Bost egun lanean Haitin AEBetako ordubeteko soldata lortzeko

Bost egun lanean Haitin AEBetako ordubeteko soldata lortzeko

Bost egun lanean Haitin AEBetako ordubeteko soldata lortzeko

CODEVI, garapen industrialaren oinarrietatik aztertuta, eremu franko bat da, non 3.000 haitiar baino gehiagok gehi begirale dominikarrek lan egiten duten. 6 urte ditu Haiti eta Dominikar Errepublikaren artean kokatzen den lantegiak eta sarrerak ditu herrialde bietatik, lantegiaren beharren arabera bata edo bestea erabiltzeko. Kokapen horrek bikaina egiten du CODEVIren lantegia enpresa trasnazionalen beharrak asetzeko eta bezero berriak erakartzeko. Haitin sare elektrikoa oso mugatua da, beraz, lantegiak Dominikar Errepublikatik hartzen ditu behar dituen material eta zerbitzuak, ekoiztutako produktuen banaketa ere zonalde dominikarretik egiten du.

Bestalde, eremu frankoak langile merkeak behar baditu Haiti erabiltzen du. Haitik bizi zuen ezegonkortasun egoera sozial eta ekonomikoak milaka pertsona etsitu eskaintzen ditu ezeren truke lan egiteko prest. Dolar eta erdiren trukean langile batek hamabi ordu inguru lan egin behar ditu, jateko nahikoa ematen ez dien soldata baten truke. CODEVIko langile batek bost egun behar ditu lanean estatubatuar batek ordu bakar baten irabazten duena lortzeko, bost egun batek ordubete besteak.

CODEVI ehun-ekoizpen instalazioa 80ko hamarkadan Ronald Reagan-en gobernuak Haitiko garapenerako egindako diseinu estrategikoaren parte da. 2004.urtean Haitiko presidentea zenak 18 eremu frankoen sormena agindu zuen, herrialdeko garapen industriala sustatzeko plan bezala. CODEVI izan zen eremu franko horietako lehena. Munduko Bankuak finantzatu zuen enpresa trasnazional erraldoienen egarria asetzeko Haitin sortutako lehengo eremua. Eremu frankoak langabezi tasa altuko herrialde ezegonkorretan sortzen dira, 72% Haitiko kasuan. Ezegonkortasun horri esker pertsonak aukera gabe gelditzen dira eta lantegi horietan soldata minimoen truke lan egin behar dute, oinarrizko beharrak ere asetzen ez dituena. Planta horien aktibitate industrialen ondorio diren onura ekonomiko guztiak trasnazionalen esku gelditzen dira, beste herrialde batekoak direnak eta nekez lagundu dezakeena herrialde esplotatuaren garapenean.

GUTXI BATZUEN ONURA, ASKOREN ESKUBIDE URRAKETA

Nazio Batuen Erakundearen Haitiko egonkortzerako misioaren ezarpenarekin herrialdean kokatzen diren produkzio masiboko lantegiak lehenetsi dira. Horrela enpresa trasnazionalek abantaila ugari lortzen dituzte, karga fiskalen arintzea bezala. Eta, gainera, lege sozialak eta giza-eskubideak eremua mugatzen duen hesiaren bestaldean gelditzen dira.

Zonaldeko langileek jasan behar dituzten baldintzak salatzen dituzte. Langileen arabera lantegian ematen dieten ura ez da edangarria eta sukar tifoideko kasuak jasan dituzte. Lanordu kopuruaren eta lantegiarekin dauden komunikazio eskasen ondorioz langileak bertan janaria erostera behartuta daude, ez baitute denborarik janaria prestatzeko. Lan ezegonkortasunak hurrengo egunean lanik egongo den zalantzan uzten ditu langileak, Elkartasun Bideak-eko ekipo bati jakinarazi dioten bezala. Giza-eskubide eta eskubide laboralen aldarrikapenak dira CODEVIk gehien erabiltzen dituen aitzakiak langile zaratatsuak kaleratzeko.

Aberastasuna aztertuz gero, Haiti da Latinoamerikako herrialderik polarizatuena. Haitin langileak ez du eskubiderik eta politika neoliberalek estatuarekin akabatu dute. Estatuak ez du garraio, osasun publiko edo hezkuntza bezalako zerbitzuak eskaintzen. Ondorioz, zerbitzu horiek guztiak gizabanakoarengan uzten dira.

CODEVI bezalako eremu industrialen sorkuntzak aukera paregabeak eskaintzen dizkie munduko enpresa handienei, beraien produktuak koste minimoan produzitzea eta nazioarteko merkatuan abantaila lehiakortasunean. Eremu horietatik abantaila lortzen duten enpresek (ADIDAS, GAP, LEVIĀ“S, CALVIN KLEIN,BANANA REPUBLIC, DISNEY, DKNY, DOCKERS…) bitartekari txikiak kontratatzen dituzte ekoizpenaren ardura har dezaten, eta, horrela, lantegiekin edonolako lotura legala ekiditen dute.

Gizakien gaineko esplotazioaren uztak jasotzen dituzte, pertsonen gaineko eskubideak dituzte baina betebeharrik edo erantzukizunik gabe. Legalki esklabutza baino onuragarriagoa da, jabeak ez baitu esklaboaren gaineko betebeharrik edo erantzukizunik.

LANGILEEN MOBILIZAZIOAK

CODEVIren lehiakide zuzenak Asian eta Afrikan kokatzen diren antzerako eremu frankoak dira. Horrek etengabeko lehia dinamika baten sartzen ditu, etengabe kosteak minimizatuz produkzio maila handitzera behartuz. Eredu horretako plantak oso egitura dinamokoarekin sortuak dira. Helburua edonoiz desmuntatu eta lekuz aldatzea da. Egun gutxitan aukera hobeak eskaintzen dituen herrialde batera aldatzen da, milaka pertsona gose absolutura kondenatuz; nahi izan duena zigorgabe hartu eta nahi bezain pronto alde egiten du.

Langileen soldata igoera eta produkzio maila gutxitzearen aldarrikapenen aurrean lantegietako ikuskariek ejertzito dominikarrera jotzen dute. Sindikatu haitiarrek salatu dute, militar dominikarrek langile haitiarrak indarrez aldarrikapenak amaitzera behartzen dituztela gerra armak eskuetan dituztela.

Langileek askotan eskatu dute lan baldintzen hobekuntza. Eskaera guztiek ondorio berdina izan dute: bete gabeko hitzemateak. Lantegira heltzea errazago egingo zuen errepide bat eraikiko zutela eta lantegiko kafetegia prest izango zutela agindu zuten, baina, ez dute ezer bete.

MASACRE: JOAN-ETORRIKO IBAIA

CODEVI plantara heltzeko langile haitiarrek dagoen bide bakarra gurutzatu behar dute: Masacre ibaiko zubia. Izenak milaka haitiarren heriotzari egiten dio erreferentzia: Leonidas Trujillo diktadore dominikarrak bi herrialdeen arteko muga zeharkatzen zutenean akabatzea agindu zuenean. ETBk aste honetan Elkartasunaren Bideak saioak egindako dokumental bat emitituko du: asteartean ETB-3n 22:30etatik aurrera, larunbatean ETB-1n 13:00etik aurrera eta igandean ETB-2n 09:00etatik aurrera.