Borrokak eta liburuak

Borrokak eta liburuak –

Konturatu orduko apirila joan da, bere intentsitate eta kolore guztiekin. Egun beroak, epelak eta hotzak utzi dizkigu. Ostadarra eta izotza. Euri jasak eta bero sapa. Jaio berri diren arkume apurrak belardian dabiltzan bitartean, labanak eten egin du bizitza eman duten hiru ardien arnasa. Ardia bi arkume munduratzen ari dela, putreek bapo jan dute. Egunean bitan bildutako esnea, jada gazta-ganbaran dugu gordeta, ontzen. Apirilaren 13an atera ziren aurten egindako lehenbiziko gaztak etxetik, urdinak denak ere. Apirilak hartu ditu era guztietako borrokei eskainitako egunak eta liburuentzako tarteak. Borrokek eta liburuek egin dute bat apirilarekin.

Borrokak eta liburuak
Via Campesinak baserritarren nazioarteko borroken egunerako (apirilaren 17an) ateratako kartela.

Baserritarren nazioarteko borroken eguna izan zen apirilaren 17an. Gure egutegian, behinik behin, San Ixidro eguna baino garrantzitsuagoa. Bihotzean gordetako efemeridea, egunero bizi duguna: Brasilen poliziak 1996an eraildako hemeretzi nekazariak gogoan. Munduko toki askotan lurraren aldeko borrokek bizi-bizi jarraitzen dute; bizirik atera direnek malkoz erantzi nahi diete nekazarien gorpuei injustiziak jantzitako lokatza.

Badira lekuak, hala ere, gure malkoen faltan direnak. Gaza, adibidez. Ospitaletan odol eskasia dagoen bezala, hemengo nahiko malko ez dago gorpu haiek garbitu eta odolustea gelditzeko. Sionistek erauzitako olibondoak birlandatzeko. Nahiko oihu ez, lehergailuen burrunba isiltzeko.

Hemen borrokek beste forma batzuk hartzen dituzte, momentuz. Sotilagoak, gehienetan; kirrinkariak, askotan eta batzuetan pornografikoak. Maiz alea lastotik bereiztea zaila izaten da, eta ez gara gauza sare sozialen harien artetik alerik salbatzeko. Aletze lan horretan aurrera zoazela, bat-batean, jakin duzu egunero baserritar batek bere buruaz beste egiten duela estatu frantsesean –adibidez–. Hiltzeko modu asko daude, lehergailuak ez dira arma bakarra. Suizidatu diren lagun eta ezagunen presentziak ere gorpuzten dute zure borrokaren zentzua.

Eta horien guztien berri izan dugu baten batek jaso egin duelako. Gorpuetan odolez eta malkoz idatzitako horiek paperean tintaz bildu dituelako, gure amonak amantalean aleak bezala, banan-banan, tentuz, alerik gal ez dadin. Jabetzen ote gara zer garrantzitsuak ziren eskribauak eta zer inportanteak diren idazleak?

Izan ere, askotan, jasotakoak badu asmo bat, gogo bat, hitz bakoitzaren hautaketan: gerora metamorfosia gertatzea, alea ernaltzea. Zertarako  idatzi, bestela, Brasilez, Gazaz edo mendialdeko suizidez; ez bada, lurraldeotan bizitza loratzeko?

Liburuaren egunaz ari garenean, finean, notario iraultzaile horietaz ari gara. Adi, ez nahastu gorteetako idazkariekin; horiek ez baitira idazleak, irabazleen gurtzaileak baizik.

Gorde ditzatela liburuek iraultzen existentzia eta iraultzaile anonimoen bizitzak, etorkizunean bizitza lora dadin.

Betoz apirilak horien berri ematera, kukuarekin batera, bizirik gaudela esatera.

ARGIAn argitaratua

Borrokak eta liburuak

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude