“Bakeaz hitz egitea nahikoa da PKKko jarraitzailea zarela leporatzeko”
Bakeaz hitz egitea nahikoa da PKKko jarraitzailea zarela leporatzeko
Cumhuriyet egunkariko kazetaria da Pinar Ögünç, eta Radikal aldizkarian ere ibili da. Kurdistango gaietan espezializatu da, eta hango berri eman du gerra egoeran dauden hirietatik. AKPren gobernuaren autoritarismoaren oposizio mediatikoaren erpinetakoa da Cumhuriyet. Oihartzuna ematen die giza eskubideen urraketei, eta horretan diharduten elkarteei. Horregatik dauzka bere bi zuzendariak bizi osorako espetxe zigorra jasotzeko atarian. Kurdistanen eta Sirian Turkiako armadak zein inteligentzia zerbitzuek duten paperak zabalkundea izan du egunkariko orrietan. Posta elektroniko bidez erantzun ditu galderak.
(argazkia: Muhsin Akgün)
Bi urteko su-etena eta gero Ipar Kurdistanen, indarkeria itzuli da bi aldeetatik. Nola sortu da egoera hau eta nork ateratzen du onurarik?
Gatazka konpontzeko prozesuan bi aldeko mahaia osatu da. Elkar fio ez direnen bilera, eta helburu desberdinak dituztenena. Bake prozesua deiturikoaren hasieratik bi aldeek ez zuten bat egin “bakea” zer zen adosterako orduan. Gobernuak bazekien hori, baita kurduek ere. Azkenean, ez ziren negoziazio deitu daitekeen helmuga batera heldu ere egin. Sirian eta Ekialde Hurbilean gertatzen ari zenak eta AKPren gobernu asmoek, prozesua goma elastiko bihurtu zuten. Gobernuak ez zituen bere konpromisoak bete, eta tentsioa areagotu zen. Edozerk tenk egin zezakeen goma zabal hori. Ez dago erabat argi nork apurtu zuen. Nork atera duen onurarik? Kurduek urteetan berdina nahi izan dute: bake duina Turkiako kurduentzako estatus legal batekin. AKPk, aldiz, beste helburu batzuk ditu, eta Turkian bertan zein nazioartean onura ateratzeko abagunea ikusi dute. Guztiok dakigu nola erabili zuen [Kurdistanen indarkeria egoera] azaroko hauteskundeetarako. Tamalez, ondo funtzionatu zion [hauteskundeak irabazi zituen eta emaitzak hobetu].
Nola deskribatuko zenuke Kurdistango egungo egoera?
Gerra da. Oinarrizko giza eskubideak, osasuna, mugitzeko eskubidea, hezkuntza, bizitzeko eskubidea ere bertan behera utzi dituzte. Milaka dira etxetik ihes egin dutenak, odolustuta hiltzen da jendea kalean anbulantziei ez zaielako laguntzeko baimenik ematen. Gorpuak kaleetan geratzen dira eta senideek ere ez dute lurperatzeko eskubidea. Gerra irudiak dira, bene-benetakoak.
Epe motzean su-etena berreraikitzeko aukerarik ikusten duzu?
Ez, epe motzera begira ez naiz baikorra.
Zeintzuk dira zure ustez Ipar Kurdistanen bake iraunkorra lortzeko gakoak?
Kurduek zera diote: “bake duina lege estatusarekin”. Honek ez du Turkia erdibitzen batzuk duten obsesioa gorabehera… Arazoa da kurduek ikusi dutela 1990eko hamarkadan baino are basatiagoa izan daitekeela Ankarako gobernua. Horrek aldartea aldatu ahal die. Turkiarekin elkarrekin bizitzeko desioa gero eta txikiagoa da; hori ez da inolako sorpresa.
Zein eragin du Kurdistango egoeran, ISIS-ek Istanbulen zartatutako bonbak edo Siriako gerrak?
Siria arazo honen erdi-erdian kokatu da. AKPren gobernuak nahiago du ISISen bizilaguna izan eta ez egitura duen Ekialdeko Kurdistan-Rojava. ISISen aukako borroka beti etsai guztien aurkako operazio gisa ikusten du Turkiak: ISIS, PKK, PYD… Rojavako ereduak [Abdullah] Öcalanen ildo politikoa jarraitzen du. Argi dugu Erdoganek ereduren bat aukeratuko badu, hori Hego Kurdistanen [Masoud] Barzanik duena izango dela. Hau da gatazkaren muina.
Nork galarazi dezake Erdoganek bide autoritarioari jarraitzea?
AKPko hautesleek. Konturatuko balira Turkia gizarte hondamendira daramatela, gauzak aldatuko lirateke. Bake prozesua martxan zegoenean norbaitek bide hori kritikatzen bazuen, AKPko militante batzuek, hedabideek eta intelektualek bakea eragoztea egozten zieten, edo haurrak hiltzea nahiago zuten galdetu. Erdogan prozesuaren atzean zegoen bitartean, denak ziren aingeru bakezaleak. Beranduago, bat batean, jende hau guztia armadako komandanteen gisan hasi da hizketan. Gaur egun, bakeaz hitz egitea nahikoa da PKKko jarraitzailea zarela leporatzeko. Sinesgaitza da. “Ez duzue bakerik nahi?”, galdetu behar genieke. Erantzun baiezkoa bada, jakin behar lukete hau ez dela bidea. Historiak erakutsi du.
Cumhuriyet-eko bi kazetari espetxean daude. Nola jarraitu lanean mehatxu hauek gainean izanda?
Inor ez da aske sentitzen, baina egoera horri aurre egiten diotenak ez dira asko. Sententziak espioitza leporatu die Cumhuriyet-eko kazetariei. Noiztik espiek informazioa milaka lagunentzako argitaratzen dute egunkarian? Bizi osoko zigorra oinarritzeko froga bakarra argitaratutako artikuluak eta zutabeak dira, ez dago besterik.
Hrant Dink kazetaria orain 9 urte hil zuten. Asko dira atxilotuak orain. Arriskutsua da kazetari lana Turkian?
Arriskutsua izan da beti, baina denbora pasa ahala, are gehiago. Nabarmendu behar dira hiri kurduetako gatazka guneetan lanean ari diren kazetariak. Arrazoirik gabe atxilotu dituzte, indarkeria psikologikoa eta fisikoa pairatu dute, zaurituak eta tirokatuak izan dira haien lana egiteagatik.