Askatasuna
Askatasuna –
Hitz potoloa, inondik ere. Hitz ederra, ezbairik gabe. Hitz esanahiz hustua, zoritxarrez.
Garagardo kaña bat hartzeko aukera omen da Madrilen, kaleak nahiz festak zezenketez eta ama birjinez jostea Andaluzian, eta erabat espainolez ikasi ahal izatea Hego Euskal Herrian eta Katalunian.
Liberté, ondo da, baina noizko égalité eta fraternité estatuko luze zabalean? Noiz mugatu eta itxuraldatu zen askatasun hitza? Noiz lapurtu zapalduen ahotik hitza eta kaleetatik ekintza? Zelatan askatasunaren aldarrikapena kartzela, polizia, errepresioa, jazarpena, diskriminazioa, xenofobia eta indarkeriari lotua?
Askatasun hitza bolo-bolo darabilte Europako eskuin-muturreko alderdi neoliberalek, eta Austriaren kasuan, baita igandean hauteskundeak irabazi zituen alderdiaren izenean ere: Freiheitliche Partei Österreichs, FPÖ (Austriako Askatasunaren Alderdia), 1956an sortua, nazi “ohi” lotsagabez osatua, eta SS talde ospetsuko Anton Reinthaller lehen lehendakari izan zuena. Orduko, eta gaurko, eskuin muturreko ordezkariak askatasunaren defendatzaile sutsuenak ote? Antzarrak ferratzen ikasi ez dugun bezala, nahiz eta hamaika ikusteko jaioak izan, ez gara kaikuak, beraz, hemen ere, zaharrak berri eta atzoko faxistek, lehengo lepotik burua!
“Mundua hankaz gora dago, urte gehiegi daramatzagulako errezeta ekonomiko-sozial berekoiak lehenesten”
Atzo, gaur eta bihar askatasun hitzak, eta ekintzak, derrigorrean, berdintasunean, errespetuan eta elkartasunean oinarritutako giza balioei lotuta egon beharko du. Ez etorri guri “askatasuna” norberak nahi duena egiteko goren aukera, edo Amazonen nahi beste sasi-mauka erosteko parada dela.
Mundua hankaz gora dago, urte gehiegi daramatzagulako errezeta ekonomiko-sozial berekoiak lehenesten, eta ez planetak berak, ezta herrialde ezberdinetako populazioaren gehiengoak ezingo diote luzaroan eutsi. Ez dezagun albo batera edo zerura begiratu, utz ditzagun asteburuko plan zoragarriak eta engaia gaitezen mundu justuago baten defentsan, balio etikoen sustapenean eta gure erantzukizun kolektiboaren onarpenean, eta zergatik ez, aldarrikapenean.
Ez badugu egunero bidegabekerien kontrako kontratu soziala berrikusten, gureak egingo du, hemen eta mundu zabalean gertatzen ari diren injustizien konplize bilakatuko gara.