Arrazakeriaren aurkako borroka ez da HBOn egingo
Arrazakeriaren aurkako borroka ez da HBOn egingo –
Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean.
Plataforma pribatu baten eskaintzaz ari garenez, haren bezeroei bakarrik eragingo lieke filma deskatalogatzeak –ezin da konparatu, adibidez, artxibo publiko batek antzeko zerbait egingo balu sortuko litzatekeen egoerarekin–, baina HBOren ikusle kopurua kontuan izanda, zentsurari buruzko debatea piztu da, bai AEBetan, baita handik kanpo ere.
Identitate-politikek azken urteetan hartu duten indarraren erakusgarri izan daiteke kasua. Gizarteak geroz eta ardura handiagoa dauka zapaldutako kolektibo batzuen errepresentazio publikoarekin –ezen ez kolektibo horietako pertsonekin– eta pixkanaka horren eragina nabaritzen hasi da: duela ez asko normaltzat jotzen ziren komentario, txiste edo jarrerak baztertzeko joera nagusitzen ari da.
Baina irakurketa hori egitera mugatzea, oso azalean geratzea litzateke eta, nolabait, gizartearen aurrerakuntza motel baina etengabean sinestea –aurpegi berriko faxistak zenbat ugaritu diren ikusita, lerro hauek idazten dituenari asko kostatzen zaion zerbait–.
Eta Gone With the Wind-ekin gertatutakoa ezintasun politiko baten erakusgarria balitz? Gizartea eraldatu nahi dutenek, lortzen ez dutenean, sarritan bilatzen dute kontsolazio-saria gizartea errepresentatzen duten fikziozko lanetan, hauen baloreak auzitan jarriz gizartearen baloreak kolokan jarriko balira bezala. Horrek, gainera, maiz samar ekartzen du filmak, nobelak edo kantak kualitate moral batzuen transmisore soil bezala irakurtzea, edozein ekoizpen kultural kritikoki aztertzeko beste aldagai asko ere kontuan hartu beharko liratekeen arren.
Bestalde, duela 80 urte baino gehiago egindako pelikula bati buruz ari gara, bere alde on eta txar guztiekin: Gone With the Wind-ek estereotipo arrazistak imajinario kolektiboan txertatzen lagundu bazuen ere, aspaldi utzi zion eragin hori edukitzeari publiko masibo batentzat. Film horren aurka eginez arrazakeria borrokatzen duela pentsatzen duenak, hobe luke Gil Scott-Heronek zioena entzun: “Iraultza ez du telebistak emango”. Ezta streaming plataforma multinazional batek ere.