Puigdemont: Batu gaitezen berriz!
Puigdemont: Batu gaitezen berriz! –
Duela bi urte, garai honetan, euskaldun politikoki kontzientziatu guztiok Kataluniara begira geunden, denok irrikaz jakiteko han zer gertatuko zen, eta miraz aldi berean, han gertatzen ziren mobilizazio erraldoiak zirela medio, gizarte zibil eta politiko subiranisten arteko sintonia eredugarria zela kausa. Denok dakigu 2017ko urriaren 1ekoaren ondotik, dezepzioa eta alderdien arteko zatiketa nagusitu direla han, eta gurean, hura ondo ateraz gero, jeltzale eta bilduzaleen artean indarrak batzeko itxaropen ttipiren bat bazegoen, aipatutako itxaropenak erreka jo du are gehiago.
Baina itzulinguruak utzita, goazen harira. Honako izenburu hau duen liburuxka argitaratu berri du Carles Puigdemontek: Reunimnos. Reflexions sobre el retorn a la unitat (La Campana. 2019ko uztaila. 57 orrialde, formatu txikikoak; katalanez idatzia). Gezur asko haizatu dute Puigdemonten izen ona zikintzeko hedabide espainiarrek: balen kontrako txalekoak erabiltzen dituela, Tailandian egon dela erbesteratua, otorduak egin dituela ETAko kideekin, bipolarra dela, depresioak jota dagoela, luxuzko jatetxeetan sekulako dirutzak xahutu dituela, orgia bisexualak eta erritual satanikoak egin dituela…
Gezur horiei hedabideetan aurre egiten astia galdu beharrean, Belgikan daramatzan 21 hilabete hauetan egin dituen gogoeten harira, ondorio nagusi honetara iritsi da: Kataluniako Errepublika independentea lortu nahi bada, independentista guztiak batu behar dira, eta erabakiak zuzendaritza aliatu batek (direcció aliada) hartu behar ditu une politiko bakoitzean Errepublika independentearen beharren arabera, eta ez alderdi independentista bakoitzaren interesen arabera, eta horrekin batean, tamalez, Estatuarekiko konfrontazioa beharrezkoa izango da, eta konfrontazio horrek baketsua izan behar du.
Hauteskundeetara banaka joanda, independentismoa irabazian aterako zela uste zuten batzuek; eta, bien bitartean alderantziz gertatu da. Bartzelonako alkatetza ezin garrantzizkoagoa galdu da; Bartzelonako Diputazioa galdu da, udalak galdu dira, eta Espainiako “eskuina gerararazteko” xedez, alderdi sozialista espainolari opariak egin zaizkio, jakinik afera nazionalari dagokionez, PP eta PSOE berdintsuak direla mamira joz gero, diskurtso moderatuagoak gorabehera.
Bozetara zatiturik joanda, gertaturiko galeretatik harago, lehen ez zekizkiten gauzak dakizkite orain katalanek, hots, eskarmentuak begiak irekiarazi dizkie. Lehen ez zuten uste Estatuak errepresiora joko zuenik erreferendum demokratiko bat aurrera eraman nahi izateagatik, eta orain bai. Filipe VI.ak erakutsi zuen aurpegi zigortzailea ere aurretik ikusi gabea zioten haren aitari, baina orain ikusia eta ikasia dute.
Espainiako gizarteak eta klase gidariak erlijio askatasunari dagokionez, edota immigrazio edo sexu-identitateari dagokionez egin duen bilakaera miresgarria izan dela dio Puigdemontek -seguru irakurle asko ez dagoela honekin ados, edo erabat ados, eta ezta zer egonik ere, noski!-. Nazionalkatolizismoan, inperialismoaren nostalgian, matxismoan, homofobian eta antisemitismoan hezitako belaunaldia giza eskubideen aldera igaro izanari, ezkontza homosexuala errespetatu eta defendatzera igaro izanari, eta migratzaile olatuen aurrean jarrera xenofoboak baztertzera egin izanari, miresgarri deritzo; besteak beste, horregatik, ez zuten uste erreferendumarekikoan Estatuak errepresioarekin erantzungo zuenik, baina orain garbi dute, ezen %47,5 boto-emaileen ordez, %65,5 izanda ere, edota independentistak bi milioi izan beharrean, bi milioi eta zortziehun mila izanda ere, berdin-berdin ukatuko lukeela Estatuak erreferendum loteslea, bi alderdi nagusi eta Auzitegi Konstituzionala estu-estu elkarturik.
Aberriaren batasuna jokoan denean, espainiarrek duten irrika atabikoa aipatzen du. Tradizio politiko espainolarentzat, aberriaren batasuna garrantzizkoagoa da bertan bizi behar duten herritarren bizia baino. Espainiarren arrakasta historikoetako bat omen da ideia horrekin gizarte espainolaren parte inportante batek bat egin izana. 2015ean egindako inkesta baten arabera, galdekatutako espainiarren %48,3k zioten prest egongo zirela familiagatik ez ezik, beste zerbaitegatik bizia emateko. %40k “beren aberri, nazio eta herriagatik”. Inkesta horretan, katalan eta euskal herritarrak ere barne ginen; bada, %71 katalanek eta %74 euskal herritarrek zioten ezetz, ez liratekeela bizia emateko prest egongo, familiagatik izan ezean. Aldiz, Gaztela-Mantxan %57k eta Andaluzian %55ek baietz esan zuten.
Azken hogeita bat hilabeteetan ikusi eta ikasitakoak gogoan, Puigdemontek alderdi independentisten batasuna eta zuzendaritza aliatua behar-beharrezkotzat jotzen ditu esan bezala, eta konfrontazio ez-oldarkorra: ekintza zuzen ez-oldarkorra, erresistentzia aktibo ez-oldarkorra, boikot baketsuzko ekintzak, zerga- eta kontzientzia-eragozpenak, eta abar, estrategia orokor eta amankomun baten barruan, une historiko jakin bakoitzean, tentuz eta ausardiaz erabilirik haiek Kataluniako Errepublika askea helburu.
Katalanek jarraitu beharra dute salatzen Estatuak jarraitzen duela bidegabekeriaz tratatzen herritar katalanak, balantze fiskalak monitorizatzen, eskumen murrizketak salatzen, Auzitegi Konstituzionalaren inpartzialtasun eskasia, katalan hizkuntzaren diskriminazioa eta Estatuaren zabarkeria aniztasun kulturala eta linguistikoa babesteko garaian, migratzaile olatuak kudeatzeko finantzaketa aski-ez kronikoa, osasun zerbitzu eta azpiegitura falta. Zeren independentzia ez dute nahi Espainiako demokraziaren antzeko bat abian jartzeko, Espainiako Kongresuko 350 parlamentariren ordez Kataluniako Parlamentuko 135 ezartzeko, edota bandera espainolaren ordez katalana, eta Errege Martxaren ordez Els Segadors kantatzeko, baizik eta herritarrei parte hartzeko aukera emateko, legeak egiteko eta administratzeko mekanismoak aldatzeko eta hobetzeko.
Galderekin amaitzen du. Prest al daude katalanak Espainiak katalanentzat prestatua duen harresiari, errepresio harresiari aurre egiteko? 2017ko urriaren 1a baino lehen, ez zuten uste Estatua errepresioa ezartzera ausartuko zenik; orain, aldiz, badakite baietz. Ez du esperantza galtzen Puigdemontek, eta Kataluniako Errepublika independentea lortzeko estrategia horretan parte hartzeko gogo eskasik ere ez du.
.
Azken ohartxo bat: katalanek ez digute euskal aberria askatuko, baina begirik ez diegu kenduko datozen hilabeteotan, eta askatasuna opatzeaz gainera, elkartasunik ere, ez ahal diegu ukatuko!
Puigdemont: Batu gaitezen berriz! Puigdemont: Batu gaitezen berriz!
Eskerrik asko, Pako, liburuaren laburpenarengatik eta arrazoi osoa duzu: katalanei ez diegu begirik kendu behar. Gurean arazo nazionala hain urardotua agertzen den honetan, katalanek aurrera egitea gurea suspertzeko itxaropen ia bakarra dugu.
Ez horregatik, Azken Portu!
Ez dakit katalanak momontu honetan katramilaren zein puntutan dauden. Eurek ere ba ote dakite.
Lehenengo bulko sendo hark ez die uste bezalako emaitzarik ekarri, dirudienez.
Oztopo asko aurkitu dituzte bidean. Nire ustez garrantzitsuena Europako nazioen arteko onarpenik eza. Beste nazioengandik harrera hobea espero zuketen noski. Espaniako Gobernuak bere azpilanak isilik egin ditu Europako Batasunaren baitan.
Zailtasunik handiena hor aurkituko dute kataluniar independentistek.
Nola izan burujabe, besteek ez bazaituzte aitortzen?
Soka luzea dakar honek gerora ere, dudarik gabe. Ikusiko dugu.
Europar Batasunak ez zituen poliziak bidali Kataluniara erreferenduma oztopatzeko, Espainiako gobernuak baizik. Europar Batasuna, bestalde, estatuen kluba da, Peru, eta elkar babesten dute. 27 estatuek dituzte harremanak Espainiako estatuarekin eta, aldiz, Kataluniarekin, alderdi politikoek eta modu estraofizialean.
Orain zatituta daude, baina menturaz auzitegitik etorriko zaien zigorrak elkartuko ditu berriz ere. Hemen errepresio gutxiagorekin ez gara elkartzen.
Ez dago zalantzarik geldiune batean gaudela, baina oraindik partida bizirik dago. Europar Batasunari esker Kataluniaren aurkako jazarpena ez da hain gogorrik izan. Zeren Europar Batasunak mugatu baitu Espainiaren erantzun bortitza, gordinagoa izango zen Europaren eraginik gabe. Hori nik ez dut esaten Gonzalo Boye abokatuak baizik, eta zerbait jakingo du.
Nere ustean talde ezberdin nabarmen jarri daitezke saltsa-politika honetan.
Erregea eta bere zazpi buruko morroi-sugea. Talde horretan sartzen dira alderdi ia-ia guztiak, VOX barne, oso fidela dira erret etxeari ere. EAJk talde honen mugan kokatzen da. Horregaitik aise gainditzen du Erregimenaren kinka larrialdian. Anka bat Erregimenaren barruan eta bestea kanpoko jokalariekin.
Horiekin pixka bat loturik Europa dabil. Europak garbi du dagoeneko Pedro Sanchez dela bere gizona, Rajoi eta bere oinordekoak ez dutelakoan ezertarako balio. Nazioartean emandako ezin txarrago irudiari esker, Europak ez du ikusi nahi ez Trifatxio delako hori edo tankerako alderdi-multzo ergel bat ere.
VOXen jokaldia izan da Pedro Sanchez Espainiako hauteskundeak irabazi zitzan. Abascal da erregearen morroi fidelena, ez ahaztu, eta horri esker ez daude PP-Ciudadanos Espainiako gobernu-buruan.
Bi hauek erregezaleak dira baina ainitz ñabarrekin ere. Euren baitan dago gotorleku espaniarzale suharrena, bai, baina hala ere behin baino gehiagotan erregearen estrategiaren aurka egin dezakete ere. Bunker Franco-zale horrek –Rajoi bazterrean gelditu ondoren- menean hartu ditu bi alderdiren buruak (PP-Ciudadanos), horregatik Pedro Sanchezen aurkako amaigabeko kanpainia itsusia eguneroko ogitzat dabil.
Zergatik geldialdia?
Berez, zai dago Pedro Sanchez egoera argi dadin. Gezurra dirudi baina orain gakoa epaileengan datza. Politiko katalandarren auzian daude jarrita begi guztiak.
Boyek ,Piugdemonten abokatuak, argi esan zuen -gehiengoaren ustearen kontra – Espainiako Gobernuak ezin du eragin ahal epaileen aurka. Ez legez, eta esanguratsuago moduz ez ahalmenez ere. Botere faktiko hutsa da justizia-saila legegizon buruak, ez beste gauzarik. Zentzu txarrenean gainera. Ez botereen arteko orekan gorde ditzan demokraziaren oinarriak edo holako uste ariñak…Ez. Lehenengo lerroetan esandako Bunker Franco-zaleak jarritako legegizonak dira. Ahalguztidunak gainera.
Horregatik Pedro Sanchez epaiketaren epaiaren -eta berekin batera datorren erantzuna ere!- zai dago. Horren arabera 155. artikuloa indarrean ezarri nahi badu P. Sanchezek Ciudadanosekin hitzarmena egingo du. Ordea, artikulo hori ez badu indarrean jarri nahi Podemosek edukiko du aukera.
Botere nagusien azterketatik jo duzu Pello. Galdera batzuk eta gogoeta batzuk sortu dizkit. Goreneko eta Konstituzio Auzitegiko epaile ahalguztidunak zergatik dira ahalguztidun Espainian? 1978ko erregimena dagoenetik, PP eta PSOE biak txandakatu dira, eta biek erabaki izan dituzte epaileak. Beraz, ez da halabeharra edo kasualitatea hori gertatzea.
Sanchez da gakoa orain, zure adierazpenen arabera, bai Europan eta bai Espainian, hots, azken buruan Espainiako presidentea. Beraz, honek ere badu ahalmena, epaileen boteretik harago.
Nire usteak:
1. Preso politikoen aurkako sententziaren gorabeherekin luzamenduetan ariko dira luzaroan, hari eta soka-muturrak korapilatzen eta katramilatzen botere espainol guztiak (monarkia, gobernua, alderdi politikoak, hedabideak, armada eta polizia eta guardia zibilak)…; gurean, presoekin ari diren bezalatsu, eskumen gaietan ez murgiltzeko, eta are gutxiago autodeterminazio erreferendum loteslean. Katalanen erreakzioa indartsua bada,…
2. 155. artikuluaren aplikazioa baino gehiago negoziazioetan sartuko dira: presoen askatasuna, eta onenean, eskumenak mahai gainean dituztela. EAEko moduko kontzertu ekonomikoa eskain diezaiekete katalanei, baldin eta borroka baketsuan temati jarraitzen badute; hori, onenean, eta presoen gaiarekin luzamendutan eta luzamendutan ibili ondotik.
3. Lehen eta bigarren fasean urteak igaroko dira, eta erreferendumarena hor egongo da atzean latente, ezin azaleraturik…
Espero dut errealitatea nire usteak baino hobea izatea katalanentzat eta guretzat.
Enpresarioak ahaztu zaizkit. Horien jokabidea ere erabakigarria da. Katalunian, esango nuke, jende gehienak segitzen duela pentsatzen estatuari eman askoz gehiago egiten diotela hartu baino, eta ez dut dudarik egiten hala dela.
Bai “detalle” hau inportantea da . Pentsatzen dut Hegoaldekoek berdin pentsatzen dutela.beraientzat.
Berriz alderantziz pentsatzen da Iparraldean, eta, arrazoiz beldur naiz. horrek , besteak beste, esplikatzen du hemengo abertzalismoaren uzkurtasuna..
Galdera zergaitik katalandarrek ez zuten hautatu, aukera zutenean, euskaldunek hautatu zuten erregimen fiskala bera?
Irakurria dudanez, Beñat -ez dakit ziur zuzen ala oker-, CIUk (Pujol) ERCrekin batera sartu nahi izan zuen kontzertu ekonomikoa 1979an autonomi estatutuan, baina PSC, PSUC eta UCD kontra jarri ziren.
1980an, orduko Espainiako Ogasun ministroak eskaini omen zien katalanei euskaldunei eskainitako kontzertu ekonomikoaren antzekoa, baina haiek ez onartu. Hiruzpalau arrazoirengatik: 1. Pujolen gobernu hasi berriarentzat zergak biltzen hastea lan neketsu-desatsegina izan zitekeelako; 2. Espainiako administrazioak bilduta baino gutxiago bil zezaketelakoan katalanek eurek; 3. Konbentzituta omen zeuden orduko lider katalanak, ogasun arduraduna bereziki, finantzaketa Estatuarekin negoziatuta gehiago lor zezaketela, nahiz eta bilketa Estatuko administrazioak egin. Eta laugarrena, kontzertu ekonomikoa “antigoalekotzat”, foru sistemaren erlikia zaharkitutzat jotzen zutelako. Gauzak nola aldatu diren!
Artur Masek galdegin omen zion Mariano Rajoyri 2012an, eta hark ukatu 1978ko Konstituzioa aipaturik.
Hegoaldean pertzepzio hori dugu bai, kupoa goregi dagoela -Garaikoetxea lehendakari ohiari irakurriak dizkiot kopuru zehatzak, gogoan ez baditut ere. Katalunian, berriz, defizit fiskala 9.000 milioi eurotik 15.000 milioi eurora bitartean kalkulatu izan dute, %5,5etik %7,5era, nori edo non irakurtzen duzun. Borroka politikoaren gorian, 15.000 milioi eurotik gorakoa aldarrikatzen zuten.
2006an, autonomi estatutuaren karietara, ahalegindu ziren EAEko moduko sistema ezartzen; Kataluniako Zerga Agentziak biltzea zerga eta tributu guztiak, eta gero kupoa kalkulatzea estatuak Katalunian emandako zerbitzuak kitatzeko, baina “moztu” egin zuten Madrileko legebiltzarrean. Errenta Fisikoaren gaineko Zergetan eta hobekuntzak lortu zituzten, hots, gehiago gelditzea Katalunian, baina Generalitatearen zergak berak biltzen eta kudeatzen ditu, baina gainerakoak administrazio zentralak.
Honen aurreko mezuan esan bezala, borroka politikoa gori-gori jartzean, Rajoyk Mas-i ezezkoa eman zion 2012an, finantzaketa aldatzeko egindako proposamenari.
Ados nago zurekin.
“1978ko erregimena dagoenetik, PP eta PSOE biak txandakatu dira, eta biek erabaki izan dituzte epaileak. Beraz, ez da halabeharra edo kasualitatea hori gertatzea.”
Frankismotik zetozen barne estatu-egitura guztiek jarraipena izan zuten 78ko erregimenean. Juztizia, ejerzitoa, estatu-burua Francok aukeratua bera izan zen, polizian zer esanik ez…PP eta PSOEK egoera horri auspo eta itxurakeri gehiago eman ohi diote urteetan zehar. Azala aldatu mamia ikutu gabe. Kromo elkar-trukaketa bezala.
Bai, ematen du Pedro Sanchez gakoa dela, baina ez ahaztu bere eginbehar nagusia 78ko erregimenaren barruan kokatu beharra dago, ez bertan bera pikutara botatzeko, baizik –eta zuk oso ondo adierazten duzun moduan- luzatzeko eregimenaren bizia. Ahalmena badu baina hainbestetan aipatutako konstituzioren barruan bakarrik. Eta konstituzioaren irakurle bakarra konstituzio epaitegia da. Non kide gehien-gehienak Bunkerreko partaidea dira.
Begi bistan dagoenez eta zuk idatzitakoak iradokitzen duenez, ahalmen nahiko muguturekin daukagu Predro Sanchez. Gainera bere buruaz 78ko erregimenaren erreformazale bezala baino besterik ez duela ikusten pentsatuko nuke.
Gero, zer datorkigun epe labur eta ertainean? Ados nator zurekin Erregimenaren asmoan erreforma txipiak besterik ez dira sartzen. Baina hori baino garrantziazkoago da nola eta zein bidetik nahi duten asmo hori aurrera eramateko.
Eta jakin dezagun horri buruz lehen gertatutako aurreskiak badauzkagula. Nagokio Ibarretxe Jaunari eta bere Planari. Porrot politiko-estrategikoa gertatu ondoren gero bere burua moztu zioten- politikoki noski- eta bere ordez sasi-Ardantza bat buruan ezarriz egindako bidea desegiteko helburuari ekin.
Beraz, 78 ko Erregimenaren lehentasun nagusitako bat eta luzamendu estrategiari gehi dakiokeen beste zio bat ere, Kataluniako burua mozteko beharra da. Nola? Hauteskundeen bidez Quim Torra-Puigdemont tandema burutik bertan behera botatzean eta euren ordez sasi-Urkullu bat jarriz. Nor izango zen ordezkaria? ERCko baten bat noski, kinielak zabalik baitaude.
Orduan konturatzen gara zergatik gero eta ozenago aipatzen dira “Kataluniako hauteskundeak aurreratu behar direla”ko ahotsak edo dela Espainiako inkestetan ERC beti nagusitzat jotzen dutela, e.a.
Gero, hori lortu ondoren, hasiko ziren erreformatxo edo dilista-platerkadak barra-barra partiketak…baina bigarren aldi batean bakarrik. Lehenik eta behin botere-burua lortu eta gero gerokoak.
Pozten naiz Pello, gauza gehienetan ados gaudelako. Ez zait iruditzen EAJ bezaian mantso eta burumakur botere faktikoekiko eta harro gainerako abertzaleekiko sartuko eta katigatuko denik ERC Espainiako botere faktikoen joko maltzurrean; hori baino azkarragotzat eta borrokalariagotzat ditut, nahiz eta liderra(k) preso egoteak askotxo baldintzatzen dituen.
Bestalde, ez ahaztu, indar eta ahalmen politikoan eta kulturalean (hizkuntzan) aurretik dabilkigula katalan herria eta gizartea.
Rufian batek ez ahal du irakurriko (ez ahal diote itzuliko) zure pentsamendua Pello!, mingainarekin behintzat larrutuko zintuzkeen!
Ramón Cotareloren azkenengo twiterretan Rufi-raferen independentzia ustezko zaletasuna ezbaian, zalantzan jartzen dio politika-zientziaz irakasleak; Casado, Sanchez eta Abascalen pare-parean ezarriz. Nik ez diot holakorik, On Ramónek baizik. Rufianengadik egurrik baletor, berena jo mesedez…(txantxetan, noski)
Hala ere, gaur egungo egoera politikoa eta Franco hil-berriko garaietakoari antza handia elkar hartzen diet. Hiru multzoz banatuta dago gudu-zelaiko taldeak. 78ko erregimenaren morroiak bitan zatiturik-Bunkerreko eta erregorma-itxurazaleok- alde batetik eta bestaldetik apurtu, hautsi nahi dutenak.
Baina badago berezitasun handi bat ordukoak eta oraingo egoerak elkarrekin erkatuz. Eragile handi bat multzoz aldatzeak makur dezake balantza alde batera. Britania Handia eta Estatu Batuak.
Europar Batasuna Espainiarekin arras lerroraturik badabil, azaleko zaharberritzeko zaleen artean, hain zuzen, ordea, ez dut bat ere garbi ikusten aipatutako bi potentzia horien kokapena multzo horretan. Nere susmoek beste bidetik jotzen duten eta azpikolanez jardutzen ari direlakoan naukazue, apurtzailei lagunduz ahal duten moduan, mahai azpiko lanean hori bai.
Kataluniako egungo egoerak jarraitzen dio gorago esandakoari. ERCk bat egin du PSOE ildorekin;
a- Ez da komeni Espainiako hauteskundeak errepikatzea.
b- Kataluniakoak egitea bai komeni dela.
Lehenarekin PSOEri laguntzen dio Podemosen aurkako lan itsusiena gainean hartzerakoan.
Bigarrenarekin Generalitatearen burua lortu nahiak erakusten digu idependentziarako bidetik Katalunia atera arazi gura dutela. Gero, hori bai beti oiñarria zabaltzeko asmoz, hitzarmen bat lortu Espainiako Gobernuarekin Kostituzioaren esparru juridiko-politikoaren barruan.
Baina hor daude ere Karles Handia Puigdemont eta Marta Rovira. Azken honek depresio latz igaro , etsi-etsi zegoela eta, baina osaturik atera ondoren. Zeren Kataluniako hauteskudetako galeraren errudun nagusia zelakoan aurpegiratu zioten bere alderdiko kamaradak.
Nola ez ba, alderdiaren burua –Junqueras- kartzelan eta bigarrena ,Marta Rovira, erabat zokoratua. Zorionez Suitzara joan zela eta ez Junqueras bezala erdi txantxetan Sergi Solekin erbestera joan gabe gelditu atxiloketaren zai.
Espainiako estatuak ERC barrabiletatik helduta dauka.
Diadako mobilizazioetarako bederen dei bateratua egin dute guztiek.