Berrehun zakildun gizona


(Noticias taldean argitaratua, 2011ko urtarrilaren 15ean).

-Espainian oraindik zezenen zakilak erabiltzen al dituzte zigorrak egiteko?

Halako gai liluragarriaz tutik ere ez nekiela erantzun nionean, Sigurdur Hjartarson-ek, Islandiako Museo Falologikoko zuzendariak, zakila erakutsi zidan. Zezenarena. Espainian zigor moduan erabiltzen omen dutena. Duela 36 urte oparitu ziotena eta bere bilduma bereziaren lehen alea izan zena.

Berrehun zakildun gizona

Garai  hartan, 1974an, Sigurdurrek Historia eskolak ematen zituen institutu islandiar batean. Ikasle baten gurasoek zezenaren zakilarekin egindako zigorra oparitu zioten eta orduan piztu zitzaion pitilinekiko grina. Espezie askotako aleak bildu eta 1997an museo txiki bat zabaldu zuen Reikiavik-en, Islandiako hiriburuan. 2004an, erretiroa hartu ostean, ipar kostako Húsavik hirira joan zen bizitzera eta museoaren egoitza berria inauguratu zuen bertan, urtean 6.000 bisitari inguru jasotzen dituena: “Jende azkarra, umore onekoa eta gehienak emakumezkoak”, dio.

Museoaren sarreran zakil formako hainbat egurrezko objektu ikus daitezke, Sigurdur-en esku trebeek landutakoak: telefonoa, dirua gordetzeko kutxa, itsulapikoak, gatzontziak, hautsontziak, mailuak…  Munduan zehar jasotako hamaika bitxikeria ere bai, golf makilak edo Ciudad Real-eko potin bat adibidez, arma zut erakusten duen guardia zibil baten itxurarekin. Sigurdur-en alabak, pintura, zeramika eta bidrioarekin artelanak egiten dituenak, zezen eskrotoekin bildutako lanparak salgai dauzka, etxeko egongelan jartzeko dotore-dotoreak.

Elefantearena apeta hutsa izan zen: haren bila joan eta erosi egin zuen Sigurdurrek. Beste zakil guztiak, balearena, hartz polarrarena, fokarena, mortsarena, arratoiena, Islandiako ehiztari, nekazari eta biologoek oparitutakoak dira. Elefantearena da, nabaria denez -oso nabaria denez-, bisitariek gehien miresten eta fotografiatzen dutena. Katxalotearenak ere marmar ugari pizten ditu, luzeena baita, 1,70 metrokoa. Eta gama falologikoaren beste ertzean hamsterraren zakila dago, bi milimetrokoa, lupaz begiratu behar dena.

Bien artean, hamsterretik gertuago katxalotetik baino, giza zakilak daude. Oraingoz museoan ez dago benetakorik, baina lau gizonek hitza eman dute hil ondoren euren buztanak Sigurdur-i oparituko dizkiotela. Lehenengo emailea izateko aukera gehien dituena Páll Arason da, 94 urteko islandiarra. Bizitza luzean zehar burutu omen dituen balentria sexualekin harro dago eta zakila museoan erakusteak memoria eternala bermatuko diola uste du. Baina azkenaldian zalantzak izan ditu, zahartzaroan kirtena uzkurtu egin omen zaiolako eta beldur delako Islandian nolabaiteko ospea eman dioten ezaugarriak ez ote diren behar den moduan agertuko jendaurrean. Hain zuzen ere, zakilaren erauzketa da Sigurdur zuzendariaren kezka nagusietako bat: jabea hil bezain laster moztu eta odola ponpatu behar omen zaio tente mantentzeko, emaileentzat garrantzia handiko detailea omen dena.

Beste emaileak ingeles bat, alemaniar bat eta estatubatuar alai bat dira. Estatubatuarrak Stan Underwood du izena, 64 urte dauzka eta museoari bere zakilaren kopia bat oparitu dio txanda heltzen zaion bitartean. Plastikozko erreplika horren ondoan, Underwood jaunaren argazki bat ageri da: biluzik, aulkitxo batean eserita, kakahuete itxurako buztantxo zimurtu bat bistan duela, agian momentuko solemnitateak kikilduta.

Zakilari Elmo izena jarri eta 2002ko azaroan oparitu zion museoari. Dohaintza-agiriak dioenez, piezak 19 zentimetro luze eta 5 zentimetro zabal neur ditzake erne dagoenean eta 1980ko hamarkadaren hasieran nazioarteko sona lortu zuen, Underwood jauna biluzik agertu zelako argazki artistiko ugaritan eta kirtenaren molde batekin milaka latexko kopia egin zituztelako hainbaten eta hainbaten gozamenerako.  Deskribapenak dio Elmo zortzi aldiz tatuatua izan zela 25 eta 53 urte bitartean, glandearen beheko aldean bi piercing txiki dauzkala eta bihurdura bortitzen ondorioz faszia bi alditan hautsi zuela (zakila tente jartzen duten bi barneko kamerak lotzen dituen ehuna, alegia). Emaileak izan dituen hiru emazteek barrabilen tamaina eta ahalmenak goraipatzen dituzte akta horretan: “Underwood jaunaren eskrotoa ukitzeak suerte ona ematen omen du”, gaineratzen dute. Catherine Blumenstinek, gaur egungo emazteak, konpromisoa sinatu du Underwood jauna hiltzen denean zakila moztu eta Islandiako Museo Falologikora bidaltzeko.

Bitartean, Sigurdur zuzendariak, katalogoa osatzeko irrikan, postariak etxera deitu eta giza zakil tente eta disekatu bat ekartzen dion egunarekin amets egiten du.

Ander Izagirre / www.anderiza.com

NDMwNA==

Irudia | Sigurdur Hjartarson, zakilen museoko zuzendaria | Ander Izagirre | Creative Commons By SA
Irudia | Katxalotearen zakila | Ander Izagirre | Creative Commons By SA

Kazetari autonomoa naiz. Azkeneko lanak Groenlandiako inuitei, Boliviako haur meatzariei, Karakorumeko zamaketariei eta Saharako errefuxiatuei buruz idatzi ditut.

Zer duzu buruan “Berrehun zakildun gizona”-ri buruz