Betirako urpetutako lurrez ordaintzen dute klima aldaketa Hego Sudanen
Klima aldaketa Hego Sudanen –
Hegosudandar gehienak txirotasun larrian bizi izan dira azken bi mendeotan gutienez, eta zoritxarrez, estatu independente bihurtzeak ez die egoera hobetu, munduko herrialde txiroena baita, hainbat gerra tarteko. Testuinguru oso hauskor horretan klima aldaketak zailtasun berri bat dakar, gerrek bultzaturiko errefuxiatuei uholdeena gehituta. Lurraldeak jasandako klima aldaketaren kalte horiek nork ordainduko ditu?
Hedabide handietan gutien aipatzen diren estatuetakoa da 2011n independentzia lortu zuen Hego Sudan. Historian zehar bertako biztanleak luzaz izan dira ustiapenaren eta zapalkuntzaren piramidearen beheko solairuan. Erresuma Batuak Afrika Ekialdearen gehiena kolonizatuta zuen garaian, eta Suezeko kanala kontrolatzeko Egipto militarki menperatzen zuelarik, Egiptorekin batera Sudan kudeatu zuen 1899tik 1956ra. Garai hartako Sudanen barruan, britainiarren politika kolonialak ipar arabiarraren garapena lehenetsi zuen, hegoan bizi ziren azal ilunekoak bazter utzita. Eskolak, ospitaleak, bideak eta zubiak eskas zituzten hegoaldean.
1958an Sudan estatu independentea bilakatu eta gero, politika bera atxiki eta hegoa atzean uzten jarraitu zuten. Horrek hainbat matxinada sortu zituen, baita Afrikako independentzia gerra luzeenak piztu ere –lehenak, 1955tik 1972ra iraun zuen, autonomia estatutua lortu arte, eta bigarrena 1983an piztu zen, estatutua kentzeagatik eta 2005 arte iraun zuen–. Bi gerra luze horietan 2,5 milioi pertsona hil ziren –erraz idazten da– eta bistan dena, herrialdearen azpigarapen egoera ez zen hobetu. Haurdunaldiko hilkortasun tasa eta emakumezkoen analfabetismo tasa munduko gorenak ziren 2011n, estatuaren sorreran. Oinaze zerrenda luze hori pairatzea aski ez balitz, 2013an gerra zibila piztu zen, Salva Kiir presidentearen –Dinka etniakoa eta katolikoa– eta Riek Machar presidenteordearen –Nuer etniakoa eta presbiteriarra– jarraitzaileen artean, zatiketa politikoa baino, etnikoa eta erlijioaren araberakoa zelarik. Estimazioen arabera, 400.000 pertsona hil ziren gerra zibil honetan. Orduz geroztik, bi etnien arteko gatazkek segitzen dute.
Ura ere etsai bihurtu zen
Halako testuinguru politiko eta ekonomikoan ez da harritzekoa Hego Sudango jarduera nagusia industriaurreko iraupeneko laborantza izatea, nahiz eta bertze eskualde txiro batzuk bezala, Balutxistan kasu, baliabide naturalez oso aberatsa den. Burdin, kobre, kromo, wolframita, diamante, teka eta zur anitz bada. Baina esportazioen balioaren %90 petrolioari dagokio, herrialde industrializatuetan erre eta klima aldaketa areagotzen duena, eta Afrikako hainbat herrialdetan “deabruaren kaka” deitzen dutena.
Klimari dagokionez, Nilo Zuriaren arroko goialde honetan bi urtaro izan ohi ziren: lehorra azarotik apirilera eta euritsua apiriletik azarora. Iparrean Sudd izeneko zingiragune zabala puztu ohi zen urtaro hezeko urez, gero urtaro lehorrean ura ibaira itzuli eta lurruntzen zelarik. Ziklo horren arabera antolatzen ziren abereen transhumantzia eta zerealen ereite eta uztak, betidanik –bertako abeltzain eta laborarien ahozko jakintzaren arabera– 2019 arte.
Azken urteotan, aldiz, klima aldaketak ziklo hori erabat desdoiturik, euriteen urtaroa indartu eta azalera handiak iraunkorki urpetu izan ditu. 2019ko uholdeengatik 290.000 pertsona lekualdatu ziren, hurrengo urtaro lehorrean beren lurretara itzultzeko itxaropenarekin. 2020an, 442.000 ziren lekuz aldatuak eta 2021ean 505.000. Euriteak hain indartsu eta luze bihurtzeagatik, Nilo Zuriak jada ezin du dena xurgatu, lurzoru buztintsuak lokaztu eta hurrengo urtaro hezea datorrenean, ur berria metatzen zaio aurreko urtaro hezetik gelditzen denari. Iparrean den Unity estatuaren %90, hau da, Euskal Herriko azalera bider 1,7, urpean dago. 2014an, bertako Bentiu hiriburuan eraiki zuten zelai handi bat, gerra zibileko errefuxiatuentzat. 2023ko urrian, gerra zibileko garai ilunenean baino errefuxiatu gehiago hartzen zituen. Eraiki zutenean ez zen oraindik uholderik, baina ur mailaren azpian da gaur egun zelaia eta lurrezko dikez inguraturik, etengabe ari dira ura ponpatzen.
Baldintza horietan bizirauten dute 150.000 pertsona inguruk, horietarik gehienak abeltzainak edo laborariak izandakoak. Abeltzain batzuk hegoaldean den Equatoriako urpetu gabeko lurraldeetara mugitu dira larre berrien bila, ehundaka kilometroko ibilaldian, batzutan ura gerriraino izanik, eta bidean abere asko galdurik, eritasunez edo lapurretaz. Equatoriara iritsi eta bertako laborariekin tentsioak sortu eta bertako ekosistemak hauskortu egiten dira: jende eta behi gehiagorentzat nola lortu tokia, bertako larre eta soroak bereganatu gabe eta oihanik moztu gabe? Gainera, etnia ezberdinekoak izateak ez du, noski, tentsioa apaltzen, batez ere, gerra zibilaren zauriek sendatu gabe jarraitzen dutenean eta bake hitzarmena onartzen ez duen talde armatu batek bahiketak egiten jarraitzen duenean.
Uholde iraunkorraren azpian, lurralde galdua
2020 eta 2022 urteen artean bakarrik, 2,6 milioi pertsona lekuz aldatu ziren Hego Sudanen. Horietarik 1,5 milioi uholdeengatik mugitu ziren, eta milioi bat gatazkengatik, nahiz eta konkretuki biak lotuak izan: gerra zibilaren ondorengo zaurgarritasunak uholdeei aurre egiteko gaitasuna murriztu zien eta uholdeek ondorioztatu barne migrazioek gatazkak dakartzate. Larreak itotzeaz gain, ur geldiek malaria eta ur zikina edatearen ondoriozko eritasunak zabaldu dituzte, baita suge ausikiak ugaldu ere, Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen arabera. Ur geldietan arrainak aurkitu daitezke eta arrantzatzen dira, baina ez dituzte galdutako uztak eta abereak konpentsatzen.
Baita petrolio kutsadura ere
Lur buztintsua, gehiegizko ura, errefuxiatuak, abeltzain erbesteratuak, gatazkak, eritasunak, sugeak eta gainera, beste aldagai anker bat: petrolio putzuak. Bere azaleraren %90 urpetua duen Unity estatuan kokatzen dira petrolio putzu gehienak. 2019ko lehen ezohiko euriteetan petrolio-hodi bat puskatu zen eta inguruko ur eta lurrak kutsatu zituen. Kutsadura hainbertze zen azkarra, ezen txahal batzuk bururik edo gorputz-adarrik gabe jaio zirela, petrolio ingeniari ohi David Bojo Leluk BBC hedabideari azaldu dionez.
Deabruaren kaka: errerik klima aldatu eta lurraldeak urperatzen ditu, txirotasuna eta gatazkak areagotuta; eta urperatzearekin hodiak hautsi eta bizitzak pozoindu. Egun hauetan Azerbaijanen aitzina doa klima aldaketari buruzko COP29 gailurra –ironia badirudi ere, petrolio saltzaile batek zuzendurikoa–. Herrialde kaltetuenei ordaindu beharreko konpentsazioak hobeki zehaztu behar dituzte. Paragrafo hori idazten dugun honetan ezin jakin ea Hego Sudan behar bezala aipatuko duten, baina, bederen, hemen aipatu nahi genuen.