Bestelako ezkerra, zapatistak
Bestelako ezkerra zapatistak –
1994 gogoan. Mexiko ustez otzandu eta baretu batean, Salinas de Gortadi presidente neoliberalak sinatu berria du TLCAN-NAFTA ituna. Amaitutzat ematen da Pancho Villa eta Emiliano Zapataren iraultzaren hondarrean Lázaro Cárdenasek, baliabide energetiko eta indar produktibo nagusiak nazionalizatuta, eraikitako ongizate-estatu paternalista eta abertzalea. Kapital transnazionalei (eta bertako oligarkiei) parez pare irekitzen zaizkie ateak ondare nazionalak pribatizatzeko eta ustiatzeko.
Supituki, Emiliano Zapata ikur, Lacandona oihanetik beren buruak mozorrotuta daramaten indigenez osaturiko armada batek (EZLN) San Cristóbal de las Casas bere egiten du, Lurra eta askatasuna! aldarri. Armada horrek ez du zerikusirik ohiko gerrilarekin. Izaera indigena du eta bere helburua ez da Estatu boterea bereganatzea, botereari aurre egitea, baizik.
Harez geroztik- EZLN-k bidea egin du Chiapas lurraldean, komunitate indigenen auto-antolakuntza babestuz eta komunitatea helburu duen filosofian oinarrituriko obedecer mandando (aginduz obeditu) xedez eraturiko gobernu autonomoak (caracolak) osatuz. Alabaina, ez da mugatu liberatutako txokoan goxo egotera. Gai izan da La sesta deituriko internazional sarea sustatzeko, baita egoeraren arabera Mexiko osorako ekimenak antolatzeko ere aldian-aldian. 2006an izugarrizko arrakasta izan zuen La Otra Campaña ekimenak Mexiko osoan, era askotariko komunitate eta talde desberdinen laguntza eta sostengua lortuz.
2016. Mexikok amildegiaren ertzean egotearen traza guztiak ditu. Instituzioak pipiak janda daude; ustelkeria nagusi da politikan, eta herrian miseria. Baliabide naturalen ustiaketa basatia aurrera doa, komunitateak deseginez; gizartea militarizatu egin da narkoei aurre egiteko aitzakiaz, eta indar parapolizialen jazarpen hiltzailea nonahi dago. “Emakumezidioa” ahaztu gabe.
Berriro, ustekabean, ohiko abstentzioa alde batera utziz, izugarrizko lurrikara politikoa eragin du EZLN-k eta CNI-k (Indigenen Biltzar Nazionala) hauteskundeetan parte hartuko dutela adierazi izanak; komunitate auto-antolatuak oinarri, presidentegaia emakume indigena izango dutelarik.
Eliteen erantzuna. Mespretxua, arrazakeria eta misoginia. Castillaz (gazteleraz, alegia) erdipurdi hitz egingo duen emakume ezjakin bat presidentegai? Galeano (lehen Marcos) subkomandanteak ohiko zuhurtziaz erantzun die: emakume horrek agian ez du castillaz egoki hitz egingo, baina argi eta garbi bai, eta denok ulertzen dugu. Zuen erretolika ikasia, aldiz, hutsala, iluna eta ulertezina da herriarentzat. Horra diferentzia.
Azpitik eta ezkerretik. Beti uste izan dut oso garbi, gurean ere ezkerreko politikak gizarte mugimenduetan errotu eta gauzatu behar duela, eta oso bigarren mailan instituzioetan. Jadanik Mexiko osoan ezaguna egin den “politika azpitik eta ezkerretik!” aldarria askoz haratago doa. Esan nahi baitu ez dela aski azpikoen alde egitea: azpikoekin eta azpikoen erara jardun behar dela, baizik. Eta hori ezkerreko alderdi gehienei ulergaitza egiten zaie, azken finean hauek ere politika ofizialaren munduan murgilduta baitaude (gaude). Gizarte horietako egungo azpikoak, ordea, beste mundu batean bizi dira eta zirkuitu oso desberdina osatzen dute. Garai bateko proletarioek osatzen zuten bezalaxe.
Gure politikarien ahotan, salbuespenak salbuespen, entzuten diren lelo gehienak, formalistak, gatz gabekoak edo erretolika hutsa bihurtzen dira. Intentzio onarekin esandakoek ere ia ez dute izaten eragin praktikorik. Horietako bat da, politika egiteko beste modu bat aldarria. EZLNko kideek lelo hori jarduera alternatibo bihurtu dute, borrokatzeko beste modu bat, beste parametro batzuetan jokatzeko apustua.
Eta guri ere badagokigu gure buruari galdetzea: azpikoen, zanpatuen alde egiteaz gain azpikoekin lan eta bizi egiteko gai ginateke? Hirugarren Internazionalean jatorri burgeseko edo langile aristokraziako militanteek auzo pobreetara joaten ziren politika proletarioa eginez beren burua proletarizatzeko. Gaur egun burutik ere ez zaigu pasatzen halakorik.
Lurra defendatu, komunitatea antolatu. Lehen pausua izan zen lurjabe zanpatzaileei lurra desjabetu eta komunitatearen eskuetan jartzea. Hori 1994ko altxamenduari esker lortu zuten. Bigarren pausoa, gobernu txarrak gaitzetsi eta gobernu onak ezarri; alegia, komunitateari obedituz agintzen duen gobernuari bizitza eman. Obedituz agindu, kontraesan bat ala langile mugimendu zaharreko kontseiluen demokrazia zuzenenaren antzeko leloa dugu? Nik antz hori hartzen diot. Langile kontseiluak eta hasierako sobietak demokrazia zuzeneko erakunde edo antolamendu motak ziren, non asanbladetan erabakitzen zena lege edo agindu bihurtzen zen ordezkari guztientzat. Hau da, asanbladan hautatuek asanbladari zor zioten errespetua, eta agindutakoa bete behar zuten. Horretarako izaten ziren hautatuak, ez beren iritzi pertsonala emateko.
Dena den, komunitate zapatisten aginduko agintarien asanbladarekiko lotura hertsiagoa eta zuzenagoa da langile kontseiluen demokrazia zuzenarekiko, komunitatea baitu oinarri eta komunitatearen lana eta bizimoduari askoz lotuagoa baitago. Langilea lantegitik (produkzio gunea) at hiritar bihurtzen da, baina komunitateak lurra (lana) eta bizilekua edo udalerria (karakola) bat egiten ditu bere osotasunean: lurraren kudeaketa, artisautza eta bere komertzializazioa, hezkuntza eta osasuna, eta halaber, etsaiarekiko autodefentsa osotasunean hartzen du. Dena da komunitate, eta denak dira komunitatekoak, hortik aparte ez dira ezer. Gainera, errotazioa oso zuhurra da eta epeak oso motzak. Agintea hamabostero aldatzen da eta errotatiboa izaten da ia maila guztietan. Ez dago herdoiltzeko astirik.
Demokrazia zuzenaren abantailak: eledunen eta agintarien errotazio eta aldaketa azkarraren abantailak handiak dira ustelkeria, agintekeria eta antzeko keriak ekiditeko; baina gizarte konplexu batean ordezkatze eta profesionalizatze maila bat ere beharrezkoa da, baldin eta ondo kontrolatzen den, eta hori gutxitan gertatzen da. Elkarrekiko orekan, uztarketa egokian datza gakoa.
Mendebaldean, anarkismoa eta komunismoa izan ditugu ezkerraren muturreko ideologiak. Ideiak laburbilduz, esan genezake batak pertsonarengan oinarritzen duela gizartearen askatasuna eta besteak gizartean ikusten duela pertsonaren garapena eta benetako askatasuna. Nire uste apalean bi ikuspegiak uztartu behar lirateke.
Dena den, Zapatistek ez dute beren burua inongo eta inorentzat eredutzat jartzen. Gainera, ez dute uste bide guztiak guztirako onak direnik. Bidean jarri dira, dakitena eginez eta ez dakitenaz galdetuz. Dena den, galderak nola egin eta zergatik egiten diren asmatzean berezko jakinduria adierazten dute.
Natura eta gizartea nola uztartu duten beste gai esanguratsua da. Kapitalismoak natura merkantzia bihurtu du. Sozialismo burokratiko harroputzak edozein modutara erabili zuen natura. Berientzat, Ama Lurra edo Pacha Mama sakratua da, sustraia. Eta horren baitan lurraren jabetza-eza kokatzen dute
Beste begiekin, beste belarriekin. Horrek ekarri beharko liguke alde batetik, beste begi batzuekin begiratzen eta beste belarri batzuekin entzuten ikasteaz gain, oso argi izatea mundu askok osatzen dutela mundua, eta ez globalizazioaren mitologiak sortu duen mundu homogeneo eta grisa. Mendebaldarroi ez zaigu erraza hori kontuan hartzea; bai, ordea, aberasgarria! Horrek ez du esan nahi, inondik inora, gizarte horietako balore eta bizimoduak bere horretan transferiezinak direnik. Bakoitzari berea, hori da gizalegea. Hor dugu modernitatea eta tradizioaren arteko harreman zail eta eztabaidagarria.
EZLNren sorreratik 40 urte igaro direnean galdera bada “pobreak eta txikiak” izanik nola iraun duten 30 urtez bizirik, erantzungo dizute herri zapatistak komunitatearen eraikuntzan bizitzea erabaki zuela eta hori dela beren lorpen nagusia. Izan ere, lurralde zapatistan ez dago gerra-tankerik, ez dago instalazio militarizaturik, ez dago bunkerrik; ez daude, halaber, garapen kapitalistaren ereduak parametro desiragarritzat ezartzen dituen elementuak, funtsean pobrezia edo aberastasunaren artean bereizten dituztenak.
Ez dago luxuzko autorik, ez dago bi pisuko edo gehiagoko etxerik, ezta jabetza pribaturik ere; hori da apustu zapatista: ez bizitzea duela bost mendetik hona mundu osoan nagusitu den garapen kapitalistaren sistemaren arabera, zeinak ondasunen pilaketa, indibidualismoa eta lorpen partikularrak bultzatu eta milioika pertsona lurrik gabe eta migratzen utzi dituena elikatzeko, ekosistema suntsituez gain.
“Mendebaldean, anarkismoa eta komunismoa izan ditugu ezkerraren muturreko ideologiak. Ideiak laburbilduz, esan genezake batak pertsonarengan oinarritzen duela gizartearen askatasuna eta besteak gizartean ikusten duela pertsonaren garapena eta benetako askatasuna. Nire uste apalean bi ikuspegiak uztartu behar lirateke.”
Ados, Iriarte jauna. Pertsonak nolakoak gara? Berdinak? Ezberdinak? Logika dialektikatik begiratuta: Biak. Beraz pertsona eta gizarteak, biak, baloratu beharko genituzke. Nire partetik, ikuspegi horri komunitarismoa deituko niokeen, baina ez da garrantzitsuena.
Eta bukatzeko, esango nuke ikuspegi horrek “publiko versus pribatu” banaketa gainditzera garamatzala.