Botila eta eulia
Botila eta eulia –
Bigarren Wittgensteinen sendabide filosofikoaren laugarren ezaugarria: ez da deus ere azaldu behar; are gutxiago kritikatu, edo hobetzen ahalegindu, edota eragina bilatu gizakiengan. Aski da deskribatzea. Filosofiaren zeregina ez da akatsak bilatzea eta zuzentzea, edota doktrinak sortzea. Sarriegi erori izan da dogmatismoan. Hizkuntzaren funtzionamendu erreala erakustera mugatuko da filosofia, hizkuntza-jokoak dauden-daudenean utzirik. Horrenbestez, negatiboa izango da terapia wittgensteindarraren emaitza: auzi aizunen disolbatzea.
Galdera metafisikoak ez dituzte teoria edo informazio berriek erantzungo. Filosofiak ez digu ezer ere irakatsi behar. Metafisikatik libre bizitzeko nahikoa da hizkuntzari eta pentsamenduari buruz betitik dakiguna modu egokian antolatzea, aztergaia begien bistan kokatzea. Halatan, dagoeneko badakigun hori ordenatzeaz batera, geure mintzamoldea eta geure burua hobeto ulertuko ditugu.
Ikustea da erabakigarria, ez horrenbeste pentsatzea. Hitzen, hizkuntza-jokoen eta bizimoduen arteko konexioak, antzekotasunak eta aldeak ikusi egin behar dira. Pentsatzeari ekiten diogularik, bertatik bertara ikusten duguna aldez aurretik ikasitako irudietan eta eskemetan sartzen dugu. Sustrai ustelak izaten dituzte, ordea, irudi eta eskema horiek. Wittgensteinen leloetako bat: “Ez pentsatu; begiratu!”
Hizkuntzaren praktikei argiro antzematen zaienean desagertzen dira amaraun eta estres filosofikoak. Erremedioa behar bezala aplikatzen ez den bitartean, alabaina, botilan harrapatutako eulien antzera gabiltza, batetik bestera burrunbaka. Behin eta berriro jotzen dugu kristala eta koskor galantak ateratzen zaizkigu. Euliari botilako zuloa erakustea du xede Bigarren Wittgensteinen filosofiak.
Jende gehienak ez du filosofiarik behar. Wittgensteinek batik bat bere buruari eta bere antzekoei eskaintzen die bere terapia: sasi-auzi horien erruz estutzeko eta larritzeko joera dutenei. Adimena eta nerbioak lasaitzea da Wittgensteinen filosofiaren helburua: filosofatzeari uztea eta bakea.
Botila eta eulia