Boom…!
Boom…! –
Segur aski ez zaizue ezezaguna egingo Espainiako Antena 3 kateko lehiaketa programa hori. Alde batera beste lehiaketa programa bat da, “pasapalabra” bezala, baina ikusle gehiago ditu, oker ez banago. Oraindik orain eraman du Los lobos ezizeneko taldeak kasik 7 milioi euroko dirutza lehendik pilatuta zegoen botea eramanik, eta Espainia guztian milioiek ikusteaz gain, gure artean ere, kopuru zehatzik ez badakit ere, nago askotxok ikusi dutela. Duela hilabete batzuk Urtzi Urkizuk egoki planteatu zuen gaia (“Herria (des)egiten duten lehiaketak”. Berria). Idatzi honetan bi galdera hauei erantzuten saiatuko naiz: 1. Zergatik dute holako arrakasta era horretako lehiaketa programek?; Zer dute kritikagarri? Eta, amaieran, galdera batzuk paratuko ditut.
Niretzat gako bat da horrelakoak programa kultural entretenigarritzat jotzen ditugula. Telebista-kateetan hainbeste zabor, hainbeste programa merke dagoen honetan galdera-erantzun esan dezagun “kulturaletan” oinarritzen diren programa hauek fama ona dute. Eta diru mordoa irabaz daiteke gainera; akuilu horren garrantzia ez dago azpimarratu beharrik bizi garen gizartean. Eta kasu honetan lehiakideak taldean joaten dira, ez bakarka, eta horrek beste osagai batzuk eransten dizkio.
Modu erosoan, zeure erudizioa proban jar dezakezu lehiakideek duten presio eta urduritasunik gabe -azkar(regi) erantzun beharrak zailtzen diu “ariketa” lehiakideei, aldi berean emozioa erantsiz ikuskizunari- eta modu errazean lehen baino erudizio gehiago izatera hel zaitezke era horretako programak ikusita. Dokumentalek baino arreta gutxiago galdegiten dute, eta jostagarriagoak dira edo izatera irits daitezke behinik behin.
Entretenigarritasunarekin loturik, ikusleek lehiakideen alderako senti dezaketen enpatiak eta atxikimenduak axola handia dute. Pareko edo atsegin gertatzen bazaizkizu lehiakideak erraza da programarekin zaletzea eta kasik biziatzea ere, hots, programa hori ikusi gabe hutsunea nabaritzeraino heltzea. Delako Los lobos ezizeneko taldearekin horixe gertatu dela esango nuke: jende askori jatorrak, atseginak eta pertsona onak eta azkarrak gertatu zaizkio, maitagarriak eta programaren alderako zaletasuna sortu dute. Gainera bi urtetik gora egin dute programan, suertatu zaizkien aurkari guztiak gainditurik, eta lehiakide “jatorrenetako” bat -abeltzaina lanbidez- duela ez asko hil zen, eta horrek ere lagundu du jendea are eta gehiago programara lotzeko.
Aurkezlea ez dut aipatu, eta, jakina, axola handia du, atsegin gertatzen bazaizu ikustea erabaki dezakezu, eta, bestela, aldatu egiten duzu. Halere, aipatzen ari naizen kasu honetan nago lehiakideek garrantzi handiagoa izan dutela aurkezleak baino.
Laburbildurik, kulturalak eta jostagarriak izatearen fama dute, aurkezle eta lehiakideen alderako enpatia eta sinpatia eragin ditzakete eta eragiten dituzte, eta kasu batzuetan edo askotan adikzio-sortzaile gerta litezke eta gertatzen dira. Diru asko irabaz daiteke gainera, dena osatzeko.
Zer dute kritikagarri? Benetan “kulturalak” dira? Egia da erudizioa txarra ez dela. Memoria lantzea eta erudizioa, berez txarrak direla ezin esan, baina programa horietan galdera bitxi, aldrebes, lerdo eta ergel ugari egiten da, eta lehiakideak behartuak daude mila txorakeria ikastera, dirua lortu nahi badute. “Zenbat gol sartu zituen halako jokalarik halako futbol txapelketatan?” eta gisako askotxo. Memoria entziklopedikoa eta azkarra izan beharra -ideien asoziazioa, analisiak eta sintesiak egiteko gaitasunak-eta guztiz kanpo gelditzen dira; gaitasun horiek intelektualegiak dira nonbait, eta espektakulu herrikoiari ez diote, antza, laguntzen-, eta lerdokeria mordoa ikasi beharra dakarte era horretako programek. Antiideologizazio eta akritizismoaren lagun dira era berean, eta ikuskizun eta espektakuluaren gizartea dute loditzen eta bazkatzen.
Halaber, gure kasuan, “periferiakoak” asimilatzen laguntzen dute, Mendebaldeko erreferentzia orokortu eta hedatuenez gainera, espainol erreferentzia eta ikuspegiez blaitzen gaituzte tonto-tonto Antena 3-n bezala ETB2ko lehiaketa programan, noizik behinetan euskal erreferentzia bakan eta salbuespenezkoren batekin nahasian. Los lobos-en kasuan kasik heroi nazional izatera heldu dira. Aurretik ere bagenekien espainiar jator asko dagoela, baina horrelako programen bitartez, nabarmenago ikusarazten eta sentiarazten gaituzte komunitate edo nazio bereko, inoiz baino nazionalago programa kultural-entretenigarrien bitartez.
Oraingoz eta puska batean ematen du gisa horretako arrakastarik izatea ezinezkoa zaiola euskarazko lehiaketa programa bati. Arrazoi askorengatik, besteak beste, euskarazko eskaintzaren kaskartasuna, euskaldunon joera eta errutina erdarazko programak ikusteko… Eta zer?, esango dute zenbait irakurlek: baditugu aurreragokoak! Eta bat natorkie. Baina diodan honek, hots, aisialdiaren zati garrantzizko batean programa espainolak irensteak, eta tonto-tonto tarte batean bada ere nazional bihurtze honek ez du batere axola?, zer deritzozue?
Boom…!
Txiskola eta Dragoi Bola berpiztu ezean herri hau hil egingo da.
Eta programa horietako espezimenak ez dira erudituak. Memoria externo batek ez du ordenagailu on bat ordezkatzen. Are okerragoa dena, programa horiek aspergarriak dira.
Hil honen 8an, seko aspertuta zeuden 4.200.000-k ikusi zuten. Horietatik, ziur nago, 500.000 euskal herritarrak zirela. Horietatik 200.000 helebidunak. Hori da errrealitatea
Udaberri eta udazken batzuk baditut bizkar gainean, eta sentitzen dut Txiskolagatik baina oraindainkoan lehiaketa programa gustukoena, nik uste, ahots ederreko Constantino Romerok aurkezten zuen El tiempo es oro izan dudala (1987-1992). Lehenbizi, kultura orokorreko galderak erantzun behar izaten zituzten lehiakideek, eta ondotik eurek hautatutako gai jakin bati buruz galdetzen zitzaien, eta azkenik, azken galdera bat erantzun behar zuten bi lagunen eta entziklopedien laguntzarekin. Egiptologia hautatu zuen lehiakide bat daukat gogoan. Programaren zain-zain egoten nintzen.
Amestea libre da, eta asko baino lehen, aukera izango dugu gisa horretako programaren bat euskaraz ikusteko. Bat etorriko da euskal gaietan ezin hobeki prestatua; beste bat Ipar Euskal Herriko historian, eta hirugarren bat Hego Euskal Herrikoan. Arrakasta itzela izango du, alimalekoa, dudarik ez egin!
Pachi Alonsok aurkezten duen lehiaketak sekulako kiratsa jariatzen duela gauza jakina da. Galdera eta erreferentzia espainiarrak dira gehiengoa, atzera botatzera iristeraino.
Baina, kulturaz gain, bada beste ikuspegi garrantzitsu bat lehiaketetan: dirua! ETBko lehiaketa euskaldunetako sariak lotsagarriak izan dira betidanik, azken aldian askoz gehiago! Diruaz ari garela, ETB1 eko azken fikzio lan eskakizunean 450000€ eskaintzen zituzten 4 ataleko serie bat egiteko. (Movistarreko fikzio zuzendariak esana du La Pestek 10 miloiko aurrekontua zuela 6 atal egiteko) Kontua da, Los Lobos taldekoek 6600000 eurotik gora eraman omen zituztela etxera. Hau da, lehiaketa español batean irabazitakoarekin 4 ataleko 14 miniserie euskaldun egiteko aukera ikusten du ETBko zuzendaritzak! 58 atal! 14 urterako adina serie! 2033. urterarteko produkzio propioa, alajaina!!
Aurkez daitezela, beraz, otoi, Barinaga, Iturbe eta Bolinaga lehiaketa horretara, osterantzean, orain artean bezala ibiliko gara-ta, FIKZIORIK GABE!
Eskerrik asko Ayla informazio eta iritziagatik.
Behin baino gehiagotan entzun dut aurrekontu askoz kaskarragoa duela ETB1ek; eta, alderantziz behar luke, diskriminazio positiboa, arrazoi askorengatik.