Black friday
Black friday –
Black friday. Beste behin ere iritsi da. Beste behin ere denen ahotan ibili da; eta denen diruzorroetan nabaritu da. Black friday egunarena baino etorkizun beltzagorik…
NASIMA. 11 urte ditu, eta duela lau bere familiarengandik banandua izan zen, Bangladeshko iparraldetik; lan duin baten promesaren pean. Azken lau urte hauetan, familia ez ikusteaz gain, txabola zahar batean bizitu da, argirik eta urik gabe. Astean hiruzpalau aldiz jotzen dute makilekin, bahitu berritan burni gori-goriarekin marka bat egin zioten, behiei bezala, eta zigarro piztuekin erretzen dute.
SHANKAR. Oraindik ez ditu 10 urte bete eta dagoeneko gutako askok bizitza osoan sufrituko duguna baino gehiago sufritu du. Lanean hasi zenean, oroitzen du bere ama faltan bota eta negar egiten zuenean nola ixten zituzten gela ilunetan; janari zein urik gabe, noski.
DAMINI. Indian jaio zen eta 13 urte ditu. Haur lankideekin hitz egiten bazuen zigortu egiten zutela oroitzen du. Behin, Gangesen sartu zen, bere buruaz beste egiteko asmotan; egun harrezgeroztik ez diote bere familia ikustea zein herrira bisitan joatea baimendu.
SIMA. Sei urteren jabe da neskatxa indiarra, eta urte osoan esplotatua ez bada ere, urtero, bi hilabetez, familia osoak algodoi zelaietara migratzen du. Sima eta bere ahizpek eskola galtzen dute, baina bestela ez dute jatekorik izango. Bere ahizpa zaharragoek diote Simak zortea duela, kotoi-landarearen altura berekoa izanik eta behatz txikiak dituenez, errazagoa baitzaio bilketa-lana.
Ez ditut ezagutzen. Ez Nasima, ez Shankar, ez Damini eta ez Sima. Eta ez ditut ezagutzen uneoro, esplotatuak izaten ari diren miloika eta miloika umeak. Ez ditut ezagutzen, eta nahiago nuke munduak horrelakorik ez balu; ezagutzeko beharrik ez balu, haurrek izan beharreko kezkak beste batzuk direlako.
Eta pentsatzea hainbeste haurren sufrimenduan, beldurrean, malkoetan… Pentsatzea nire anai-arrebak izan zitezkeela, neure seme-alabak izan zitezkeela… neu izan nintekeela. Eta pentsatzea min guzti hori gu janzteko pairatzen dutela; gure armairuan kolore bakoitzeko hiru kamiseta eta eurekin konjuntatzen duten galtzak izan ditzagun. Black friday, benetan beltza bai.
Black Fraudey esango nuke.
Iruzur hutsa.