Betancourtek dio ez duela Kolonbiako estatua auzitara eramateko asmorik

Ingrid Betancourt, FARC erakundeak sei urtez bahiturik eduki zuen Kolonbiako presidentetzarako hautagai ohiak, adierazi du azken aldian martxan jarri dituen akzio judizialen helburua ez dela Kolonbiako estatua bere bahiketagatik salatzea. Caracol Radio irrati kolonbiarrean egindako elkarrizketa batean tamalgarritzat jo du Defentsa eta Barne ministerioei zuzenduriko ekintza judizial horiek Kolonbian sortu duten nahasmena: “Ez da demanda bat. Kolonbiako estatuarekin eseri eta gertakizunak mahai gainean jartzea da, kalte-ordainak posible diren ikusteko”.

Mjg1MQ==

Polemika handia piztu du Kolonbian Betancourtek, bahituta eman zituen lau urteetan berak eta bere familiak pairatu zituzten kalteengatik, Estatu kolonbiarrari kalte-ordain gisan egin dion sei milioi euro baino gehiagoko eskaerak. Gobernuak “kolonbiar guztien gaitzespena” merezi duen “diruzalekeria, eskergabekeria eta oportunismo ekintza” bat dela adierazi du.

Izan ere, bere garaian Betancourtek berak onartu zuenez, entzungor egin zien Caquetá departamenduan FARCeko gerrillari asko zegoela eta bertara ez joateko egin zitzaizkion gomendioei. Joan egin zen, eta bertan bahitu zuten. Polemika indartzen lagundu duen beste faktore bat bere askapena izan da. Izan ere, Kolonbiako armadaren operazio berezi batean askatu zuten Betancourt, eta gobernuak “esker txarrekoa” deritzo orain kalte-ordainak eskatzeari.

Honen aurrean Betancourtek esan du bere kritikak ez dizkiola Álvaro Uriberen oraingo gobernuari zuzentzen, bahitu zutenean agintean zegoen Andrés Pastranaren gobernuari baizik.

Irudia | Ingrid Betancourt | Fabiogis50 | Creative Commons By SA