Arrazakeria, arraina uretan bezala

Arrazakeria arraina uretan bezala –

Andoni Olariaga, NAIZen.


Iritziak bezala, denok dugu ipurdian zuloa, baina usaina besteenek bakarrik dutela pentsatuz bizi gara. Arraina uretan bizi dela inoiz jabetzen ez den bezala, horrela bizi gara, normalizatuta ditugun betaurreko, balio eta portaera sozial jakin batzuk jantzita. Gureez jabetu ez, baina besteengan ikusten ditugu portaera horiek. Besteek dute ideologia, besteen balio eta juzguak dira artifizialak, eta besteen identitatea eta mundu ikuskerak dira exotikoak, arraroak eta ez-naturalak. Bestela esanda: balio edo jokaera sozial bat ingurune kultural dominante batean normalizatzen denean, ikusezina bilakatzen da, zentzu komun orokorra bilakatuz, banalizatuz. Betaurreko horiekin sailkatzen dugu jendartea eta interpretatzen ditugu gertaera sozialak. Horrela, ideologia dominantea ideologia kontsideratzen ez den zentzu komun bilakatzen da.

Arrazakeria arraina uretan bezala
Arg: Eriscolors

Arrazakeria halakoa da, garaiko zentzu komuna. Gaur egun, arrazan oinarritutako ideologia bat baino gehiago da. Izan ere, arrazakeria oso plastikoa da, eta lekuan-lekuan forma desberdinak hartzen ditu, kultura, lekune geografikoa (ipar edo hego), erlijioa («katolizismoa» ala «besteak»), hizkuntza, baita azal kolorea ere, modu eta gradu ezberdinetan nahastuz. Hori horrela, arrazakeriak klasea (baxua), («gurea» ez den) kultura eta «arraza» (ez-zuria) nahasten dituen gutasunaren eta bestetasunaren ideologia bat artikulatzen du. Aurreko horrek jendartearen zati bat unibertsaltasunean eta normaltasunean kokatzen du, eta beste zati bat, bestetasunean. Alegia, Stuart Hall-ek azpimarratu bezala, arrazakeriaren (eta zapalkuntza kultural eta linguistikoen) oinarrian diferentziaren ideologia bat dago. Gayatri Spivak-ek subalternoek hitz egin zezaketen galdetzen zuen bitartean, Paul B. Preciadok gogorarazi berri digu identitate batez markatua egoteak norbere posizio propioa unibertsaltzat ezin izendatzea dakarrela.

Hori dela eta, ez datuek, ez argudiategi  «anti-biologizistek» («ez da giza arrazarik existitzen») ere, ez dute arrazagatiko zapalkuntzaren logika ukitu ere egiten. Arrazakeria ez da borrokatzen arrazak oinarri zientifikoak ez dituela esanez; are gutxiago, datuen araberako esplikazioak emanez. Izan ere, ideologia dominante guztietan bezalaxe, datuak ez du errelatoa «akabatzen»; alderantziz, kontakizunak akabatzen du datua. Adibide batekin ilustratzeko: “El Correo”-k eraso matxistak edo segurtasun falta (delinkuentzia eta lapurretak) gizartearen gabezia estrukturalekin (matxismoarekin eta pobreziarekin eta bizitza duin bat izateko bitarteko faltarekin, hurrenez hurren) lotu beharrean, migrazioarekin lotzen ditu behin eta berriz. Zergatik lotu, ordea, eraso matxistak migrazioarekin, eta ez gizonekin? Datuek ez al diote, ehuneko jakin bat migratzaileek eraginak diren bezala, ehuneko ehuna gizonek burutuak direla? Eta, beraz, errealitate horren kausa matxismoa dela eta ez migrazioa?

Arrazakeria bezalako ideologia dominanteek bi ezaugarri dituzte. Batetik, asoziazio selektiboak egiten dituzte, talde sozial zaurgarri edo zapaldu bat (migratzaileak, euskaldunak…) subjektu gisa hartu eta arazo estruktural baten erantzuletzat jotzen ditu: migratzailea berdin segurtasun eza, euskalduna berdin inposaketa… Bestetik, aurrekoa legitimatzeko talde sozial erabat heterogeneoak direnak homogeneo gisa marraztu behar ditu, ezaugarri esentzialak esleituz: migratzaileek kultura arrotza dute, balio atzerakoiak…

Orientalismoa da, esaterako, gaur egungo arrazakeria konkretu hegemonikoetako bat. Edward Said palestinarrak Mendebaldeak kultura asiarrak deskribatu eta menperatzeko sailkapen sistema arrazial menperatzaile gisa izendatu zuen hori. Orientalismoak «arabiartasunaren» irudi mistiko eta esentziala sortzen du, kultura monolitiko eta barbaro (ez zibilizatu) bat irudikatuz. Horretarako, musulmanak (edo moroak, gure inguru hurbilean) Mendebalde «laikoaren» eta zibilizazioaren aurreko «beste» handi bat bezala errepresentatzen dira, aurrerapenaren kontrako barbaro bezala. Esaterako, Palestinako ume dekapitatuen albiste faltsuak narratiba hori indartzea bilatzen zuen, biolentzia zibilizatua (Israelena) eta biolentzia barbaroaren arteko bereizketa eginez. Izan ere, bestea akabatzeak (genozidioak) dakarren jauzi morala eramangarriago egiteko, ezinbestekoa da lehenengo bestea animalia bilakatzea. Orientalismoak Israelgo Estatua Mendebaldearekin lotu eta palestinarrak barbaro gisa irudikatzen ditu; horrela, genozidio bat legitimatzeko humus ideologiko gisa funtzionatzen du. Antisemitismoak (XX. mendeko arrazakeria nagusietako bat izan denak), gaur eta hemen, koartada gisa funtzionatzen du, arrazakeria dominantea (orientalismoa) ezkutatu eta herri semita bat (palestinarra) akabatzeko koartada gisa.

Bukatzeko, arrazakeriak sektore herritar «zuriak» migratzaile edota arrazializatuen kontra jartzen ditu, behekoa behekoaren kontra, zapaldua zapalduaren kontra, zapalduen arteko artikulazio emantzipatzaileei bideak moztuz eta benetako zapaltzailea zurituz, zapalduen arteko gerrara bultzatuz. Horren aurrean zer egin? Politika emantzipatzaileen beharra nabarmena da, aberastasunaren banaketa justuan oinarrituta egongo dena. «Eskubide guztiak herritar guztientzat» printzipioa izan behar da iparrorratza. Eta, horrez gain, gure herriaren burujabetza beharra ere nabarmena dela ukaezina da. Baina guzti hori kamuts geratuko da, gainean daramagun arrazakeria (eta matxismoa, klasismoa…) onartu eta birplanteatzen hasten ez bagara, bai norbanako bezala bai kolektiboki.

Arrazakeria arraina uretan bezala  Arrazakeria arraina uretan bezala  Arrazakeria arraina uretan bezala

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

13 pentsamendu “Arrazakeria, arraina uretan bezala”-ri buruz

  • Arrazarik ez da existituko, baina jatorriaren arabera, giza konportamenduak zeharo desberdinak dira, eta zure modukoek, eskubide zibilen munduan aitzindari izan den Europara, eskubideekin inolako atxikimendurik ez duten miloika eta miloika atzerritar ekarri nahi duzue. Gero malkoak etorriko dira.

  • “Eskubide guztiak herritar guztientzat”.

    Agian ahaztu egiten zaigu euskaldun garen aldetik ez dugula eskubide propiorik, baizik eta potentzia okupatzaileek ezarritako legedi baten menpe gaudela? Kolonoak eta aborigenak, eskubidedun guztiak, lehenak kolonizazioaren abangoardia eta bigarrenak inperialismoaren bizidunak direnean?

    Biztanleriaren kolonizazioa gure Estatu nazionalaren desaktibazioan zuzenean inplikatutako Estatuetatik zetorren. Hori gehitu behar zaio kontinente ia guztietatik datorren olatu kolonizatzaile berri bat, berriro inbaditutako nazioaren ezaugarri kultural guztiekin amaitzen ari dena, olatu hori kontzientea izan ala ez alde batera utzita.

    Ados nago armarik gabeko inbaditzaileak (nahiz eta batzuk hala izan) eta armarik gabeko inbadituak (hauek bai, behintzat) basakeria hau zuzen diseinatu duen sistema baten biktima direla-garela.
    Orain, Evaristo Paramok abesten zuen bezala, zure esker txarrei esker, nire zoritxarrak hasi ziren.

    Nork bere biosfera naturalean borrokatu eta altxor gisa zai

  • Nire iruzkina bere osotasunean atera ez dela dirudienez, orain osatzen dut.

    Nork bere biosfera naturalean borrokatu eta altxor gisa zaindu dezala.
    Kanpotik etorritakoek gure borrokarekin bat egin ahal izatea, gehien-gehienak beren herrialdeetako erresistentzian integratu ez direnean, ez du inork sinesten.
    Orduan, azken hauen hurrengo belaunaldiei itxaroteko esango diguzue, eta ondorioz, okupazio usaineko “giro” batean hazi ez denez, emaitza, logikoa denez, hauxe izango da: domuit vascones.

  • Domuit vascones eta utriumque roditur, Freud jauna, utriumque roditur…

  • Leku guztietatik bai, “etxetik” hasita…

  • Topikoz betetako testua. Gauza bat aipatzearren soilik. Eraso matxistak %100ean gizonek egiten dutela diozunean, noski, eraso matxistari eman zaion definizioan gizonak egindakoa izan behar da, ez dago beste aukerarik (eta bestela ere gizonek eragiten dutela biolentziaren portzentai handiena ere egia da). Baina hau erabiltzea inmigrazioaren eraginaz ez hitz egiteko manipulazio bat da, errealitatea ikusi nahi duenak ikusten du eta besteak joan etorri aldrebesak asmatzen dituzue zuen ideologiarekin bat egiten ez duena ez ikusteko.
    Ta azkenik Mikelek eginiko iruzkinarekin bat nator.

  • Tenplario Beltza 2024-11-23 00:04

    Bai, bai, matxismoa + palestina = ongi etorri euskal herrira. Beti matraka berdinarekin, gauzak nahasten, herri honek NAHI EZ DUEN ZERBAIT bere borondatearen kontra inposatzeko: Ez, ez dugu inbadituak izan nahi.

    Gure herria ezerezera murriztu duen immigrazio masiboaren aurka gaude. Lehen espainiarrak eta frantsesak ziren. Orain espainiarrrak, frantsesak, bolibiarrak, marokoarrak… Ez dugu desagertu nahi, beraz ez dugu kanpotar gehiago nahi. Hau garai batean posizio ezkertiarra zen. Herria babestea ezkertiarra zen. Baina ezkerreko inteligentsia berri honek konbentzitu nahi gaitu bai merezi dugula desagarraraziak izatera. Joan daitezela VOXera guzti hauek, gainontzeko antieuskaldunekin batera.

  • Herri komunitateak babestu edo globalismoan jausi, ez dago besterik. Eskuma-Ezkerra beste garaietako kontuak dira.

  • Kaxka, badirudi gehiengo bati kosta egiten zaiola aipatu duzuna ulertzea.

  • Benat Castorene 2024-11-23 15:05

    Ez nuke agian erranen Kaskak bezala Eskuma-Ezkerra bereizketa tradizionala erabat desagertu denik, baina bai somewhere-anywhere (sinplifikatuz herrizale eta munduzale) bereizketa gainetik jarri zaiola populazioaren zatiketa politikoa bikoiztuz Frantzian bezala. Izan ere zatiketa berri horrek zeharkatzen ditu oraingo eskuina eta eskerra zeinak (eskerra batez ere) aldatu samar diren lehenagoetarik haien helburu politikoez eta haien bezerien jatorriaz bezainbatean;

  • Arratsalde on,

    Egitan gai mamitsua. Kontraesankorra. Hautsak harrotzekoa. Ederra.

    Hasteko, errespetu gutxi merezi dit inoren atzealdea artikulu baten sarreran aipatzen duen artikulugilerik. Bigarren mailakotzat hartuko dugu gaur, ostera.

    Gutxi ohartzen omen dira ideologiak norberaren ikuskeran daukan eraginaz. Idazleari, beraz, bere ideologiak zer nolako pisua dauka bere ikuskeran? Ezen deseraikitzearen deseraikitzeaz haiena deseraikitzeaz ahaztu dira, eta badira ezker pentsamendu posmodernoak ezarritako ukitu ezin dira zeinbait “oinarri”.

    Lehenbizikoa, giza espeziearen batasuna da. Hau da, giza espeziearen banako orok izan behar dituela oinarrizko eskubide berberak eta berdinak, espezie moduan berdinak omen garelako. Ahaztu dute, ordea, ezarritako oinarri hori hain dela mendebaldekoa ezen “orientalei” aplikatzea zaila egiten dela. Zentzu honetan, pentsatu da homo sapiens sapiens oro “gizaki” dela. Baina “gizakia” izatea kulturala da, ez da biologikoa, eta beraz, “arrazarik” ez den arren (taldeen arteko ezberdintasunik baden arren), gizatasun “unibertsala” ez duela mundu santu guztiak, gaitasun kognitiboak taldeen artean, batez beste, ezberdinak direlarik ere. Zergatik gertatzen da hau? Ez dagoela inolako unibertsalik, dena delako kokatua, gizakia kulturarik gabe ez delako ezer, Afrikatik atera ginenetik urte gehiagi daramatzagulako bereizita. Basapiztia hutsa da kulturarik gabeko gizakia. Bere mundu-ikuskerari mamia ematen diona gizartean heztea da, arau zehatz batzuk dituen gizarte bat. Hortik kanpo ez bilatu inolako arrazoimen gorenik ez gizatasunaren batasunik.

    Bigarren, ukitu ezinezko gaiak ditugu, ez-subjektuak, eta jatorria, arraza, etnia, horietako batzuk dira. Kasu honetan, jatorriari ezin omen diogu errua bota, matxismoari ordea bai, transbertsala den zerbait delako (guztiok barnean daukaguna). Baina, transbertsala izateko, kuriosoa da nola, EAEn bederen, atzerritarrek bertakoek baino 13 aldiz sexu delitu gehiago egiten dituzten per capita. Hemen, ditudienez, ez da intersekzionalitaterik aplikatzen, ez baita interesatzen, azaltzeko nola, gure gizartea ere matxista izanik, bertakook atzerrikoek baino esanguratsuki sexu-delitu gutxiago egiten ditugun. Matxismo mota oso ezberdinak daudelako, bai forman eta bai intentsitatean. Marginalitateari errua botatzea petxero arruntegia da jadanik; jateko lapurtzea ulergarri da, hein batean, baina bortxaketa, sexu-abusua, jazarpena ez du marginalitate sozio-ekonomikoak inondik inora azaltzen. Galbaherik gabe ari gara lan-indar merkea gure herriotara sartzen, eta hau noski ez da migranteen errua, ez bada gure patroi eta politikariena, baina finean, aurrez-aurre aurkitzen duguna beste errealitate bat da, gure eguneroko bizitzetan eragin zuzen-zuzena daukanak.

    Konparaketa batzuk desegokiak izan ohi dira, zehaztasun faltagatik, baina gu orain dela ez-dakit-zenbat-mende geunden moduan bizi den jendaila etortzea onartzea edo ekartzea ez zaigu komeni, gure gizartean indar arrotz eta atzerakoiei lekua egitea baita.

    (denbora askorik ez. Jarraituko du, agian)

  • Arrazak izan badira, horrek ez du kontrako erantzunik. Europarrok, eta bakarrik europarrok, neandertalen genomak ditugu, gerok, beste inork ez. Txakurrekin, Nonbait, ez dago halako eztabaidarik. Sapiens guztiak ez gara arraza berekoa.

  • IA bedeinkatua!!!

    Ez dago giza arraza desberdinenik, Nagore. Laburbilduz:

    – Giza genetika zorrozki homogeneoa da.
    – Desberdintasunak handiagoak dira taldeen barruan taldeen artean baino.
    – Ez dago gizatalde desberdinen arteko erreprodukzioa eragozten duen muga biologikorik
    – Giza “arraza” desberdinen kontua kolonizazioarekin hasi zen.
    – Azalaren kolorea, ilearen textura eta antzeko ñabardurak inguruneari moldatzearen ondoriozkoak dira, eta ez dute zatiketa genetiko sakonik adierazten.
    – “Arraza” desberdinak desberdin definizitzen dira historikoaren eta kulturaren arabera.
    – Giza Genomaren proiektuak adierazten du gizakia ezin dela arraza edo subespezietan sailkatu
    – …

    Ondorioz, Eneko bAt, ez dago europarren eta asiarren arteko alde neurologiko funtsezkorik, noski, ez bada ingurunearen eta esperientziaren ondorioz. Laburbilduz:

    “Garunean ez dago funtsezko desberdintasunik europar eta asiarren artean, baina kultura-esperientziak eta inguruneak eragina dute garunaren funtzio jakin batzuk nola erabiltzen eta garatzen diren. Aldakuntza hauek ikaskuntzan eta kultur egokitzapenean giza aniztasunaren isla dira, ez desberdintasun edo gaitasun biologikoen isla”.

    Eta erreferentzia bat, hainbaten artean:

    “Unified structural neuroanatomy and human diversity: A critical review of population differences in brain morphology”. Hudelson, S. E., & Dick, A. S. (2019).

    Aldagai sozio-ekonomikoak kriminalitatearekin, orohar, duen harremanari buruz, Eneko bAt. Laburbilduz:

    “Baldintza sozioekonomikoen eta krimenaren arteko harremana determinista ez den arren, lotura argia dago desberdintasunaren, pobreziaren, langabeziaren eta krimenaren artean”.

    Eta erreferentzia bat, hainbaten artean:

    “Crime as a Social Cost of Poverty and Inequality: A Review Focusing on Developing Countries”. Bourguignon, F. (2001).

    Zehazki, aldagai sozioekonomikoak eta bortxakeria matxistaren arteko harremanaz, labur:

    “Baldintza sozioekonomiko txarrak ez dira indarkeria sexistaren kausa bakarra, baina haren prebalentzia eta larritasuna areagotu dezakete. Pobreziak, langabeziak, genero-desberdintasunak eta baliabideetarako sarbide ezak biktimen aukerak mugatzen dituzte eta arrisku-faktoreak areagotu ditzakete erasotzaileentzako”.

    Eta erreferentzia bat, beste hainbaten artean:

    “Global and regional estimates of violence against women: Prevalence and health effects of intimate partner violence and non-partner sexual violence”.
    World Health Organization (WHO). (2013).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude