Sanchez, bozen amildegirantz
Sanchez, bozen amildegirantz –
Ali Salem Iselmuk, Saharako kazetari eta idazleak, Berria egunkarian.
Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen emaitzak eta PSOEren porrot garbia ikusi bezain laster, gogora etorri zitzaidan Europako Parlamentuko bozketa bat. Bozketa hori Marokok okupatutako Mendebaldeko Saharan izan ohi diren giza eskubideen urraketak salatzeko bozketa bat zen. PSOEk Europako Parlamentuan dituen ordezkariak guztiz bakarturik gelditu ziren bozketa hartan, bakar-bakarrik, adierazpen-askatasunaren, iritzi-askatasunaren eta biltzeko askatasunaren aldeko eskubideari muzin eginda, eskubide horiek demokrazia ororen oinarri direlarik ere.
Aitor dezadan, sahararra naizen aldetik, nahigabetuta gelditu nintzela. Harrezkero, Pedro Sanchezen diskurtso edo mitin bakoitzean agenda aurrerakoiaz, berdintasunaz, gizarte-politikaz eta etxebizitza-eskubideaz mintzatzen delarik, eleak eta keinuak gorabehera, zalantzaren mamuak harrapatzen nau. Autodeterminazio eskubidearen aldeko jarrera historikoa aldatu duenez geroztik, Sanchezek Saharari dagokionez duen atzerri-politika kolpe handia izan zen niretzat. Jarrera-aldaketa hori dela-eta Odon Elorza diputatuaren dimisioak barruak astindu zizkidan: gutxienez diputatu bat ibilbide politikoa sakrifikatzen ari zen Saharako herriaren alde.
Errefuxiatu sahararren Aljeriako kanpamentuetara artistak, intelektualak, hainbat elkartetako kideak, harrera-familiak eta beste hainbeste joan ohi dira bisitan: hainbatetan, harreran hartutako umeei bisita egiteko; beste batzuetan, Sahara Maratoira; edota FiSahara zinema-jaialdira… Kanpamentuetara joandako guztiek Sanchez iruzurgile bat dela sentitu zuten. Orobat, Madrilgo kongresuan ere, Sahararen inguruko bozketa bakoitzean sozialistak bakar-bakarrik gelditzen ziren berriro ere. Porrotaren atarikoa.
Aljeriak harreman diplomatikoak hautsi ditu Espainiarekin; Marokok, aldiz, harreman diplomatikoak berrezarri ditu PSOEk uko egin diolako autodeterminazio eskubidearen gaineko erreferenduma defendatzeari, Nazio Batuen Erakundearen aginduz iragan den mendearen azken hamarkadan hitzartutakoari, alegia.
Moisesek Itsaso Gorria gainditu zuen Herria esklabotzatik askatzearren, eta Noek arka eraiki zuen Lurreko espezie oro dilubiotik salbatzearren. Orobat, nik banuen itxaropena justizia eginen zela, mirariz-edo Marokoko Gobernuak Sanchezi egindako xantaiatik askaturik, Saharako herria salbatuko zela.
Nire ezagun zenbaitek diotenez, Mendebaldeko Sahararen auzia auzi ahaztua da, eta intentsitate baxuko gatazka izanik, ez du eraginik nazioarteko orekan. Orain, Espainiaren eta Aljeriaren arteko harremanak hautsita daude, Kanaria Irletako nahiz Ceuta eta Melillako mugetako tentsio-egoerak gora egin du, eta Marokoren eta Polisarioaren arteko gerra berpiztu da.
Haatik, argi ondorioztatu nuen Sahararen auzia ahaztua dela neurri handi-handi batean komunikabideen erruz, lurralde okupatuetako sahararrek pairatzen duten zapalkuntza ezkutatzen dutelarik. Egunkarietako lerroburu orotan, berriz, Bakhmut eta Ukraina; beste gerra horrek bai kezkatzen duela Sanchez, eta horregatik hain zuzen Kievera egin zuen bisita, hango herriari elkartasuna erakustearren.
Aitzitik, Marokoren piloturik gabeko hegazkinen bonbardaketek eta herritar saharar xumeen hilkintzek ez dute Sanchez kezkatzen, eta ez dute tokirik bere diskurtsoetan. Sanchezek Marokoko indar okupatzaileen gehiegikerien inguruko isiltasun ozena eta axolagabekeria erakusten ditu; horixe da Tindufeko hamada mortuan berrogei urte erbestean daramatzan herriari Sanchezek emaniko erantzuna.
PSOEren oraingo hauteskunde-porrota justizia poetikoa da, Saharako Herriari egindakoaren ordaina. Saharako Herriak sorterrira itzuli nahi du, Marokok eraiki eta leherkariz betetako harresia gainditu, Moisesek Itsaso Gorria nola.
Uztailaren 23rako Sanchezek hauteskundeetara deitu du berriz ere, eta, ez dezagun geure burua engaina, demokrazia-zaleok hauteskundeak justiziaren aldeko adierazpen bihurtu beharko ditugu. Izan ere, giza eskubideak unibertsalak dira; askatasuna, hil ala biziko kontua, egonarriaren eta duintasunaren kontua. Sanchezek eta PSOEk lezioa ikasi beharko dute.