BRICS aurrea hartzen G7ri (II)

BRICS komunitateak 2024an Kazanen egin berri duen gailurrak izan duen oihartzuna jasotzen ari gara. “BRICS aurrea hartzen G7ri” sailaren II. eta III. ataletan Pedro Baños koronel espainiarrak bildu dituen bost solaskideren iritziak irakur ahal izanen ditugu. II. atal honetan Aníbal Garzón (Nazioarteko Ikasketetan aditua eta “BRICS” liburuaren egilea) eta Enrique Refoyo (politologo eta idazlea) bikoarenak aipatuko ditugu, laburtuta.

PEDRO BAÑOS koronela: historiako une batzuk benetako inflexio-puntuak dira, bat-batean mundua aldatzen dutenak. Mugarri historiko horietako bat urriaren 22tik 24ra bitartean gertatu da Kazanen (Errusia), BRICSen goi-bileran.

ANÍBAL GARZÓN: iaz BRICS taldean bost herrialde zeuden, eta aurten hamar herrialdek izan dute ordezkaritza; beraz, bikoiztu egin dira eta hori aipagarria da. Bigarren puntu garrantzitsua da 41 herrialdek hartu dutela parte. Beraz, non geratu da esaten zuten Errusiaren isolamendua? Sinatutako akordioa 134 puntuz osatuta dago. BRICSek urte osoan zehar 200 bilera egin ditu. Hegoalde Globaleko 90 herrialde baino gehiagok hartu dute parte eta aldaketa arlo ugaritan jorratu dute: kirola, urpeko kablea, emakumeen gaia, unibertsitatea, BRICS telebista… Mundu multipolar eta multidimentsionala eraikitzen ari dira. BRICS ez da soilik merkataritza kontua. Errealitate berri bat eraikitzen ari dira, ekonomia, finantzak eta politika barne hartzen dituena.

Desdolarizazioaren gaia ere hor dago, Amerikako Estatu Batuek Errusiari zigorra ezarri diotelako piztua. BRICSek demografia handiagoa du. Goi-bileran 5.000 milioi pertsonen ordezkari politikoek hartu dute parte, mundu osoan 8.000 milioi pertsona direlarik. Europa eta AEB 1.000 milioi baino ez dira. Gauza bera gertatzen da geografiari, baliabideei, mineralen gaiari eta urreari dagokienez. Moneta bakarraren gaia atzeratu egin dute, baina aldebiko merkataritza bertako diruez eginen da. SWIFT saihesteko mekanismoak sortu dituzte, BRICS Pay adibidez… AEBetako zigorrak saihesteko mekanismo propioak garatu dituzte. Ez hori nahi zutelako, Errusiari ezarritako zigorrekin “Mendebaldeak” hala behartu dituelako baizik. BRICS kolpea ematen ari zaio mundu ordenari, baliabideetan Europa pobrea baita eta BRICSek dagoeneko G7 gainditu baitu BPGean.

Afrikan, Txina win-win lankidetza garatzen ari da aspaldi. Bi aldeek irabazten duten modua, alegia. “Zuen petrolioa eta diamanteak behar ditugu eta zuek errepidea behar duzue. Bat egin beharrean, zazpi eginen dizugu” esaten diete txinatarrek. Europak, ordea, lehengaiak atera besterik ez zuen egiten. Hor dago aldea eta horregatik joan nahi izan dute 41 herrialdek Kazanera. Hegoalde Globaleko herrialdeek Txinaren aukera lehenesten dute, txinatarrak negoziatzera etortzen direlako eta ez inposatzera.

Herenegungo albistegian ez zuten BRICSen inguruko berririk eman TVEn. Orain dela gutxi eman nuen hitzaldi batean, entzuleei BRICS ezagutzen ote zuten galdetu nien eta inork ez zuen ezagutzen. Erabat ezezaguna da. Gaur egun munduko mentalitate kolonizatuena dugu Espainian.

Mundua aldatzen ari da eta Europak bere zilborrari soilik begiratzen dio, G7ak bezala. Nola onar dezake Europak bere armada propioa ez izatea eta NATOren menpe egotea? Errusia izan beharko litzateke gure bazkidea, gasarekin, petrolioarekin, hurbilekoa den bazkide komertziala. Orain, kolonizatuenak europarrok gara, eta ez dakigu zer gertatzen ari den munduan. Estatu Batuek gidatutako nazioarteko politikan oinarritu beharrean, gaur egun ez dugun politika propio subiranoa behar dugu.

Kontuan izan behar da BRICSek, oraingoz, kontsentsu-egiturak dituela. Hau asanblea-sistema bezalakoa da. Demokratikoa deitzen zaio, baina, azkenean, ezer ez da erabakitzen. Pixkanakako prozesu lasaia egon behar du. Heldutasun-prozesura iritsi arte.

ENRIQUE REFOYO: halako batean Vladimir Putinek esan zuen “inor baino gehiago zigortu nauzue; ba, zigortutako herrialdeak dauden lekura joanen naiz”. Eta ez soilik zigortutako herrialdeetara, baizik eta “hau Errusiari edo munduko erraldoi ekonomikoa den Txinari egin badiote, hurrengoak gu izan gaitezke” pentsatzen duten herrialde txikietara ere bai.

Errusiak sistema multipolarra bilatzen du nazioartean, lankidetza berdinzalea jorratuta. Kontzientzia nazionala sustatzen du, kultura eta zibilizazioen aniztasuna baieztatzen du eta estatu subiranoen balio espiritual tradizionalak defendatzen ditu. Errusia ez da beste herrialdeen barne-politikan sartzen. Errespetuz eta berdintasunez tratatzen ditu. Aitzitik, Borrell Europan darabilgun handinahi eta harrokeriaren adibidea da eta ez gara konturatzen dagoeneko ezer ez garela, munduan gero eta gutxiago eragiten dugula.

BRICSek ideia hauekin bat egiten duten gero eta jarraitzaile eta herrialde gehiago erakartzen ditu: berdintasun subiranoa, aukeratutako garapen-bidearekiko errespetua, interesen elkar-ulermena, zabaltasuna, adostasuna, nazioarteko ordena multipolarra eratzeko nahia, finantza eta merkataritza sistema mundial justua eta garaiko erronka nagusiei irtenbide kolektiboak bilatu nahi izatea.

www.youtube.com/live/a6xqyfxZfKA

BRICS aurrea hartzen G7ri (II)

G7 herrialdeak: Amerikako Estatu Batuak, Kanada, Japonia, Britainia Handia, Alemania, Frantzia eta Italia
BRICS herrialdeak: Brasil, Errusia, India, Txina, Hegoafrika, Saudi Arabia, Egipto, Iran, Arabiar Emirerri Batuak eta Etiopia
BRICS elkartuak: Aljeria, Bielorrusia, Bolivia, Kuba, Indonesia, Kazakhstan, Malaysia, Nigeria, Thailandia, Turkia, Uganda, Uzbekistan eta Vietnam

BRICS aurrea hartzen G7ri (I)

Irakasle erretiratua. Nafarroa Garaia.

2 pentsamendu “BRICS aurrea hartzen G7ri (II)”-ri buruz

  • “Kazanen, 2024ko urriaren 23an, onartutako BRICSen azken adierazpenaren edukia aztertzea garrantzitsua da, bloke horrek potentzia inperialista tradizionalek (G7an bilduta: Estatu Batuak, Alemania, Frantzia, Britainia Handia, Kanada, Japonia, Italia eta Europar Batasuna) ezarritako politiken eta ereduaren alternatiba bat proposatzen duen egiaztatzeko. Nolanahi ere, ezin espero zitekeen logika kapitalistak (maila desberdinetan bada ere) menderatutako herrialde multzo bateko herrien aldeko alternatibarik azaleratuko zenik, eta horien artean gehiengoa dira beren herrien gobernu zapaltzaileak. Azken deklarazio osoaren irakurketaren emaitza eztabaidaezina da: terminoetan ere, ez dago benetako desberdintasunik diskurtsoekin, potentzia inperialista tradizional nagusien adierazpenekin eta potentzia horiek menderatzen dituzten erakundeekin. Gainera, BRICSen politika zehatza aztertzeko lana hartzen badugu, ondorio bakarra atera dezakegu: herrien emantzipazioaren aldeko alternatiba bat sustatzeko, zapalkuntza-modu desberdinen aurkako borroka indartzeko eta krisi ekologikoari aurre egiteko, ezin da BRICSen laguntzarik eta jarduerarik izan”.
    Eric Toussan (Viento Sur Aldizkariatik hartuta eta itzultzaile neuronalarekin itzulia)

  • Inperalistak? Inperialistak esaten dena Txina, India eta Errusia dira. Ba al da herri txinatar, hindiar ala errusiar? Ez bada. Ehunka gutiengo zanpaturik. Inperioa zer den jakin nahi duenak ikas dezala Txinako, Indiako eta Errusiako historia. Brasilek ere enperadorea izan du, Eta Hego Afrikak ere, zer zuluak oso arrazista izan baitira, eta dira, gainontzeko beltzekin. Eta demokrazia?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude