Artea elurretan
Elurrak Savoiako lakuak estaltzen dituenean, Simon Beck frantsesak erraketak oinetan jarri eta artea egitera doa elurretara. Bere oinatzak irudi geometriko erraldoi bihurtzen ditu —labore-zelaietako irudi geometrikoetan oinarrituta– eta hiru futbol zelai bezain handiak izatera irits daitezke. Airetik ikusita, benetan ikusgarriak dira. Zeure auzoko izkinetan egiten dituzun elurrezko panpinez arro baino arroago sentitzen bazara, beheraino hondoratuko zara Becken lana ikustean.
Simon Beckeren arte zaletasuna oin biak zauritu zituenean hasi zen, minik ematen ez zion jarduera fisiko bakarra elurretan paseo mantsoak ematea baitzen. Hala, elurretan diseinu geometrikoak egiteari ekin zion bere eguneroko paseo luze eta aspergarriei zentzua emateko.
Irudi gehienak errepikapenetan oinarritutako formak dira, eskala eta posizio desberdinetan. Bi egun behar ditu hiru futbol zelairen tamaina duen diseinu bat osatzeko, egunean 5-9 ordu inguru, nekatzen den arte eta elurraren egoeraren arabera. Batzuetan, aurreko eguneko lana bertan behera utzi behar izaten du gauean zehar eroritako elurrak lan osoa zapuztu duelako.
Beckek bere artelan bitxien argazkiak ateratzen ditu eta horri esker famatu egin dira sare osoan zehar. Bere lanak jarraitu nahi badituzu, Facebooken orrialde bat du, ia 13.000 zalerekin.