[2022ko brigadak] Brasildik azken kronika
[2022ko brigadak] Brasildik azken kronika –
“Marielle vive!” Akanpalekua bizirik!
Brigadaren azken txanpan, “Marielle Vive!” akanpalekuan egun batzuk igarotzeko aukera izan dugu. Sao Paulo estatuan kokatua, Valinhos hirigunetik oso gertu, egun 450 familiek okupatzen duten espazioa da. Ilegaltasunean bizi dira oraindik, agintari publikoek lurraren erabileraren aitortze ebazpenaren zai, asentamentu izaera eskuratzeko helburuarekin. Argi-indar eskasarekin, laborantzarako eraginkorrak ez diren lurrekin eta edateko ura kanpotik ekartzea behartuak, botere ekonomiko, politiko, judizial eta polizialen erasoei aurre egiteko familiek duten indarra liluratuta utzi gaitu. Hona hemen gure omenaldi xumea, elkartasun internazionalista gisa, sistema kapitalistaren aurkako pertsona hauen borroka eta erresistentziak Euskal Herriak ezagutu dezan.
.
Valinhos: espekulazio inmobiliarioa, baliabide naturalen suntsipena eta pobrezia
2018ko apirilaren 14ean, 700 familia baino gehiagok okupatu zuten Eldorado Emprendimientos Inmobiliarios enpresak jabetzan duen 130 hektareatako lursaila, Valinhos hirigunetik kilometro gutxitara. Lurra urtetan zehar inproduktibitatean erorita zegoen; hasiera batean kafe plantazioa izan zena, oilo haztegi gisa erabili zen urtetan zehar, jarduera amaitu eta abandonatu zen arte. Valinhos hiria barnebiltzen duen landa-eremua ugaria da akuiferoetan, baina urteak daramatzate luxuzko etxebizitzen eraikuntza proiektuen bitartez gutxinaka hondatzen eta, horren ondorioz, azkenaldian hiriak berak arazoak ditu uraren hornidurarekin. Ingurumenaren aurkako etengabeko eraso horretan, gutxi batzuen poltsikoak espekulazio inmobiliarioarekin betez, luxuzko beste 14.000 etxebizitza eraikitzeko proiektu berri bat proposatu zen (Latinoamerikako handiena), egun “Marielle Vive!” akanpalekua hartzen duen espazioan. Horrek ere gentrifikazioaren arriskua ekartzen du, Valinhos hiriko %60 txiroa baita.
Egoera horren aurrean, MSTk zonaldeko familiekin lanketa bat martxan jarri zuen, lur hau okupatu eta honakoak salatzeko asmoarekin:
- Alde batetik, lurraren inproduktibitatea, familia asko babesgabetasun egoeran eta hiriko miserian bizi diren bitartean.
- Bestetik, ingurumenaren aurkako eraso zuzena espekulazio inmobiliarioaren aldetik. Izan ere, akuiferoen hondamenaz haratago, hauen pribatizazioa burutzen ari da (hortaz, urarena), erabilera jasangarri eta kolektibokoak izan behar luketenean.
Hori horrela, okupatzeko asmoa zuten familiekin asanbladak burutu eta hartatze lanak egin ziren landa-gunera bizitzera interesatuak egon litezkeen pertsonekin. Okupatu bezain pronto hasi ziren familiek material urriekin haien etxebizitzak eraikitzen. Hasi hasieratik akanpatua den Marconde, bere emaztearekin batera 4 egunetan muntatu zuen gaur egun zutik jarraitzen duen txabola, bitartean egurats gorrian hilabete gutxiko haurtxo batekin lo egitera behartuta zeudelarik.
Akanpalekua Marielle Franco, Rio de Janeiroko zinegotzia eta ekintzaile feminista zein antiarrazista zenaren omenez izendatu zuten. Okupazioa burutu baino hilabete bat lehenago hil zuten tiroz mendeku gisa, errepresio polizialaren kontrako kanpaina ugari eraman baitzituen.
.
Etenik gabeko presioak, mehatxuak eta erasoak
Akanpalekuaren zonaldean jokoan dauden interes ekonomiko nabarien aurrean, familiek berehala jaso zuten estatuaren makinaria errepresiboaren aldetik lehen erasoak eta presioak. Begi bistakoa izan da gainera estatuaren botereen arteko konplizitatea, agerian geratuz haien artean dagoen independentzia eskasa Kapitalaren mesedetan lan egiten dutenean. Izan ere, “Marielle Vive” hasieratik bizi izan da ezegonkortasun eta beldur giroan, familia askok bertan bizitzeari uko egin behar izan baitiote.
Lehenik eta behin, botere judizialak 5 desalojo prozedura martxan jarri ditu, horiek guztiak, MSTko abokatuen lanari esker, bertan behera geratu direlarik. Izan ere, desalojoak 700 familia (1.300 izatera iritsi dira) kale gorrian uztea suposatzen zuen, administrazio publikoaren aldetik familiei inongo alternatiba proposatu gabe. Gainera, arrakastarik gabe, epaileak akanpalekuan bizi diren haurrak inguruko hirietan birkokatu nahi izan zituen, horrela desalojoan indarraren erabilera errazagoa izan zedin. Ildo horretan, pandemia garaian etxe-kaleratzeak debekatzen zuen dekretuak akanpalekua husteko edozein saiakera geldiarazi du gaur egunera arte (dekretuaren baliogabetzea aurtengo urriaren 31ean emango da).
Bestetik, botere politikoak ere “Marielle Vive”-ren desalojoan interesa erakutsi du. Izan ere, polizia agertu baino lehen zonalde okupatua bisitatu zuen lehen agintaria Valinhoseko udalburua izan zen. Militar ohia eta bolsonarista, urteetan zehar familia akanpatuen aurkako gorrotozko diskurtsoa sortu du, hiritarren artean gezurrezko mezuak zabalduz. Sortutako klima horren ondorioz, ur-hornidura eskatzeko akanpatuen manifestazio batean, inguruko bizilagun batek Luiz Ferreira (MSTko kidea eta akanpatua) autoz nahita harrapatu eta hil zuen (gaur akanpalekuaren eskola Luiz Ferreiraren izena du, haren omenez).
Hori gutxi balitz, presio neurriak ere burutu dira familiak akanpalekua abandonatu dezaten. Besteak beste, haurrentzako eskolarako autobus zerbitzua zein osasun zerbitzuak bertan behera uztea zonaldean.
Azkenik, aipatzekoak dira azken hilabeteotan akanpalekuaren aurka burutu diren 3 eraso armatuak. Azkena, gu iritsi baino 2 egun lehenago, matrikularik gabeko autoa akanpaleku sarrera aurrean geratu eta tiroka hasi zenekoa. Zorionez ez zen inor zauritua atera. Zurrumurrek diote lur-jabearen gertuko pertsonak izan direla erasotzaileak.
.
Erresistentzia eta antolakuntzaren bidetik erreferente izatera
“Marielle Vive” gaur egun zutik jarraitzearen arrazoi nagusia familien etengabeko erresistentzia da. Borroka hau modu egokian burutzeko antolakuntza ezinbestekoa izan da, segurtasun sektorea funtsezkoa izanik.
MSTren oinarrizko antolakuntza egitura base-nukleoak dira. Ildo horretan, familiak 33 base-nukleotan artikulatzen dira (15 familia nukleo bakoitzean), suertatzen diren haien arteko gaiak eztabaidatzen direlarik. Nukleo bakoitzak bi koordinatzaile ditu (emakumea eta gizona), akanpalekuaren asanbladetan ordezkari moduan jardungo dutenak. Bestetik, base-nukleoko kide bakoitzak sektoreetako kide izan behar du nahitaez. “Marielle Viven” adibidez, 9 sektore ezberdin daude, hauek akanpalekuaren beharrei erantzuten dietelarik: sukaldea, ekoizpena, arropa zerbitzua, azpiegitura, hezkuntza, osasuna, idazkaritza, kirola/kultura eta segurtasuna. Ildo berean, hainbat kolektibo ere sortu dira akanpalekuaren baitan: emakumeen taldea, prestakuntza politikoa, komunikazioa, LGTB taldea eta gazteen taldea. Antolakuntza egitura bakoitzaren zeregin/lan espezifikoen arteko txandakatzea sustantzen da. Horrek kideen egokitasun/espezializazio maila eta besteon lanarekiko enpatia sortzen du. Antolakuntza maila honen bitartez akanpalekuak hainbat ekimen sozial burutzeko gaitasuna izan du; inguruko herrietan sukalde solidarioetan lagundu, hiriko jendea landagunera erakartzeko kanpainak, zein suizidioaren aurkako lanketak, adibidez. Honek guztiak Marielle Viveren borroken zilegitasuna indartu du, erreferente izanik herritarren artean.
“MARIELLE É MINHA CASA E MOVIMENTO SEM TERRA MEU CAUSA”
Brasildik azken kronika Brasildik azken kronika