Birziklapenean baino, erabilera murriztean datza plastiko kutsaduraren konponbidea
Birziklapenean baino, erabilera murriztean datza plastiko kutsaduraren konponbidea –
Plastiko kutsadurari konponbideak aurkitu nahian, Kenyako hiriburuan bildu ziren 161 estatuko delegatuak, hainbat GKE eta industriaren sektoreko presio-taldeekin batera azaroaren 13tik 19ra. Negoziaketetan lehiatzen dira bi estatu multzo: bata, ekoizpena murriztearen aldekoa eta bertzea, horren ordez, birziklatzea sustatzearen aldekoa. Alta, birziklatzearen erabilera politikoak eta muga fisikoek erakusten digute lehen aukera baizik ez dela bideragarria.
Plastikoz blai bihurtu zaigu biosfera: mikroplastikoak –5 mm baino gutiagoko plastiko puskak– itsasoak bete eta bertako ekosistemetan metatzeaz gain, hortik lurrinketarekin aireratu eta atmosferan aurkitzen dira ere, hainbat ekosistematan barreiatuz, hala Pirinioetan nola Artikoan. Kutsadura hori gure odolean eta gure burmuinean aurkitzen da, gure osasuna kaltetuz. Zaborra sortzen duen kate honen hasierak ere –petrokimikak– kutsadura sortzen du: oro har, plastikoaren ekoizpenak eta erabilerak berotegi efektuko gasen isurketen %3,4 sortzen zuten 2019an.
2000tik 2020ra plastiko ekoizpena bikoiztu da, munduan 460 milioi tona izateraino. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen arabera, gaur egundik 2060ra zabor plastikoa hirukoiztu daiteke, baina gaur egun plastikoaren %9 baizik ez da birziklatzen, gainontzekoa lurperatzen delarik, edo erretzen, edo ingurumenean barreiatzen.
Azken urteotan mikroplastikoen eraginaz ohartze globala zabaldu da, eta hainbat ekimen martxan jarri dira horri aurre egiteko. Horietarik bat azaroaren 13tik 19ra Nairobin (Kenya) antolaturiko goi-bilera izan da. Bertan bildu ziren 161 estatuko 2.000 inguru delegatu, plastiko kutsaduraren aurkako mundu mailako neurriak adosteko asmoz. Bortz goi-bileren hirugarrena izan da Nairobikoa, eta bertan ageri da, oro har, negoziaketak bi talderen artean egituratzen direla.
Bi ikuspegi talkan: birziklatu edo ekoizpena murriztu
Alde batetik, hirurogei bat herrialde, Rwandak, Norvegiak, Kenyak eta Europar Batasunak bultzaturik, hitzarmen hertsagarri baten alde dira, plastikoaren kontsumoa eta ekoizpena murrizteko helburuarekin. Rwanda izan da, hain zuzen, plastikozko poltsak debekatu dituzten lehen estatuetakoa. Bertzaldetik, AEB, Saudi Arabia, Txina, Errusia eta India, kontsumoa murriztu beharrean, zaborren kudeaketa eta birziklapena lehenesten dituztenak.Hainbat GKEren arabera, bigarren multzo hori aurrerapenak oztopatzen aritu zen. Fondation de la Mer (“Itsasoaren Fundazioa”) erakundeko presidente Sabine Roux de Bézieuxek dio estatu batzuek asko galtzeko luketeela ekoizpena murriztea adostuko balitz, plastikoa ekoizten dutelako edo haien industriak eta bizimoduak plastiko asko kontsumitzen duelako.
Ontzi botagarriak petrolioaren sektoreak bultzatu zituen 1970eko hamarkadan, ordurarte berrerabiltzen ziren –nagusiki beirazko– ontzien ordez. Ontzi botagarriak hobe onartarazteko, birziklapena sustatu zuten –hitzetan bederen, praktikan dena birziklatzetik oraindik oso urrun baigaude–. Birziklatzeak ontziaren kostua eta ardura esternalizatzen ditu, partzialki edo osorik, kontsumitzaile eta erakunde publikoen gain.
Industriaren ahaleginez, 1970eko hamarkadatik hona zaborren kudeaketa norberaren ardura bihurtu da; nagusiki, ekoizpen prozesua ekuaziotik kenduz, eta dena birziklatuko ez zela hasieratik jakinik ere. How Big Oil Misled The Public Into Believing Plastic Would Be Recycled (“Petrolioaren sektoreak plastikoa birziklatuko zela nola sinestarazi zion publikoari”) erreportajean Laura Sullivanek azaltzen duen bezala, AEBko Plastiko Industriaren Elkarteko presidente ohiak argi erran zuen: “Birziklatzeak funtzionatzen duela uste badu publikoak, ingurumenari buruzko kezka gutiago egonen da”. Gaur egungo negoziaketetan joera horrek darrai, eta aurrerapenak oztopatzeko ahaleginetan orain dator “plastiko kredituen” proposamena: “karbono kreditu” famatuen modura, birziklapenean inbertitzearen truke ekoizpenaren garapena baimenduko lukete kreditu horiek.
Birziklatzea konponbide baliagarria ote?
Birziklatzea erretzea baino praktika hobea denik ez da eztabaidagai, baina halere arazo asko ditu, lehena bere tasa apala delarik. Europan plastikoa gehien birziklatzen duten estatuak Eslovakia eta Lituania dira, baina %56ra baizik ez dira iristen. Tasa apalenak Frantzian (%21) eta Maltan (%10) aurkitzen dira. Baina %100 lortuko bagenu ere, arazoa ez litzateke konponduko: birziklatzeak nanoplastikoak sortzen ditu, hots 1 µm baino gutiagoko mikroplastiko puskak. Hala ikusi zen Norvegian polietilenoa birziklatzen duen lantegi baten hurbileko erreketan, Plastic recycling plant as a point source of microplastics to sediment and macroinvertebrates in a remote stream (“Plastiko birziklapen lantegia, urruneko erreka bateko jalkin eta ornogabeentzako mikroplastiko iturri gisa”) lanak erakusten digun bezala. Erresuma Batuan, The potential for a plastic recycling facility to release microplastic pollution (“Plastiko birziklapen lantegi batek mikroplastiko kutsadura isurtzeko duen potentziala”) ikerketak erakutsi duenez, birziklapenerako lantegi batera iristen den plastikoaren %13 arte mikroplastiko bilakatu eta kanpora isuri daiteke eta existitzen diren filtro onenak erabiliz, berriz, %6. Urean zabaltzen diren mikroplastikoak itsasora doaz, eta bertan ere gehiago txikitu eta barreiatu ditzateke zooplanktoiaren osagai batzuek, zehazki errotiferek, Microplastic fragmentation by rotifers in aquatic ecosystems contributes to global nanoplastic pollution (“Ekosistema akuatikoetan errotiferen eskuko mikroplastikoen zatikatzeak nanoplastiko kutsadura emendatzen du”) lanak berriki azaldu duen bezala.
Orduan, erremedioa bioplastikoetan ote datza? Hala espero genuen, baina Not so biodegradable: Polylactic acid and cellulose/plastic blend textiles lack fast biodegradation in marine waters (“Ez hain biodesegingarri: azido polilaktikozko eta zelulosa/plastiko nahasizko ehunek biodesegite lasterra eskas dute itsas uretan”) idatziak erakutsi digu ez dela guztiz hala.
Zailtasun horiek agerian uzten dute plastikoen erabilerak, neurri handian, kutsadura itzulezina eta konponezina sortzen duela, eta aterabideak birziklatzean eta “plastiko kredituetan” oinarritzeak arazoa larritu baizik ez duela eginen. Orain arteko kalteak ez emendatzeko, plastikoa erabiltzeari eta ekoizteari utzi behar genioke. Horretarako zer eskas zaigu?