BRICS aurrea hartzen G7ri (eta V)
BRICS aurrea hartzen G7ri (eta V) –
BRICSek 2024an Kazanen egin duen gailurraren nondik norakoak azaltzeko eskaini dizuegun artikulu sail honi amaiera emateko, Jeffrey Sachs ekonomialari eta irakasle estatubatuar ospetsuaren txanda dugu gaur. Bere curriculumetik Kofi Annan, Ban Ki-moon eta Antonio Guterres NBEko Idazkari Nagusien aholkulari izan zela eta egun erakunde horretako Garapen Jasangarrirako Konponbideen Sareko presidentea dela nabarmenduko ditugu.
Errusiako Kazanen BRICSek egin duen azken gailurrak neokontserbadoreen ilusioei amaiera ekarri beharko lieke. 1990eko hamarkadatik, AEBen kanpo-politikaren helburua mundu-mailako hegemonia izan da. AEBek erabilitako metodoak gerra, erregimen aldaketa eta zigor ekonomikoak izan dira. AEBen jazarpena ukatu eta haien hegemoniaren aldarrikapenak ez dituela ikaratzen ziurtatzen duten munduko biztanleriaren erdia baino gehiago biltzen duten 35 herrialde elkartu ziren Kazanen.
Kazango Adierazpenean, “sortu berri diren botere guneek mundu ordena multipolar, bidezkoago, justuago, demokratikoago eta orekatuago bat bideratu dezaketela” azpimarratu zuten eta, halaber, “errealitate garaikideak hobeto islatzeko, nazioarteko harremanen egungo arkitektura egokitzeko beharra”. “Nazioarteko zuzenbideari errespetua adierazi zioten eta, oinarrizko ardatz gisa, Nazio Batuen Gutunaren Helburuak eta Printzipioak”. Bereziki, AEBek eta bere aliatuek ezartzen dituzten zigorrak kritikatu zituzten, “neurriek NBEren Gutuna, merkataritza sistema multilaterala eta garapen iraunkorreko eta ingurumeneko akordioak” urratzen dutela azpimarratuz.
1991n Sobietar Batasuna desegin ondoren, AEBen handitasunaren ilusioak handitu egin ziren. Gerra Hotzaren etsai nagusia desagertuta, AEBetako neokontserbadoreek superpotentzia bakarra eta munduko polizia izanen ziren mundu ordena berri bat asmatu zuten.
2001eko irailaren 11ko atentatuaren ondoren, neokontserbadoreek mundu islamiarreko zazpi gobernu akabatzea erabaki zuten: Irak, Siria, Libano, Libia, Somalia, Sudan eta Iran. Wesley Clark NATOko komandante ohiaren esanetan, neokontserbadoreek bost urtetan gerra hauek guztiak irabaztea espero omen zuten. Hala ere, hogei urte baino gehiago igaro ondoren, neokontserbadoreek hasitako guda hauetako askok bizirik jarraitzen dute, AEBek inongo helburu hegemonikorik lortu ez dutelarik.
1990eko hamarkadan, herrialde bakar bat ere ez zela AEBei aurka egitera ausartuko uste zuten neokontserbadoreek. Eta Errusiak ez zuela NATO zabaltzeko prozesua onartu beste aukerarik izanen, Txina, Iran eta gainerako aliatuekin ezin izanen zuelako inolako koalizio antihegemonikorik osatu.
Usteak ustel suertatu zitzaizkien, eta balorazio oker haiek Ukrainako gudaren hondamendia ekarri zuten. Errusiak ez zuen Ukraina NATOn sartzeko AEBen asmoa onartu. Tinkotasunez ezetz esan zion eta AEBen planak geldiarazteko gudarako prestatu zen. Ukrainaren inguruan neokontserbadoreek egin zituzten kalkulu okerren ondorioz, egun Errusia guda irabazten ari da eta ehunka mila ukrainar hiltzen.
AEBen zigorrak eta presio diplomatikoek Errusia ez dutela isolatu da Kazanek bidalitako mezu garbiena. Hortaz gain, AEBen jazarpenari aurre egiteko, munduan kontrapisu antihegemoniko bat sortu da. Munduaren gehiengoak ez du AEBen hegemonia onartzen eta, aginduak betetzeko baino, aurka egiteko prest dago. Gainera, AEBen egungo indar militar, ekonomiko eta finantzarioek ez dute beren nahia inposatzeko behar adina indar.
Kazanen bildu ziren herrialdeek munduaren biztanleriaren gehiengo argia osatzen dute. BRICSeko bederatzi kideek (Brasil, Errusia, India, Txina, Hego Afrika, Egipto, Etiopia, Iran eta Emirerri Arabiar Batuak) gehi kide izatekotan diren 27 herrialdeek munduaren biztanleriaren %57 eta produkzioaren %47 osatzen dute (erosahalmenaren parekotasunaren arabera neurtuta). Aitzitik, AEBek munduaren %4,1 bakarrik osatzen dute eta produkzioaren %15. Aliatuekin AEBek munduko biztanleriaren portzentajea %15 ingurukoa da.
BRICSek pisu ekonomikoa, gaitasun teknologikoa eta indar militarra areagotu eginen dute hurrengo urteetan. BRICSen BPGa urtero %5 hazten ari da, eta AEBen eta bere aliatuena %2 baino ez.
AEBetako estrategek Kazanek bidali duen mezu positiboa poliki aztertu beharko lukete. Ez baita bakarrik neokontserbadoreen mundu hegemonikoaren nahiak porrot egin duela; halaber, AEBentzat eta munduarentzat oso kaltegarri izan den porrot, guda, kalte ekonomiko, populazioen desplazamendu masibo eta mehatxu nuklearrak sortu izana erantsi behar zaizkio. Ordena mundial multipolar, inklusiboago eta bidezkoago batek gaurko egoera korapilotsutik irteteko bide itxaropentsua eskaintzen du, eta hori AEBentzat bere aliatuentzat eta Kazanen bildu ziren herrialdeentzat oso onuragarria izan daiteke.
BRICSen gorakada ez da soilik AEBei eginiko errieta gisa ulertu behar, munduaren ordena askoz lasaiago eta seguruago baten aukera zabaltzeko bide bezala baizik. BRICSek proposatzen duen ordena mundial multipolarrak abantaila izan dezake guztientzat, AEBak barne. Neokontserbadoreen ilusioak bukatu dira, eta AEBen gudak ere. Diplomaziak munduaren gatazkei amaiera emateko ordua iritsi da.
www.youtube.com/watch=F5F9PE6nI