Arrakastaz amaitu da Euskal Kantua, Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxeko musika zikloa
Euskalkultura.eus ataritik jasoa.
Trelew hirian egoitza duen Chubuteko Iparrekialdeko Euskal Etxeak, Patagonia eskualdean [Argentina], balorazio oso positiboarekin amaitu du ‘Euskal kantua’ izeneko tailerraren lehen zikloa. Ignacio Esquirozen eskutik, proposamenak euskararen soinua zabaltzea zuen helburu. Horregatik, maiatzetik uztailera, bi astetik behin bildu izan dira, abesti tradizionalen errepertorioko piezak abesteko. Lehendabizi aukeratutakoen artean zeuden, besteak beste, Ikusi mendizaleak, Aldapeko, Hegoak, Bagare, Gernikako Arbola…
Jarduera honi esker, euskal etxekoak ez ziren pertsonak ere hurbildu dira EEra, eta musika lagun, euskara ezagutzeko aukera eman dien une bat partekatu dute. “Gure asmoa euskara inoiz entzun gabekoak, euskara ezagutzen ez zuen jendea, inoiz hitz egitera edo ikastera animatu ez direnak gonbidatzea izan da, beste era batera hurbil zitezen, kantua lagun. Eta egiari zor, oso ondo atera da, eta datorren urtean errepikatuko dugu” esan dio Euskalkultura.eus-i Natalia Suarez Caminoa euskal etxeko lehendakari berri gazteak.
Azpimarratzekoa, tailerrak euskal etxeko ohiko efemeride tradizionalekin bat egin duela. Eta, esaterako, San Juan gauan, Euskal Etxearen urteurrenean edo San Fermin egunean bildu izan direla eta efemeride horiek aipatu, pasadizoak partekatu eta komentatu eta ospatu dituztela. Adibide gisa, artikulu honekin batera argitaratzen dugun argazkian ikus daitekeen San Juan.
Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxeko musika zikloa