Bi bider jipoituta

Bi bider jipoituta –

Martxelo Otamendi BERRIAn.


Kate bat da, behin eta berriro errepikatzen dena. Txiroa zara, inguru txiro batean bizi zara, lurrikarak maiz samar gertatzen diren lurretan bizi zara, lurrikaren aurkako sistemarik ez daukan etxe txiro batean bizi zara. Ondorioa? Hildako asko beti, eta kopuru ikaragarria askotan. Atzo Kurdistanen, Turkian eta Sirian jazo legez.

Ez da erresignazioz hartu behar, konponbiderik ez daukan zoritxarraren erabaki bat balitz bezala; txirotasunaren ondorio zuzena baita. Konponbide zaila dauka, milioika pertsona bizi direlako mundu osoan tragedia bera jasateko arriskua daukaten guneetan. Egongo dira esaten dutenak konponbidea zaila izateaz gain garestia ere badela. Ba ote dago 2.300 hildako onartzea baino ezer garestiagorik?

Bi lan nagusi daude horrelakoetan. Aurrekoa, prebentiboa, eta ondorengoa, elkartasuna. Azken horrek ezin du iraupen laburrekoa izan, ezin delako desagertu lurrikararen albistea komunikabideetako lehen orrialdetik erortzearekin batera. Eta askotan geratu da, nazioarteko laguntzak agindu lehen egunetan, eta hitza bete ez. Ez dago urruti 2010eko urtarrilean Haitiko hiriburua txikitu zuen lurrikara. Herrialde horretako gizarte taldeek askotan salatu zuten ez zela iritsi agindutako guztia, eta iritsitakoaren zati bat ez zela erabili babesgabeenei laguntzeko.

Bi bider jipoituta
Arg: Angelo_Giordano

 

Bi bider jipoituta

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.