Bertsio ofiziala
Bertsio ofiziala –
Juan Luis Zabalak Gipuzkoako Hitzan.
Bertsio ofizialak oso ospe txarra izan du beti, nire inguruan behintzat. Ia-ia automatikoki gezurtzat jotzen ikasi nuen gaztetan, eta denborak argi erakutsi du bazeudela motiboak horretarako, ezin konta ahala bertsio ofizial guztiz faltsu irentsarazi nahi izan baitziguten hala Patxi Zaharra caudilloa bizi zela nola Jon Karla campechanoa errege ezarri zigutenean. Garai batean, ez dakit zehazki noiz arte, bertsio ofiziala gezurraren sinonimotzat jotzen nuen biga-bostetan.
Azken urteetan, ordea, ez dakit zehazki noiztik, bertsio ofiziala aldezten harrapatu dut hainbatetan neure burua, harekiko mesfidantza eta hari ñabardurak egiteko premia erabat desagertu ez bada ere. Zer gertatu da? Edo… zer gertatu zait? Ez dakit zer neurritan izan daitekeen, besterik gabe, adinaren eta bizitzeko moldearen ondorio, hau da, bizi dugun eta gaituen kapitalismoaren moldeetan egokitu, integratu, asentatu, epeldu eta laketu izanaren ondorio. Horrek izango du eraginik, noski, baina uste dut bertsio ez-ofizialen bilakabidearen ondorio ere badela, neurri batean.
Batetik, bertsio ofizialen aurkako bertsio ez-ofizialak atomizatu egin direla iruditzen zait; bestetik, atomizazio horretan zaila egiten dela gutxieneko sinesgarritasunik eta fidagarritasunik duen bertsiorik atzematea, zinezko bertsio ez-ofizial erreferentziazkorik, halako moldez non, gaur egun, bertsio ofizialik sinesgaitzenak bezain sinesgaitz gertatzen diren bertsio ofizialen aurkako bertsioetako batzuk, gehienak. Eta zenbaitetan bertsio ofizialak baino lotsagabe, zital eta arriskutsuago ere bai.
Bertsio ofizialaren aurkako bertsioen fidagaiztasun hori bi gairen inguruan sumatu dut bereziki azkenaldian: COVID-19a eta Ukrainako gerra. Ez nago behar bezain informatua eta prestatua bi kontu horietan iritzi sendo bat izateko —ez dago erraza horretara iristea, bide batez esanda—, eta zalantzan jartzen ditut horien inguruan ematen zaizkigun azalpen ofizialak, hedabide nagusietan zabalduenak, baina bertsio horien kontrako adierazpen gehienetan —urriak dira salbuespenak— deseroso sentiarazi nauen segurtasun bat sumatu dut, harroa kasu askotan, berdin pentsatzen ez dutenen gutxiespen kasu batzuetan iraingarria, sektarismotik oso gertukoa. Adibidez, COVID-19aren ondoriozko askatasun-murrizketak nazismoarekin parekatu izan dituzte batzuek, eta Vladimir Putinek iazko otsailaren 24az geroztik egiten ari dena egin beste erremediorik ez zuela esan dute beste batzuek, bertsio ofizialaren aurkakoen aldetik kontrako erantzun askorik jaso gabe.
Karl Krausen ustez, hitzen erabilera baldarra da munduko gaitzen iturria, Anjel Lertxundik oraindik orain gogora ekarri digunez, (Komak koman artikulua, BERRIA, 2023-1-8). Antzeko iritzia irakurri berri dut Noticias de Guipúzcoa egunkariko artikulu batean: Confusión lingüística y realidad (Nahasketa linguistikoa eta errealitatea), Andres Krakenbergerrek eta Pedro Ugartek sinatua (2023-1-11): “Egia bilatzea, batez ere egia morala, ariketa gogorra da, baina horretatik urrundu egingo gara hitz bera erabiltzen badugu errealitate guztiz desberdinak aipatzeko. Hitzen zentzua adostea lehen urratsa da guztion artean etorkizun hobea eztabaidatzeko, debatitzeko, negoziatzeko eta adosteko”.
Lekutan gaude, ordea, horretatik!
Bertsio ofiziala