Berlin krisi ekologikoan
Berlin krisi ekologikoan –
Eric Hobsbawn historialari marxista ezagunari XXI. mendea hasi berritan elkarrizketa egin zion Jeremy Paxman BBCko kazetari kontserbadoreak. Galdera, kode mediatiko garaikideak bultzatzen duen paradigma eskuinzalearen baitan agerikoa denez, ondokoa zen; nola liteke gaitasun profesional handiko historialari entzutetsu bat horrenbeste okertu izana? Laburrean, «Zergatik egin zinen komunista?», bota zion Paxmanek bando garailean dagoenaren irribarre maltzurrez. Argia izan zen Hobsbawn, bere burua justifikatu beharraren aldarte nekatuz erantzun zuen: «Berlinen bizi izan nintzen 1931 eta 1933 artean. Garai hartako testuinguruan, gure irudiko, ez zegoen gizateriak bizi zituen arazo larriei konponbiderik ematerik, konponbidea iraultzailea izan ezean. Denok genekien Titanic-aren barruan geundela eta iceberga joko genuela; genuen galdera bakarra zen ea zer gertatuko zitzaion munduari iceberga jo ondoren».
Distantzia historikoak eskatzen duen zuhurtziaz, batek pentsa lezake krisialdi ekologiko globalarekin ere arnasa sozial antzeratsua suma litekeela aro historiko honetako zeitgeistean, badakigu iceberga jotzen ari garela eta salbamendu txalupetan, tamalez, gehienak ez gara sartzen. Ez dakigu iceberga guztiz jo ondotik zer gertatuko den, zein forma hartuko duten gure gizarteek, gure ekonomiek, gure bizimoduek. Zenbat biztanlerentzako tokia egongo den sistema sozial kolapsatuetan, zein izan beharko den zehazki ordaindu beharreko prezioa. Dakiguna da post-hazkunde aroko gizarteetara bide ezberdinetatik iritsi daitekeela eta probableena dela erritmo ezberdinean eta molde politiko-sozial antagonikoetan iristea. Autoritarismo dosi handiagoetan topatuko dute gizarte batzuek errezeta, kostu sozial eta ekologiko handiekin; eduki ekosozialistagoez hornitutako norabidea topatuko dute agian iraultza ekologista besarkatzera iristen diren komunitate batzuek, eta ikusteko dago Europa zahar eta harroak zein hari historikori helduko dion, ezerezera naufragatuz edo Titanic txikiago eta birbanatzaileagoa berreraikiz.
Udara beroegiaren suharrek Euskal Herriko ehunka hektarea erre dituzten honetan, krisi energetikoaren eztanda betean eta Alpeetako glaziarren urtzeen irudiek begiak lanbrotu dizkiguten sasoian, zilegi zaigu galdetzea ea 1992an Rio de Janeiron hasi ziren klimaren goi-bilerek eta Glasgow arte iraun duten trajezko antzerki pentsatuek ze eraginkortasun izan duten, industria eta finantza handiaren interesak blindatzetik haratago. Bai pentsamendu liberalak bai sozialdemokrazia europarrak zabal babestutako hitzarmenek ez diote galgarik ipini espezieen eta ekosistemen desagerpen masiboari edo klima krisiaren ondoriorik mingarrienak bizi dituzten herrien sufrimenduari, kostu ekologiko izugarrien forman. Gaur sekula baino CO2 tona gehiago kontatzen ditugu atmosferan, petrolioa, gasa zein ikatza masiboki erretzen jarraitzen dugu, nuklearra energia berdea omen da, eta garapena hazkuntzaren mito tranpatitik deslotzea ez dugu lortzen. Galdetu genezake ere non dauden Parisko Hitzarmenean jasotako konpromisoak, non atmosfera asko jota 1,5 gradu berotzearen mugan iltzatzeko mezuak. Sena ibaiak desegindako paper bustia bilakatu dira agian, argazkia atera berritan jaurtia historiaren estoldetara.
Eredu fosilistaren mantentzea jabetza pribatua bezainbeste behar duen kapitalak nekez egingo du akordiorik ustiatu gabeko erregai fosilak lur azpian gelditzeko, herri klaseak ekoizpen agroekologikoen bidez boteretzeko, edo hegoaldeko herrialdeen menpekotasun estrukturala modu zabalean arinduko duen prozesu bati ekiteko. Gogoratu dezagun Green New Deal entzutetsuaren funtsetako bat mendebaldearentzat baliagarri izango den bide-orria eraikitzea dela, munduko gainontzeko lurraldeetako baliabideak erabilita hemengo trantsizio berde-rako. New Deal, bide batez esan, krisi klimatikoaren erantzule nagusiaren eta kapital fosilaren ordezkari gorenaren historiako pasarte bat erabili nahi da ustez soluzio globala proposatuko duen proiektua izendatzeko. Mundu hegemonia edukitzea zer den.
Krisi ekologikoak guztia berregituratzea premia urgentetzat jotzen duen hari historikoari heltzea eskatzen du, zibilizazio industrial kapitalistari ireki zaion arrakalarik arriskutsuena da, behintzat 1917ko urritik. Lehorteek, migrazio masiboek, suteek, etxea berotzeko energia faltak, elikadura hornikuntzan arazoak, erregaien prezio garestiek, gelditzeko keinurik egiten ez duen inflazio geroz eta bortitzagoak, eta borobiltzeko, garagardo gabeziak aurreikusten oso zailak diren erantzun sozialak abiaraziko ditu. Jakin badakigu desegonkortasunaren lurrean bidea zabal dezaketen indar sozialak ekofaxismorantz jo dezaketela edo kontrara, oinarri ekosozialisten gainean berreraikiko diren gizarte berdinzaleei ongi etorria egin diezaieke historiak. Horra hor ezkerraren erronka, deabruari arima saltzeak dakarren ondorena zein den gogorarazi behar den sasoi historikoan.
Ez dakigu zer esango lukeen Hobsbawn zaharrak zibilizazio industrialaren agortze zantzu agerikoen aurrean. 1931ko Berlinen hartutako jokabide berbera hartuko ote zuen edo ez, kontuan izanik galdera zentralak antzeratsu dirauela 90 urteren ondoren, edo herri klaseen aldeko hautua egin, edo norbere taldearen pribilegio zuriak blindatzearen aldekoa. Agian XX. mende laburrak (1914-1991) aztarna batzuk laga dizkigu gaurko zibilizazio krisiari aterabidea emateko egin beharreko hautuari buruz, XXI.a laburragoa izan ez dadin.
Klima klimatikoaren ipuinaz kokoteraino.