Bigarren olatua xake egoeran
Bigarren olatua xake egoeran –
Latinoamerikako bigarren olatu ezkertiarra AEBetako atzealdeko patioaren muina diren lau herrialde garrantzitsuetara iritsi da: Mexiko, Kolonbia, Peru eta Txile. Horrez gain, lehen olatu ezkertiarrak eta XX. mendeko latinoamerikar mugimendu askatzaileek egin ez zuten bezala, justizia sozialaren diskurtso integralago bat eraiki du.
Aurreko esperientzia ezkertiarrek masak pobreziatik ateratzeko ongizate politikak bultzatzea zuten xede. Logika sinple batetik pobreenen artean emakumeak, gutxiengoak eta arrazializaturiko pertsonak gain ordezkatuta daudenez, pobrezia gutxitzea, hezkuntza ematea eta osasun publikoa eskaintzea haien egoera automatikoki hobetzea zela interpretatzen zen. Kontua da ez dela nahikoa genero, klase eta arrazializatu horiek bizi duten menpekotasun egoera amaitzeko. Izan ere, matxismoa, klasismoa eta arrazismoa ez dira desagertzen pairatzen dituztenen egoera ekonomikoa soilik hobetuz, menpekotasunak amaitzeko eta justizia soziala lortzeko beharrezkoak dira politika feministak, dekolonialak, ekologistak eta klasismoaren kontrakoak, aurretik egin zirenak baina era sendoagoan.
Eskuinak estatu kolpe leun edo gogorrak ematen ditu eta gauzatzen ez dituenean ere, boterera iritsi berri den ezkerrari mugak ezartzen dizkio
Olatu berriak justizia sozialaren aldeko borrokak dituen askotariko dimentsioak aipatzen ditu, arazoak, baina, proiektuak aurrera eramateko dituen problemak dira, barne ahuleziengatik, batzuetan diskurtsoaren erabilpen kosmetikoagatik eta eskuin erradikalak duen indarragatik. Eskuinak estatu kolpe leun edo gogorrak ematen ditu eta gauzatzen ez dituenean ere, Brasilen bezala Kongresua hartu ostean, boterera iritsi berri den ezkerrari muga sinboliko eta materialak ezartzen dizkio. Azken estatu kolpea Pedro Castilloren kontrakoa izan da Perun. Ez da lehenengo aldia Parlamentuak Perun presidentea kargugabetzen duela konstituzioaren bihurrituriko interpretazio batekin. Halere, Castilloren kasua apartekoa da, presidente bilakatu zen unetik kargugabetzen saiatu direlako behin eta berriz.
Castilloren jatorri nekazariak eta indigenak asaldatu zuen hiriburuko elite zuria, ez bere politikek. Gabriel Boricen politikek asaldatzen ez duten bezala, baina Txilen prozesu konstituziogileak huts egiteko elementu garrantzitsuena izan da jatorrizko herriei ematen zitzaien aitorpena eta autonomia. Bitartean, kontu sinbolikoetatik haratago, Boricek ezin izan ditu bere herritar pobreenen bizi baldintzak nabarmen hobetu. Horrek ere esplikatzen du zergatik bere kudeaketaren onespena %23 den eta gaitzespena %61 (Centro de Estudios Públicos).
Boric espektatibetatik urrun dago, Txilek dituen aingura neoliberalengatik eta AEBek duten hegemonia kulturalagatik, ezkerrean ere bai. Ez dago ikustea baino nola Boricek ez duen elkartasun keinurik agertu Peruko Castillo presidente ohiarekin: zuria ondo lerrotuta zurien posizioekin. Berriz, Gustavo Petrok Castillorekin elkartasuna adierazi du, Latinoamerikako gainerako ezkerreko agintari guztiek bezala. Petrok kolonbiarren %48ko babesa du, kontra dauden %44aren aurrean (Invamer). Mexikoko presidentea, Andrés Manuel López Obrador, %69ak babesten du eta bakarrik %23ak gaitzesten du (Morning Consult). Biak espektatibak bete eta hobetzen ari dira, Boliviarekin batera, salbuespenen artean daude. Gainerako ezkerrak AEBengatik mugatuta edota noraeza kosmetikoan daude. Horregatik, Lularen papera garrantzitsua izan daiteke, nahiz eta eskuineko indarrek gehiengoa izan Brasilgo parlamentuan. Lulak agenda geopolitiko soberanoa garatzea lortzen badu, latinoamerikar herrialdeentzat aukera politikorako egitura berriak ireki ditzake, burujabetasunaren eta justizia sozialaren bidean. Hala bedi.
…
ARGIArentzat egindako kolaborazioa