Bitxilorearen hostoak

Bitxilorearen hostoak –

Berlin. 1989. Askatasunaren ikur. Azaroak 9 zituen. Duela 35 urte. Euforia beteko giroan, hippy itxurako txima luzeko milaka gazte harresira igo eta beren pikotxa apalekin murruaren porlana zulatzen hasi ziren. Poliziak, ikusle. Haiek ere txunditurik; besoak eta armak behera erorita. Zer egin jakin gabe. Gazteek garaipenaren ikurra egiten zuten. Hunkituta, negarrez, elkarri besarka. Mundu osoko telebistak, beren programazioak etenda, gertakizunaren berri zuzenean ematen hasi ziren. Irudiak trumilka zabaltzen hasi ziren. Isurtzen kontrolik gabe, borborka, sumendi zoragarri batek bota izan balitu bezala. Beethovenen Alaitasunaren himnoak blaitzen zuen zelofanezko eszena, ia horditzeraino. Gora bihotzak.

Berlingo harresiaren erorketa kapitalismoak azken hamarkadetan planetari oparitu dion metaforarik ederrena izan da. Minutu gutxitan, askatasunaren leherketak den-dena hartua zuela zirudien. Askapenaren koloreak eta alaitasunaren lurrinak —jenialtasun kolpe bakar batez— gai izan ziren hamarkada luzeetan ondutako gris-amalgama osoa eta autoritarismo mota guztiak ezabatzeko. Brabo.

Zein ederra izan daitekeen metafora eta zein krudela errealitate gordina. Egun, «harresiaren beste aldean» bizi ziren herritarrek, oraindik ere, «beste aldean» jarraitzen dute. Bigarren mailako. Harresia erori bai, baina arrakala sakona da oraindik. Ekialdekoak. Bestaldekoak. Gutxietsiak. Ahaztuak. Ane Irazabalek abuztuaren 29an Gasteizen eskaini zuen hitzaldi ederrean primeran ilustratu zuen egoera: «Mendebaldekoek hobeto ezagutzen dute Mallorca beren herriko ekialdea baino». Gobernu federalak ez ditu ekialdeko alemaniarren beharrak aintzat hartzen.

Hertzainak taldeak errealitatea zein gordina izan daitekeen aspaldi erakutsi zigun: Nola aldatu diren gauzak, kamarada. Tarte laburrean gainera. Joan den igandean eskuin muturreko AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi xenofoboak emaitza ikaragarriak lortu ditu hauteskundeetan. Turingian bozketak irabazi ditu botoen %32,4rekin. Saxonian, bigarren indarra dira (%30,7), CDU kontserbadorearen atzetik (%31,8). Xenofoboen babesa nabarmenagoa da gazteen artean. Turingiako 18-24 urte bitarteko gazteen artean AfDk %38ko babesa jaso du. Bigarrena Die Linke izan da (%16rekin). Badirudi neofaxistek zaila dutela —momentuz— gobernabidea lortzea, baina… beren eragina hor dago.

Galdera gakoa da: CDUk mantenduko al du AfDri ezarri dion boikota («babes-hesia») eta, horrela balitz, prest al dago Turingian eta Saxonian Die Linke eta BSW alderdi ezkertiarrekin gobernabidea bermatzeko? Kontuan izan behar da kontserbadoreek beste «babes-hesi» propioa dutela Die Linke alderdiarekin. Ez dute ezer jakin nahi «komunista ohiekin». Gainera, alderdi honen jaitsiera nabarmena izan da. Horren erruduna oso mediatikoa den Sahra Wagenknecht-en Aliantza —BSW alderdia— izan da. Arrakasta handia lortu du igandean. Botoen %15,8 Turingian eta %11,8 Saxonian. Gobernabidea haien esku ere badago. Arrakasta horren oinarrian Europa eta mundu osoa zeharkatzen ari den funtsezko eztabaida dago: migrazio politikak. BSWk ekonomikoki formula ezkertiarrak proposatzen baditu ere, migrazio eta inguramen-kontuetan ideia kontserbadoreak defendatzen ditu.

Migrazio-politikak, erdigunean

Faxismoaren mehatxua ez da metafora bat. Ate joka dago. Nazismoa 1945ean garaitua izan zenetik, Europako erdialdean ez dute inoiz hain gertutik ikusi. Hitlerrek egin bezala, oraingo neofaxistek besteekiko gorrotoan oinarritzen dute beren estrategia politikoa, nazionalismo baztertzailean: «Migratzaileek gure lana kendu, gure haurrak hil eta gure emazteak bortxatzen dituzte. Eta gainera, inon diren diru-laguntza guztiak ematen zaizkie guri ukatzen dizkiguten bitartean». Ezaguna egiten zaizue mezua? Hain muturreko iritziak ez dira —zorionez— oso ohikoak Euskal Herrian, baina mezuaren zatiren bat edo beste jende askok erosten du (diru-laguntzen auzia, esaterako) eta alderdi guztietako boto-emaileen artean entzun daitezke.

Arnaldo Otegi udan (abuztuaren 23an) mintzatu da gai honetaz. Hauxe esan du: «Migratzeko eskubidea ez da lehen eskubidea, bigarrena baizik. Lehena da jaio zaren herrian duintasunez bizitzeko eskubidea. Eta bigarrena, jakina, arrazoi politikoak edo ekonomikoak direla medio, migratzeko eskubidea da». Baita ere esan zuen, behin hona etorrita, pertsona horiek —gainerako herritarrek bezala— eskubideak eta betebeharrak dituztela eta den-denak errespetatu behar direla, Ataungoak izan edo Afrikakoak izan. Gogoetak behar dira, bai.

Xenofobiari eta faxismoari aurre egiteko modu asko daude. Eremu intelektualetik kaleetaraino. Instituzioetatik unibertsitateetaraino. Komunikabideetatik lagun arteko solasaldi ustez hutsaletaraino.

Kanpotik gure komunitatera norbait datorrenean nobedadea da beti. Nondik etorri da? Zer egiteko?, dira ohiko galderak. Ez diegu zuzenean galdetzen. Lotsaz edo. Hizkuntzaren muga tarteko. Komunitatea aberastera datorrela pentsatuko dute batzuek. Beste batzuek, berriz, susmo txarrak antzemango dituzte.

Gure herriak, kaleak eta komunitateak aldatzen ari dira. Mundua bera ikaragarri aldatzen ari da. Ziurgabetasuna dugu ardatz: han eta hemen. Baina ziurgabetasun horrekin bizitzen ikasi behar dugu. Mario Benedettik modu poetikoan azaldu zuen sentsazio hori: «Ziurgabetasuna bitxilore bat da; hostoak kentzen hasten zara, baina ez duzu inoiz amaitzen».

Bitxilorearen hostoak. Zergatik kendu? Miretsi ditzagun bere ederrean.

Bitxilorearen hostoak
Arg: Thomas Bresson

berrian argitaratua

Bitxilorearen hostoak  Bitxilorearen hostoak  Bitxilorearen hostoak  Bitxilorearen hostoak  Bitxilorearen hostoak

Kazetaritzan doktorea eta gizarte komunikazioan ikertzailea, EHU

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude