Bic eta Vic
Bic eta Vic
Joan Coma Rourak berak eman zuen twitterrez atxiloketaren berri. CUPeko zinegotziak bi aldiz egin dio uko Auzitegi Nazionalean deklaratzeari, eta Ismael Moreno magistratuak ikerketa abiatu du, independentziari buruz egindako adierazpenetan egon daitekeen delitua aztertzeko. Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari eta mossoei agindu die agerraldi publikoetan eta sare sozialetan egindako adierazpenak bil ditzaten.
Magistratuaren arabera, Coma Rourak “desobedientzia kolektibora dei egin zuen”, eta hori dela-eta onartu du Fiskaltzak egindako eskaera. Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen Comak. Viceko zinegotziak, aske geratu ostean, «desobedientziaren logikari» jarraituko diola adierazi zuen. Balantze txiki bat egite aldera, bi astean CUPeko seigarren atxilotua da Coma Roura. Duela bi aste bost kide atxilotu zituzten, eta hurrengo egunean aske utzi, baina Espainiako koroari irainak egitea leporatuta.
Pentsatzen dut ezaguna egingo zaizuela segmentazioaren kontzeptua, baina badaezpada azalpen txiki bat dakart: “merkatu-segmentazioa marka batek aurrera daraman marketin-estrategia bat da, produktu generikoa gainditu eta merkatuan ezaugarri bereziak dituen produktuaren bertsio ezberdin bat diseinatu eta merkaturatzeari ekiten diona”.
Esaterako, merkatuan gehien segmentatuta dagoen ataletako bat jogurtena da, zeren eta marka bat atal batean liderra izatea lortu ez duenean atal berri bat sortzeari ekin dio; oso zerrenda luzea da jogurt motena.
Nik uste Bic enpresa harantzago doala, edo guztiz kontrakoa egiten duela, beraien artean zerikusi gutxi daukaten hiru produktu ekoizten dituztelako: boligrafoak, metxeroak eta bizar-xaflak. Lehengo biak oso ondo betetzen dute beraien funtzioa, eta hirugarrenaren bueltan zer esango dizuet ba… Bic boligrafo batekin erreklamazio gutun bat idatziko nioke enpresari, eta metxeroarekin bizar-xaflari su eman. Baina beno, hori kontsumitzaile elkarteren batekin eztabaidatzeko gaia da, ez zuekin.
Iruditzen zait Vicen ere elkarren artean zerikusi gutxi zeukan geroz eta jende gehiago ari dela elkartzen espazio berdinetan, Joan Comak jasan duen erasoaren aurrean jendartea ematen ari den erantzuna lekuko. Batzuk historia idazten ari dira, beste batzuk sua piztuko dute, eta egongo da aho-bizarrik gabe hitz egingo duenik ere; baina guztiak izango dira Vic, eta guztiek egingo dute lan esku artean daukaten enpresa aurrera atera dadin: Kataluniako Errepublika.
Bic eta Vic