Artearen gudariak Medellinen

Artearen gudariak Medellinen

Medellinek mugimendu migratzaile handiak jasan izan zituen, 40ko eta 70eko hamarkaden artean. Medellineko hirira jotzen zuten Kolonbia osoko langileek bertako industrializazioak sortutako lanpostuen bila. Ondoren, 70eko hamarkadatik aurrera herrialde osoko nekazariak heldu ziren gerratik ihesian.

Migrazio horien guztien ondorioz, hiriak urteetan zehar mugako ezegonkortasun egoera bat jasan izan zuen. Biolentzia eguneroko arazoa zen eta drogak gazte askoren bizitzak baldintzatu edo akabatu zituen. Egun, urteak pasa direla, badira egoera horren arrastoak baina badirudi hiria aurrera egiten ari dela.

‘LIBERACIÓN’, Jefferson Paz-ek zuzenduta

Nekazal familia umil baten istorioa. Lur asko izan arren txiro sentitzen dira eta sentimendu horrek diru erraza bilatzera bultzatzen ditu, narkotrafikoaren dirua. Ereile bihurtzen dira, koka kultibadore bihurtzen dira. Ez bakarrik kultibatzen, baizik eta koka lantzen hasten dira, prozesatzen. Laborategi txiki bat eraikitzen dute, kokaina basea ateratzen dute eta ‘traqueto’ bihurtzen dira, bertan esaten zaien bezala.

Familia askok bizi izan duten egoera kontatzen duen filmak gizartea garatzen lagundu nahi du. Komunitateari, herriari eta entzun nahi duen guztiari ondorio larriak dituen egoera horren berri eman nahi dio, kontzientzia sortu nahi du.

Artearen Gudariak

Norberto Castaño abeslariak eta Dario Gonzalez kazetariak hamaika urte eman dituzte elkar ikusi gabe. Elkartzen direnean biak harritzen dira bestea bizirik ikusteaz. “Hain erraza da hiri honetan arazoak izatea; hemen edozein aitzaki nahiko da pertsona bat akabatzeko, ez bakarrik droga. Heriotzaren kultura da hau” dio Dario Gonzalezek abeslaria ikusi duenean.

Lagun asko eta asko galdu ditu Norbertok, “irtenbiderik gabeko labirintoan sartu ziren eta musika ez zen nahikoa izan guztiak hortik ateratzeko”.

Hala ere Norberto eta Dario ez dira errenditu, “gerraren ondoren bizirik jarraitu dugunak gara, biolentziari eutsi diotenak eta bizitza eraikitzeko borrokan gaude, borroka alde artistikotik: Artearen Gudariak gara”.

Sinpletasunaren edertasuna bilatzen

8 de marzo auzoan argazkilaritza tailer bat sortu dute. Gazteak formatzen dituzte argazkilaritzan eta ondoren aktibitatea batzuk zehazten dizkiete horien bitartez ikasitakoa lantzeko. Partaide batek azaltzen du zein den beraien artearen zentzua: “auzoak duen alderik ederrena bilatzen dugu kontrasteen bitartez, askotan sinpletasunak edertasun ikaragarria gordetzen baitu”.

EDU: Hiri-garapenerako enpresa

EDU Medellineko hiria garatzen ari den enpresa da. Helburua bertako biztanleen bizi kalitatea hobetzea da eta horretarako hirigintza proiektu integrala garatzen ari dira. Horretarako argi dute nork burutu behar duen proiektua: “ez da hirigile hoberik bertakoa baino, auzoan berrogei urtez bizi izan dena”.

Proiektuak komunitatea kohesionatzea bilatzen du eta horretarako etxebizitzak, espazio publikoak, liburutegiak, musika eskolak, eta kirol-guneak eraikiko dituzte besteak beste. Horretarako familien desplazamenduak ekidin nahi dituzte, beraz, etxeak erosi eta apartamendu berrietara eramaten dituzte, jatorrizko egitura sozialak errespetatuz.

Elkartasunaren Bideak saioa Kolonbian izan da eta bertan ‘Bizirik atera direnak’ dokumentala filmatu du. ETB-3n ikusi ahal izango da asteartean 21:35etatik aurrera.


medellin elkartasun bideak garapena kolonbia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude