Bat gehiago
Bat gehiago –
Inoiz Palestinan izan bazara, bertan osatutako whatssap talderen batean egongo zara, eta egunero goizaldean bidalitako mezuak jasoko dituzu. Nablus, Hebron, Jerusalem, Belenen… edo beste herriren batean atxilotutako gazteen bideo eta argazkiekin gehienetan eta hildakoenekin beste askotan. Urtarrilaren 17an, aurreko asteartean, Belal Adel Jado atxilotu zuten Aida errefuxiatu gunean, bertan izan garen askoren laguna eta Amal al Mustakbal zentro kulturaleko kidea. Errefuxiatu gune honetako haurtzaindagia izateaz gain, umeei aisialdia antolatzeko zentroa da 1987tik.
Nazioarteko askorentzat, horien artean Euskal Herritar askorentzat aurreko asteartea gogorra izan zen. Belalen atxiloketari buruzko berriarekin esnatu ginen, atxiloketa momentuko bideoa ikusi genuen eta atxiloketa administratiboarekin zenbat denbora kartzelan egongo ote den etorri zitzaigun burura. Egun horretan bertan ez zen Palestinan atxilotutako bakarra ordea. Beste 37 lagun atxilotu zituen Israelgo Armadak herri desberdinetan. Horietako bat adin txikikoa. Baina zuetako inork horren berri izan al zuen ohiko komunikabideetan? Palestinaren inguruko berriak oso gutxitan jasotzen ditugu, bonbardaketaren bat izaten denean, saihestu ezin den zerbait gertatzen denean, baina Palestinan egunero gertatzen den ari den sarraskiaren inguruan hitz erdi bat ere ez.
Giza eskubideak defendatu eta presoei laguntza ematen dien Palestinako Addameer elkarteak ateratako informeen arabera, 2022an 7000 palestinar atxilotu zituzten. Horietako 882 adingabekoak izan ziren. Momentu honetan, 4700 preso politiko daude Palestinan eta horietako 150 umeak dira. Bai 150 adingabeko daude Israelgo kartzeletan eta hori salatzen inor ez nazioarte mailan.
Israelgo okupazioak gero eta gehiago erabiltzen du atxiloketa administratiboa ehunka palestinar atxiloturen aurkako neurri eta zigor gisa. Israelgo okupazio eta apartheid erregimenak Palestinako gizarte zibilaren aurkako jazarpen kanpaina sistematikoaren oinarri da eta Israelgo apartheida ezartzen jarraitzeko tresna. Israelgo okupazio-agintariak geroz eta atxiloketa administratibo; hau da, epaiketarik gabeko atxiloketa gehiago egiten ari dira palestinar giza eskubideen defendatzaileen, ikasleen eta ekintzaile politikoen aurka eta horietako atxiloketa askok umeak izaten dituzte helburu. Argi dago, Palestinaren etorkizuna errotik moztu nahi dute.