Bake-prozesua abian

Bake-prozesua abian –

Martxoaren 18an Vladimir Putin eta Donald Trumpek elkarrizketa luzea egin zuten telefonoz. Bi Gobernuek hitz egindakoaz laburpen bana zabaldu zuten. Pascal Lottaz unibertsitateko irakasle suitzarrak bi dokumentuek adierazitakoaren inguruan balorazio bat eskaini digu.

ATARIKOAK

Martxoaren 11n, Saudi Arabian, AEBek eta Ukrainak bake prozesu bat hasteko garaia iritsi dela adostu zuten eta AEBek izanen dutela Ukrainaren izenean negoziatzeko ardura.

Negoziazioen erdigunean 30 eguneko su-etena egon zen. Ukrainak onartu egin behar duela adierazi zuten AEBek.

Europa eta Ukraina ez daude negoziazio-mahaian. AEBek erabaki dute.

Panorama itxaropentsua da, errusiarrek oraingoz militarki deusi uko egin ez badiote ere, prozesua bizirik mantentzeko borondate oneko keinuak egiten ari direlako.

KREMLINEN INFORMEA

Vladimir Putinen eskertza: Vladimir Putinek eskerrak eman zizkion Donald Trumpi, gatazka bakearen bidetik konpontzeko egiten ari den ahaleginagatik. Errusiako presidentea prest agertu zen estatubatuarrekin elkarlanean akordio bat lortzen saiatzeko. Errusiarrek AEBak alde dituztela eta helburu bera dutela uste dute.

Su-etenerako hiru baldintzak: 30 eguneko su-etenaren proposamenari buruz, errusiarrek hiru behar garrantzitsu nabarmendu zuten: su-etena modu eraginkorrean kontrolatzearena, Ukrainako mobilizazio bortitza gelditzearena eta Ukrainako armadaren berrarmatzea amaitzearena.

Ukrainarren jarrera arriskutsua: Errusiarrek, beste hainbaten artean Minskeko akordioen urraketan eta Kurskeko ekintza terroristetan oinarrituta, Kieveko erregimenarekin eta Zelenskirekin ez dagoela fidatzerik adierazi zuten. Halaber, gatazka ez areagotzeko eta akordio batera iristeko, laguntza militarra eta informazioa Kievi emateari utzi behar zaiola esan zieten estatubatuarrei.

Trumpen armak: AEBak Ukrainari berriz laguntza militarra ematen hasi zaizkio, su-etenaren negoziazioan hori bere alde jokatzen duen karta ona delako. Errusiak hori hala dela onartu du.

Trumpekiko begirunea: Donald Trumpen eskaerari erantzunez, Vladimir Putinek soldadu ukrainarrak nazioarteko legediaren arabera tratatuko dituztela ziurtatu zion. Horrela, Vladimir Putinek babestu egiten du Donald Trump, negoziazioetan lortu duen zerbait bezala aurkezteko aukera ematen diolako.

Azpiegitura energetikoa: bi aldeek azpiegitura energetikoa 30 egun horietan ez erasotzeko proposatu zuen Donald Trumpek. Vladimir Putinek proposamena ontzat eman zuen eta berehala eman zion betetzeko agindua bere armadari. Hori Donald Trumpentzat beste garaipen bat izan da. Vladimir Putinek, berriz, bere kanpaina militarraren alderdi bat gelditu izanaren irudi positiboa bereganatu du.

Itsaso Beltza: bi liderrek Itsaso Beltzean baliabide militarrak ez erabiltzeko elkarrizketak hasteko erabakia hartu zuten. Errusiarrek positiboki erantzun zioten Donald Trumpen eskariari, eta Trumpek beste garaipen gisa aurkezteko aukera izan du. Errusiarrek, berriz, prozesuak aurrera jarrai dezan bidea errazten ari direnekoa.

Gerrako presoak: martxoaren 19an errusiarrek eta ukrainarrek preso multzo handi baten trukea eginen zutela jakinarazi zuen Vladimir Putinek. Horrela, Errusiak AEBek egindako beste eskaera bat bete zuen eta, gainera, 23 ukrainar zauritu larrien trukea -aurrez adostuta ez zegoena- erantsi zuen, akordio zabala lortzeko ahalegina sendotuz.

Negoziazioa atalka: bi aldeetako diplomatikoek taldeak sortuko dituzte su-etena atal desberdinetan eztabaidatzeko. Gaiak “negoziazio-saskitan” banatuko dituzte. Modu hori oso adimentsua da, gai desberdinak banan-banan negoziatzea ahalbidetzen baitu. Horrela, saski batean akordiorik ez bada ere, beste gaietan aurrera egiteko aukera izanen dute.

Ekialde Hurbila: Vladimir Putin eta Donald Trumpek Ekialde Hurbileko egoera ere jorratu zuten. Nuklearrak ez ugaritzeko eta segurtasun globalean aurrera egiteko elkarrekin lan egiteko asmoa azaldu zuten. AEBek aurkeztu zuten gaia, Ekialde Hurbilari eta Irani ere, noski, garrantzi handia ematen dietelako. Errusiak Iranekin duen segurtasun-ituna dela eta, Trumpek badaki Iranekin akordio batera iristeko Errusiaren bitartez joatea dela bide egokiena.

Harremanak normaldu: negoziazioekin jarraitzeko eta elkarrekin lan egiteko borondatea azaldu dute bi aldeek. Elkarlana eremu ugaritan eginen dute, ekonomia eta energia arloetan batez ere. Errusiak jakinarazi du AEBek Errusia munduko beste potentzia handitzat hartzen dutela eta munduko bakea eta egonkortasuna sustatzeko ardura partekatu beharra dutela.

Izotz-hockeya: Donald Trumpek Vladimir Putinen ideia onartu du eta AEBetan nahiz Errusian izotz hockeyaren partidak antolatuko dira jokalari errusiarren eta estatubatuarren artean. Ekimena oso interesgarria da, estatuek kirol ekitaldiak erabiltzen dituztenean, pertsonen artean loturak sortzen direlako.

ETXE ZURIAREN INFORMEA

Bide luzea aurretik: Etxe Zuriaren informea laburragoa da. Vladimir Putinek su-etena onartzen ez bazuen bake prozesua amaituko zela sinestarazi ziguten komunikabideek. Baina bi informeetan ikus liteke Vladimir Putinek berehalako eta baldintzarik gabeko su-etena onartu ez badu ere, bi presidenteak ados direla prozesuak hartu duen bidearekin.

Arma estrategikoak: arma estrategikoen ugalketa geldiarazteko beharra adostu zuten, eta konpromisoa hartu, beste herrialde batzuekin batera ahalik eta gehien zabal dadin.

Harremanak egonkortu: harremanak bi aldeen artean hobetzea adostu zuten bi liderrek, emankorra izanen delakoan, eta Europan eta Ekialde Hurbilean gertatzen diren gatazketan erabiltzea.

ETORKIZUNA

Ez dago argi prozesu honek arrakasta izanen duen ala ez. Neurri handi batean sabotatzaileen eraginaren araberakoa izanen da. Ukrainako Gobernuaren eta eskuin muturreko ukrainar nazionalisten jarrerarena ere, akordioaren aurka jo dezaketelako. Europarrek ere sabotatzaile gisa jardun dezakete, Errusiarrek eta AEBek nahi ez dituzten bake-indarrak Ukrainan sartuz. Hori bai, ziur dakigu Vladimir Putin eta Donald Trumpek prozesua aurrera eraman nahi dutela. Lehen aldiz, Moskuren eta Washingtonen interes estrategikoek benetan bat egiten dute eta bien arteko akordio zabal baterako aukera dugu. Espero dezagun europarrek aukera hau zapuztu ez dezaten.

Bake-prozesua abian

Bake-prozesua abian Bake-prozesua abian

Nola zaude?

Irakasle erretiratua. Nafarroa Garaia.

Zer duzu buruan “Bake-prozesua abian”-ri buruz

  • Mikel Haranburu 2025-03-24 13:52

    Trump: “Ukraina, kasu, bakea ezarriko dizuet, eta bestela, ondorioak pairatuko dituzu eta desagertuko zarete. Konkistatua izatea azken moda da eta. Erosi Tesla”
    Putin: “Eskerrak munduari, Trumpi bereziki, guk hasitako gerra bakean amaitzeko aukera eman diguzulako. Orain AEB eta gu lagunak gara eta munduko multipolo guztiak gureak izanen dira. Zer arraroak diren lur puxka hauek…”.
    Ukraina: “Barka beza munduak bonbak milioika jaso baditugu, guk egia esan merezi genuen triskantza hau, Errusiari irabazten ez uzteagatik, hain zibilizatua bera. Zertan pentsatzen ari ote ginen…”.
    Europa: “Ukraina laguntzen jarraituko dugu, Errusiak erabat birrinduta utzi arte. Orain NATO baino gaiztoagoak izanen gara, ikusiko dute Ukrainar malapartatu horiek…”
    Errealitatearen antza duen oro egia da. Gainerakoa ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude