingabeak bortxatu? Ah bai,hauek zeruan dauzkate zain,sari gisa bertze basakeriak burutzen dituztenerako edo beraien etxean gorde gorde.
“Esan nahi duzu gaizkileen talde jokabideak delitua larriagotu egiten duela? Orduan, nazien zuri-mendebaldar izaera nabarmendu beharko litzateke, beraien basakeriaz hitz egiteko?”.
Ez, Zirine, esan dut gaizkileen “komunitateko” buruzagien jokabidearengatik eta halaber “komunitate” horrekin gatazkak saiestu nahi izan dituen politikarien eta funtzionarien jokamoldeen ondorioz, krimenak denboran luzatu direla, zerrendari prebarikazioa eta delituen ezkutatzea gehituz. Eta, beharbada, gogoeta asko ekarriko dituela, espero dut.
Beraien komunitate izaerari erreferentzia egin bazaio horrek ahalbidetu duelako trama guztia, ados.
Espero dut horrek ez dezala ahalbidetu pakistandarrak estigmatizatzea.
Zirine, kezkatzen zaituen estigmatatizazioa nolabait jadanik egina da. Herri anitzetan klase herrikoiak eskarmentuz ohartu dira haientzat imigrazio masiboak (ez soilik pakistandarrenak) ekar litzaiekeen arazo existentzialei. Eta errabiatzen dira haien gobernu eta ohiko partiduek ez ikusiarena egiten dietelako, nagusiki arrazoi ideoligiko eta elektoralengatik.
Horregatik, besteak beste, Frantzia bezalako herri batean, nahiz, dakidanez, gai horretako ezkandalu hain handia ez sekula izan, langileek masiboki partidu komunista abandonatu dute FN eta RN besarkatzeko.
Jean Claude Michea filosofo dsidenteak esplikatzen duen bezala, Europan, ezkerreko partiduek langile klaseak sakrifikatu dituzte globalizazio liberalaren aldarearen gainean. eta gu gaixo euskaldunok ez dugu aski pertsonalitaterik gure ideia propioa eratzeko arazo horren gainean;
Galdera bat luzatu nahi nizueke iruzkingileoi: ez al zaizue bereziki umilagarria egiten kanpotik etorririko jendaila batek zure herrian mafia bat sortzea zure herrikideak, zure herriko alabak bahitzeko, bortxatzeko, esklabutzeko edo gupidagabeki erailtzeko asmoz, inpunitate osoz, ez gizarte zibiletik ez eta botere publikotik inolako erantzunik jaso gabe?
Jakina da herri orotan badirela gaizkileak, eta herri bakoitzari dagokiola bere gaizkileria jasatea eta kudeatzea, edo hala beharko lukeela. Eta zure herritar diren gaizkileak jasan behar izatea halabehar kontua liteke, bizitzearen pack honetan datorrena, baina zure herrian, zure auzoan bertan, urrundik etorritako gaizkile-bortxatzaile mafia bat jasan behar izatea, hori beste kontu bat da. Eta hori gutxi balitz, horren aurrean zu babestu behar omen zaituen gizarte eta estatu erakundeak zer eta beste alde batera begiratzen ari direla ikusteak odola irakiten urka-soka prestatzen hasteko edo aizkora zorrozten hasteko gogoa eman beharko lioke edonori. Horixe baita onargarria den jarrera bakarra. Kontrakoa, hau da, otzankeria, zurikeria, zuhurtzia eta etsi ona, barkaezina litzateke horrelako munstrokeri baten aurrean.
Horrelakorik Euskal Herrian gertatzen dela ohartuko bagina, eta biktimen artean Ane, Oihana, June eta horrelako izenak baleude, eta horren aurrean gure erakundeek beste alde batera begiratuko balute, arrazoizkoa litzateke halako izugarrikeria baten aurrean gure lehen kezka “pakistandarrak estigmatizatzea”, arrazismoen gorakada, edo ultraeskuina izatea? Espero dut ezetz. Halako gertaera baten aurrean Euskal Herria ez bada bere alabak zernahi modutan defendatzeko gai, ez badu bere etxekoak kosta hala kosta babesteko sena ateratzen, merezia izango du gerta dakiokeen gaitz oro.
Jada esan dut ez dela onargarria arrazista etiketa saihestearren horrelako eskandaluak ezkutatzea. Kontua “anaitasun” baten ondorioz gertatzeak kolektibo hori aipatzea justifikatzen duela ere onar dezaket.
Benat, diozunean euskaldunok gure ideia propioa eratzea, zeri buruz ari zara? Inmigrazio masiboari mugak jartzeaz? Ez zait oso ideia orijinala iruditzen, egia esan. Inmigrazio masiboari mugak jartzeak esan nahi du inmigrazio ilegala areagotzea, horrek dakartzan ondorio guztiekin: jendea itsasoan itotzea, inmigrazio mafien zabaltzea, etorkinen bizi baldintzak okertzea eta horrek dakarren delinkuentziaren igotzea… Zeren etortzen jarraituko dute, mugarik gotorrenak jarrita ere eta nahiz eta hamaika aldiz kanporatu.
Beharbada Lesbosen antzeko soluzio batean pentsatzen ari da
nmm jendea hemen…
Hara, nik uste dut ideia batzuk argi izan behar ditugula, kontuak eskuetatik gehiegi alde egin ez diezagun. Adibidez, justizia denentzat bera denean soilik dela justizia, zor historiko eta gaur egungo bat daukagula etorkinak datozen herrialdeekiko, gure zilborraz soilik arduratzeak nazioarteko egoerak kontuan hartu gabe munduaren desegonkortasunari eusten diola…
Nekez irudika dezaket Euskal Herrian tamainako izugarrikeria ezkutatzen arrazistatzat seinalatua ez izatearren. Zeren hemen politikarien, polizien, kazetarien konplizitateak ahalbidetu izanaz eta ideologiagatik ezkutatu izanaz ari gara hizketan. Gaur gaurkoz, ez dut uste Euskal Herrian horren arriskupean gaudenik. Bageunde, horren aurka egin beharko genuke.
Arriskua Egurra bezalako jendearengan eta kaleko brigadek ematen ari diren jipoietan ikusten dut nik. Hori gure kaleetan gertatzen ari da eta aurre egin behar zaio.
Ez dakit ba, zor historiko buruz hitz egiten hasi ezkero katea sobera luze ote den
https://es.m.wikipedia.org/wiki/Comercio_berberisco_de_esclavos
Edo nahiko luze, hori norberak jakinen du bere interesen arabera
Ez ote den,alegia
Noski, Pentsalari, “trata de blancas” adierazpidea nondik datorren badakigu. Orain “trata de negras” esan beharko genioke, baina tira.
Kontua da gaur egungo mundu mailako egoeraz ohartzea, inmigrazio norantzak hortik ulertzen baitira. Egungo egoera horren kausak zeintzuk diren eta buelta nola eman diezaiokegun da korapiloaren muina. Horretan zentratu behar genuke, ordaindu ez dezan jende errugabe eta zaurgarrienak.
Zenbait jendek hizkuntza galtzea baino estuasun larriagorik badu.
Oso itsututa egon behar da ez ikusteko Europan jasaten dugun immigrazio masibo eta deskontrolatua eliteek bultzatutakoa dela, eta ez dutela inolako interesik, beraz, horri aurre egiteko. Ondorio txarrenak jasaten dituztenak, noski, ez dira elite horietako kideak, europar pobreak baizik, neska britaniar horiek eta haien familiak bezala.
Ez dira gutxi gizarteko arazo eta miseriak konpondu nahian jo ta ke dihardutenak eta aldiz beren etxea eta etxekoengatik deus ere egiten ez dutenak. Ohikoa da profil patologiko hori iraultzailera jolasten duen nerabe idealista mimatuaren fasea gainditu ez duten ezkerrosoarengan. Axolagabekeri berdinarekin jokatzen dute beren herriaren etorkizunarekin ere, berdin-berdin zaie beraien herria zorigaitzean erortzen bada (dumping laboralak eragindako prekaritatean, segurtasun ezan, ebasketa fiskalean, gizarte kohesio hausturan edo ordezkapen etnikoan), munduko errukarriak salbatzearen simulakroak jarrai dezan. Zeren eta argi gera bedi hau simulakro hutsa dela, eta sakonean europar herri langilearen ebasketa, desjabetza eta ordezkapen etniko prozesu bat dagoela, Kronosen moduan bere boterea elikatzeko europar herritarren baliabideak eta etorkizuna jan eta suntsitzen dituen mendebaldeko elite politiko-ekonomikoek sustatua.
Zentzu oro hankaz goratzen duen kristau eiteko joera hau minbizia da euskaldunontzat. Mirandek ongi adierazi zuen eta denborak arrazoia eman dio. Eta norekin gaude zorretan euskaldunok? Zer erantzukizun historiko dugu XIX. mendeko europar inperialismoari dagokionean, hain zuzen ere, bi Inperioen menpeko izan garenean eta gure asabak Inperio horiengatik (eta horien aurka) trintxeretan hiltzera edo deserrira behartuak izan zirenean? Ez dugu inolako erantzukizun moralik inorekiko, ez behintzat Marokok, Malik, Etiopiak, Mongoliak, Indiak edo Turkiak baino gehiago, horien asabak behintzat inperialistak eta konkistatzaileak izan baitziren, euskaldunak ez bezala.
Zentzuzkoa, naturaren legeari dagokiona, lehenik eta behin norberak bere eta beretarren biziraupena eta segurtasuna bermatzea da, bere senide eta herrikideena barne. Gure eta gure etxekoen etorkizuna mundua konpontzearren sakrifikatu behar dugula diotenak nagusigoa dute plaza publikoan, nahiz eta ez diren herritarren gehiengoa, eliteen bogorailu baitira. Hegemonia honekin amaitu beharra dago ahal bezain pronto.
Ba ez, oraingo kaso honetan ez genioke “trata de negras” esan behar.Grooming taldeen biktimak artean neska zuri aunitz izango direlakoan nago,beltz batzuek haien tarte,azken hamarkadetan Erresuna Batuko gizartea nola aldatu den ikusi eta.Alferrik saituko zara ordea musulman fedeko emakumeak bilatzen,seguro bakar ere ez ez duzula aurkituko
Zirine, aurreko iruzkinetan ez naiz inoiz ere aritu imigrazio masiboaren kontrako neurriez edo ekintzez. Ene asmo bakarra izan zen immigrazioari buruzko gogoeta batean parte hartzea: zergatik gertatzen da da? zer ondorio du bertako komunitateentzat? zer harrera egiten diote klase sozial esberdinek? ergatik eliteek desmasiak iskutatzen dituzten?
Iduritzen zait euskarazko analisiak urri dira europa aldean.
Horregatik idazi nuen:
“eta gu gaixo euskaldunok ez dugu aski pertsonalitaterik gure ideia propioa eratzeko arazo horren gainean”.
“Gu” kolektibo horretan zu ere sartzen zintudan Zirine.
Ene aldetik eskertuko nizuke hobeki esplikatuko bazinu azken esaldi hau:
“Zenbait jendek hizkuntza galtzea baino estuasun larriagorik badu”
adeitasunez
Bai, Benat. Esaldi horrekin esan nahi dut hizkuntza galtzea baino larriagoa dela zure familiako aurrezki guztiak etorkizun hobeago baten esperantzan xahutzea, itsasoak, arantzadun hesiak, mafiak, poliziak eta bestelako kalamidadeak gainditzea, iritsi zaren lekuan kalea gorrian bizi behar izatea… Hori guztia milaka jendek bizi behar izatea. Migrazioa mundu mailako trajedia latzenetako bat dela esango nuke.
Esaldia bota dut hemen, zuzeun, bere zilborra besterik ikusten ez duen zenbait jenderen iruzkinak ohikoak direlako.
Euskaldun garen aldetik, gure lan bakarra ez da euskara salbatzea. Gure artean bizi den jendearekin harreman orekatuak, justuak, gizalegezkoak izatea ere badagokigu. Harreman orekatu, justu eta gizalegezkoetan euskaraz aritzeko ahalmena sartzen da, noski, baina ez hori bakarrik. Injustizia latzagoak badira gure artean.
Euskara bizitzeko daukadan eskubideak eta nahiak ez dezala ekarri inor amildegira bultzatzea.
Espero dut argiago azaldu izana.
Ziriñek esaldi horrekin esan nahi du moral objetibo bat existitzen dela, eta bera dela moral horren ezagule (gu ez bezala), eta moral horren baitan ezarri diezagukeela zerk duen balio gehiago, eta honenbestez zeri eskaini behar diogun larritasun eta arreta gehiago. Eta Ziriñek honakoa pontifikatu du: Europara emigratzea erabakitzen duen nornahiren drama larriagoa da gure hizkuntzaren desagerpena baino. Ziriñerentzat migratzailearen pairamenak (haur dohakabe bat izan, edo haur zuriak bortxatu nahi dituen pakistandar iguingarri bat, berdin da) balio gehiago du gure hizkuntzaren desagerpena baino, hizkuntza baten desagerpena desagertua izaten ari den herri baten adierazle dela jakitun ere, hots, ehundaka belaunaldiren memoriaren desagerpenaren, eta asimilazioz, ordezkapen edo exterminoz gauzaturiko drama historiko baten azken kolpearen adierazle. Ziriñe gainera ez da kapaza orainaldiaren argazkitik at begiratzeko, ez du bilakaerara historikoaren noziorik, eta oraingo argazki honen arabera erabaki du migratzaileen sufrimenduak gehiago balio duela gureak baino, eta berdin zaio gure pairamenaren historikotasuna edo gure etorkizun iluna: gure burua sakrifikatu beharra dugu beraiengatik pertsona onak izan nahi badugu (nahiz eta bueltan reziprozidarerik jasoko ez dugun). Ziriñeren jokabidea antinaturala da guztiz. Ez dugu naturan lehoirik bere kumeen ongizatea zebraren larritasunengatik sakrifikatzen ikusiko, edo zebra bat zingira idortuko hipopotamoen dramagatik, edo hipopotamoa galduriko lehoikumeengatik. Naturan norberak bera eta beretarren bizirautea du babesten oroz gain, hori da unibertsala eta objetiboa den moral bakarra. Eta Ziriñeren pentsamendua antinaturala denez gero, patologikoa ere bada, minbizi ideologiko bat finean, eta beste gaitzen artean minbizi kolektibo honi esker ari gara euskaldunak eta europarrak gure buruaz beste egiten, energia eta asmo guztiak gurekin amaituko duen fenomeno bat babesten eta elkikatzen. Horrexegatik da garrantzitsua minbizi honen plaza hegemoniarekin amaitzea.
Hi, xura, ez al da kontraesankor xamarra ni moralizatzen ari naizela esatea eta segidan nire joera antinaturala dela esatea?
Ez. Morala eta natura ez dira gauza bera. Sarritan antitetiko ere badira, eta honenbestez moralkeri puztu batek gizarte oso baten bizi indarrak ito ditzake. Ados egongo zara gehiegizko puritanismo batek sexu joera naturalen gehiegizko errepresioa eragin dezakeela gizarte oso bat gaixotuz, ezta? Ba berdina da zuk defendatzen duzun moral suizida horrekin
Kontua da “gu” nor garen definitzean zuk gai bakarra kontuan hartzen duzula, beti eta egoera guztietan. Horrelakoa zara, zure gisakoak halakoak zarete, murriztuak, kolore gabeak, grisak.
Jende normalak, ordea, “gu” hori dinamikoa izan ohi du. Testuinguruaren arabera batzuk taldean sartu ditzakegu eta beste batzuk kanpoan utzi, eta testuingurua aldatzean kanpoan utzi ditugunak sartu, besteak kanporatu…
Zu, adibidez, nekez hartuko zaitut gutar-tzat, euskalduna zaren arren.
Kontrakoa Ziriñe, zure Gu-aren hautemate likido hautesle hori da antinaturala dena eta mundu mailan nola historian zehar anormala dena. Hegoalde globalean, Gazan, Burkina Fason edo Kurdistanen, Gu-a zurrunki definitua dago: familia, leinua, tribua, erlijio-komunitatea… eta ohikoena da norberak berezko duen Gu-arekin leialtasun eta elkartasun-irizpideen bitartez harremantzea. Horrela indartzen dira herriak. Aldiz liberalismoaren pozoinak mendebaldeko gizarteari sinestarazi zion gizabanako bakoitza, indibiduo subirau eta libre den neurrian, eskubidea duela bizitzak (sendiak, aberriak, kulturak) ezarririko baldintzetatik askatu eta izan nahi duen hori (hau da botereguneen marketing agentzietatik ezarririko hori) izateko, berezko zaion Gu-aren kontzientzia deuseztatuz eta kapritxotik edo interesetik eraikiz bere harremanak, inolaz ere betebeharretik edo leialtasunetik. Liberalismo horretaz kutsaturiko gizarteek beren oinarrizko trinkotasuna galtzen dute, desintegratu egiten dira aniztasunean eta honenbestez subjektu politiko izateko gaitasuna galtzen dute. Zure “gu” horrek ez du tutik ere balio, ze etxetakoa zaren ere ez badakizu, eta honenbestez bost axola horren parte egiten ez banauzu.
Ziriñe, pozten naiz Gipuzkoan horrelako arazorik ez dagoen herri galdu batean bizi zarela jakitea. Migrazioa gai konplexua da eta erpin asko ditu.
Orain dela hiru hilabete erahildako eta inork jadanik gogoratzen ez duen Kayle Villar, Iruñako neska transexuala gogoan. Zeharo ahaztua hiltzailea marokiarra izan zelako jakina.
Eta ez dezala inor esan marokiar gizon on eta langileak daudela, nik horietako batzuk ezagutzen ditut. Baina bortzatzaile gehienak gizonak direla esaten denean, ni behintzat ez naiz haserretzen, egia delako eta ni ez naizelako horietako bat.
Aitor, bortxatzaileen artean zenbatu itzazu putetxeetan esklabizatuta dauden emakumeak bortxatzen dituztenak (hori ere bortxaketa baita), eta ea nola ateratzen zaizkizun kontuak.
https://www.argia.eus/albistea/kayle-villar-ponsen-hilketa-salatzeko-elkarretaratzeak-egingo-ditu-mugimendu-feministak-irunean-zein-gasteizen?mtm_campaign=HariaBuletina
https://www.berria.eus/euskal-herria/kartzelan-sartu-dute-kayle-villar-pons-hiltzeaz-akusatutako-gizona_2131814_102.html
Ez dut uste beste hilketei baino arreta exkaxagoa eskaini zaienik.
Ziriñe ez naiz segur dena untsa konpreniturik
Iduri du konparatzen duzula, alde batetik, zuzeutar batzuen eztutasuna hizkuntzaren etorkizunaren aitzinean, eta bestaldetik, migrantearen estutasuna. Lehena inposatua zaio euskaltzaleari, bigarrena migranteak berak inposatu dio bere buruari bere erabakiagatik. Gainera migrantea akzio bete betean dago eta estutasun sentimendu guti sentitzen du, ekintzailea baita.
Edo erabat tronpatzen naiz, zeren bi pertsona diferenteen estutasuna egoera desberdinen aitzinean konparatzea ez du zentzu handirik. Orduan zure konparaketaren bigarren elementua litzateke zuhaurrek senditzen duzun estutasuna migranteak hartzen dituen lanjerren aitzinean.
Ez dakit XVI. mendeko indianoek estutasuna sentitzen zuten gure arbasoek Ameriketarat joanez sufritu behar zutenagatik, baina jakin izan balute zer gertatuko zitzaion haien herriari bai ordea etsipena sentituko zutela baina beren ondokoentzat.
Egia da erdaraz erran ohi dela: “konparatzea ez da frogatzea” baina Zuzeuko euskaltzaleek adierazten estutasuna ez da “bere zilborra besterik ikustea” erraiten duzun bezala, ulertu ezin duzun euskaltzale zintzoen estutasun normala baizik.
Adeitasunez
Ni ez naiz putetxe batean inoiz egon beraz ezin dut horren iritzi ziurra. Irakurrita dudana da gehienak kanpotarrak direla, gehien-gehienak emakumeak eta gehienek bazekitela beraien herrietan zeudenean putetxe batean egingo zutela lan.
Beraz putetxeetan esklabizatuta dagoen eta bortxatutako emakumeren bat ezagutzen baduzu, salatu mesedez. Hemen edo nahi duzun tokian, baina salatu, bortxaketa ezin da onartu.
Aukeran, zein herritan den esan eta salaketaren bat jarri daiteke..
Benat, zer esan nahi duzu, ni ez naizela euskaldun zintzoa eta ez dudala estuasunik sentitzen erdara inposatzen didaten bakoitzean? Tira, tira…
Eta migranteak estuasuna bere buruari inposatu diola esatea faltsua da, nola faltsua baita ez duela estuasunik sentitzen. Eta ez naiz ebidentea dena azaltzen hasiko.
Benat, Aitor, Egurra… Eskerrik asko zuen argumentuen ahulezia erakusteagatik. Nire partetik, galdera gehiagorik ez, epaile jaun/andrea.
Zirine
Nola galdera bat egin didazun justu solasaldia eten nahi zinuela eten aitzin ausartzen niz azken aldi bat erantzutera gero bakea emanen dizut.
Ez baniz makur, hau besterik ez dizut erran:
“Zuzeuko euskaltzaleek adierazten estutasuna ez da “bere zilborra besterik ikustea” erraiten duzun bezala, ulertu ezin duzun euskaltzale zintzoen estutasun normala baizik”.
Gainerateko da zuk interpretatu duzuna. Baina ohartzen niz horrela interpreta zinezakeela. Sentitzen dut, ez naiz nor horrelakorik erraiteko.
Adeitasunez
Horra!
A zer nolako zuhaitza kimatu nahi duzuena, gazteok. Neronek ere pare bat ohartxo egin nahi nituzte.
Ados nago talde bateko banako batzuek egiten dutenagatik ezin ditugula talde horretako beste guztiak epaitu, baina ezin dugu zalantzan jarri herrialde sakonki matxistetako gizonak hona etortzekotan matxismoari ateak irekitzen gabiltzala. Probabilitatea hor dago, eta berdintasunaren alde egindako milaka pausuen ostean, arriskutsua. Arrisku hori onartzeko baloratu beharko genuke zein punturainoko onurak ekarri diezazkiguke horrelako migrazio politika batek.
Halaber, gure ekonomia politikoa eta politika ekonomikoa zertan den aztertu. Esaterako, hostalaritzarako milaka espainiar hiztun eta frantzes hiztun etortzeak, beste askoren artean, ez digu ekonomikoki berebiziko onurarik egiten, demografikoki gutxiago. Euskaldunoi molde horretako tabernetan ez zaigu ezer galdu. Zurrutean ibiltzeak ez dakar ezer onik, bide batez. Esku lana behar duten behe-mailako beste sektore batzuk automatizatu beharko genituzte, ahal den neurrian, eta sektore horiek kubritzeko formakuntza euskal zentroekin konbenioan ezarri. Automatizazioak eta teknifikazioak dakarren lanetiko askatasuna gureen zaintzarako, haur eta adindun, beharko genioke eskaini batez ere.
Indar korrelazioa zenbakietatik badatorkigu, faktore demograkotik, gureen kopurua haztea beste erremediorik ez dugu, heren-mundukoen errepodukzio tasa ikusita. Edo… jende gehiagorik ez dakigula etorri eta geu, gutxiago izanda, hobeak izan (eta zurruteari utzi).
Guzti hau, ordea, ezin da burujabetasunik gabe lortu. Norberarena eta nazioarena. Bakoitzak uler beza zer den burujabetasuna gureari dagokionean, baina besteek dituzten disfuntzionalitateak guk izatea galbidea da; ezbaian gauzkatenak baino hobeagoak izatea da daukagun aukera bakarra.