BRICS aurrea hartzen G7ri (IV)
BRICS aurrea hartzen G7ri (IV) –
BRICS taldeak 2024ko gailurra amaituta zabaldu zuen adierazpena, Kazango Adierazpena izenaz ezagutua, laburtzen ez da lan erraza, 134 puntu jasotzen baitu. Laburpen fidagarriren bila jo eta Indian aurkitu dugu, “India News Network” albiste-agentziaren eskutik. Agentzia honek garrantzi handia eman zion Kazango gailurrari eta tarte handia eskaini zion bere informazioan. Hemen osorik duzue komunikabideei zabaldu ziena, euskaratuta.
BRICS taldeak arauetan oinarritutako merkataritza-sistema multilateral, irekia, gardena eta bidezkoa babesteko konpromisoa berretsi du.
BRICS taldeak multilateralismoa indartzeko eta garapen eta segurtasun global justuak bermatzeko duten konpromisoa berretsi du, 2024ko urriaren 22tik 24ra bitartean egin zen BRICSen 16. goi-bileran onartutako Kazango Adierazpenean. Errusiako Kazanen “Multilateralismoa indartzea garapen global justu eta segururako” gaiaren inguruan bildu ziren BRICSeko buruzagiek. Merkatu berrien eta garapen bidean dauden herrialdeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu dute, hazkunde global inklusiboa eta iraunkorra bultzatzeko.
Kazango Adierazpenak multilateralismoa indartzeko, bakea sustatzeko eta nazioarteko ordena bidezkoagoa sortzeko borondate kolektiboa azpimarratzen du. “Multilateralismoarekin dugun konpromisoa berresten dugu eta nazioarteko zuzenbidea defendatzen, NBE Nazio Batuen Erakundearen Gutuna oinarri duelarik”, dio dokumentuak. Bakea, nazioarteko segurtasuna eta garapen iraunkorra mantentzeko, estatu subiranoek elkarlanean jardun behar dutela nabarmentzen dute buruzagiek.
Munduko gatazkak eta irtenbide baketsuak. Kazango Adierazpenean mundu osoan ematen diren gatazka bortitzak gero eta gehiago direla azpimarratzen da, eskualde eta nazioarte mailan eragin garrantzitsua dutelarik. Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkari zuzenean aipamenik egin gabe, gatazken irtenbide baketsua diplomazia, elkarrizketa eta bitartekaritzaren bidez eskatzen dute buruzagiek. “Gatazkak aurreikusteko ahaleginetan parte hartu beharra azpimarratzen dugu, bereziki haien oinarrizko arrazoiak jorratuz”, adierazten da dokumentuan, epe luzeko egonkortasuna lortzeko elkarrizketa inklusiboaren garrantzia azpimarratuz.
Kazango Adierazpenak, halaber, Palestinako Lurralde Okupatuetan, Gazan eta Libano Hegoaldean, bereziki, izan den indarkeria eskaladagatik “kezka larriak” azaltzen ditu. BRICSeko buruzagiek Gazan su-etena berehala ezartzea, bahituak baldintzarik gabe askatzea eta eskualdera laguntza humanitario etengabea ematea eskatzen dute.
Neurri unilateralak eta zigorren kritika. Kazango Adierazpenaren ardatz nagusietako bat neurri koertzitibo unilateral ilegalak, ekonomia-zigorrak barne, gaitzestea izan da. Maiz Nazio Batuen esparrutik kanpo ezartzen diren neurri horiek ekonomia globalerako eta nazioarteko merkataritzarako desegokitzat ematen dira. “Neurri hauek NBEren Gutuna, merkataritza-sistema multilateral eta garapen jasangarriaren helburuak lortzea oztopatzen dute”, dio adierazpenak.
BRICSeko buruzagiek sistema ekonomiko global justu eta inklusibo baten beharra azpimarratzen dute eta Bretton Woods erakundeetan, hala nola Nazioarteko Diru Funtsean (NDF) eta Munduko Bankuan, erreformak egiteko beharra. Buruzagiek garapen bidean dauden herrialdeek nazioarteko erabakiguneetan ordezkaritza handiagoa izan dezaten eskatzen dute.
Merkataritza-sistema ekonomiko multilateralekin konpromisoa. BRICS taldeak arauetan oinarritutako merkataritza-sistema multilateral baten aldeko apustua berresten dute, irekia, gardena eta bidezkoa izan dadin, Munduko Merkataritza Erakundea (MME) ardatz hartuta. Era berean, MMEren arauak betetzen ez dituzten merkataritza-murrizketa unilateralak baztertzen dituzte, sistema finantzarioa erreformatzeko elkarrizketa eta lankidetza hobetzeko asmoa azpimarratuz.
Ildo horretan, Kazango Adierazpenak Abu Dhabin egindako MMEren 13. Ministro Konferentziaren emaitzak goraipatzen ditu eta BRICSen MMEren erreformarako konpromisoa berresten, erakundea hauskaitzagoa eta inklusiboagoa izan dadin. “Merkataritza-sistema multilateralen gaineko elkarrizketa hobetzeko ados gaude eta MMEren gaien inguruko BRICSen Kontsulta Esparru informala sortzea ongi ikusten dugu”, adierazten dute buruzagiek.
BRICSen papera segurtasun finantzario globalean. Kazango Adierazpenak segurtasun finantzario global sendo eta eraginkorra mantentzearen garrantzia nabarmentzen du, kuotetan oinarritutako eta behar besteko baliabideak dituen NDF Nazioarteko Diru Funtsa ardatz hartuta. BRICSeko buruzagiek NDFren erreforma eskatzen dute, garapen bidean diren herrialdeen ordezkaritza hobetzeko eta lidergo postuetan aukeraketa prozesu inklusibo eta merezimenduzkoa bermatzeko.
Gainera, BRICSeko kide diren herrialdeetako azpiegituren garapena eta hazkunde iraunkorra sustatzeko orduan Garapen Banku Berriaren (GBB) garrantzia aitortzen du. Buruzagiek tokiko diruen erabilera handitzeko eta finantzaketa mekanismo berritzaileak sustatzeko hitza eman zuten.
Terrorismo globalari aurre egitea. Terrorismo mota guztien gaitzespen tinkoa berresten dute. Terroristen mugimendu transnazionalak, terrorismoaren finantzaketa eta bestelako babesak eragozteko neurri erabakigarriak hartzeko beharra azpimarratu zuten. “Edozein ekintza terrorista kriminala eta justifikaezina da, motibazioa edozein dela ere”, adierazi dute buruzagiek, mehatxu terroristei erantzun kolektibo sendo batez aurre egitea eskatuz.
Kazango Adierazpenaren amaieran, XXI. mendeko errealitateak hobeki islatzeko asmoz, egonkortasun globala sustatzeko, garapen inklusiboa bultzatzeko eta erakunde multilateralak erreformatzeko duten konpromisoa berretsi dute BRICSeko buruzagiek. Adierazpenak ordena mundial multipolar baterako ikuspegi anbiziotsua marrazten du, non garatzen ari diren ekonomiak gobernantza globalean eta politika ekonomikoetan eragin handiagoa izanen duten.
Erronka globalak jorratzeko eta Hegoalde Globaleko herrialdeen arteko lankidetza indartzeko BRICSek duen garrantzi estrategikoa berretsiz amaitzen du Kazango Adierazpenak. BRICSen hurrengo goi-bilera Brasilen eginen da 2025ean, estatu kideen arteko lankidetza ekonomikoa, politikoa eta kulturala sakontzeko agendarekin.
- www.indianewsnetwork.com/es/20241024/brics-summit-2024-kazan-declaration-reflects-desire-for-greater-multilateralism-and-fairer-international-order
- espacioglobal.mx/brics-2024-declaracion-de-kazan-en-espanol
G7 herrialdeak: Amerikako Estatu Batuak, Kanada, Japonia, Britainia Handia, Alemania, Frantzia eta Italia
BRICS herrialdeak: Brasil, Errusia, India, Txina, Hegoafrika, Saudi Arabia, Egipto, Iran, Arabiar Emirerri Batuak eta Etiopia
BRICS elkartuak: Aljeria, Bielorrusia, Bolivia, Kuba, Indonesia, Kazakhstan, Malaysia, Nigeria, Thailandia, Turkia, Uganda, Uzbekistan eta Vietnam