Arimak dantzan Michoacán-en
Arimak dantzan Michoacán-en –
Xabier Itzainak dantzan.eus atarian.
Joan den urrian gomitatu ninduten Moreliako unibertsitate batera mintegi baten emaiteko. Gogotik hurbildu nintzen Michoacán-eko hiri nagusirat, ikusiz gainerat gomitatu ninduen lankidea, Maxime Kieffer, aspaldian Mexikon bizi den Donibane Lohitzundarra zela! Hitzaldia arrunt bertze gai bateri lotua izanik ere -kooperatibismoaz-, etxekoekin baliatu ginen zonbeit egun pasatzeko Morelian eta Pátzcuaron. Michoacán-ek fama txarra dauka Mexikon, segurtatasun eskasa eta kriminalitatea direla medio. Egonaldi horri esker ukan ginuen eskualde horren bertze aurpegi baten ezagutzeko parada, eta bereziki bere aberastasun kultural harrigarria.
Morelia bera hiri kolonial elegante bat da. Erdigune historikoa harri lauzatuz eraikitako etxe sendoez osatua da. Arrunt español aire bat badu du denbora batez Valladolid deitzen zen hiri horrek. Morelia ezaguna da, bertzeak bertze, Melchor Ocampo (1814-1861) mexikar abokat, ikerlari eta politiko liberalaren ohantze bezala. Moreliako unibertsitate historiko batean bisita ditaike Ocamporen liburutegia. Han ikusi ginuen Manuel de Larramendik jesuita gipuzkoarrak 1745an Donostian argitaratu Diccionario trilingüe del castellano, bascuence y latin-aren ale bat. Bere hiztegiarekin batera Atlantikoa trebesatu ote zuten Larramendik Gipuzkoako dantzetaz zauzkan ideia bereziek? Nork daki…
Omiasaindu eta hilen besta izanki, bazterrak doi bat harrotuak ziren Morelian. Erdialdeko egoitza ederren ateak ireki zituzten, eta hilen ofrenda edo aldareak alde guzietarik paratuak zituzten, zoinek ederrago. Eskualdeko museoan ere ikusi ginuen dantzarako maska sorta eder bat, Michoacán-eko hainbat herrietarik ekarriak. Hauteman ginintuen Uruapan-eko Negritos dantzarien maska, Acahuén-eko pastorela-ko debruena, Sevina-ko Tata K’eri dantzariena, San Juan Parangaricutiro-ko danza de los Cúrpites-eko Tarepiti-aren beztimena, Palmar Grande (Estado de México)-ko Los doce pares de Francia pastorala moduko dantza-antzerkiko maskak, tokiko atabal, pandero eta xirulak…
Beti Morelian, arratsalde apal batez kausitu ginintuen dantzari batzu katedralatik hurbil. La danza de los Viejitos (zaharren dantza) deritzote dantza-joko xinple huni: lauzpabortz dantzari, alegia xaharren sinoak egiten, arrabita, gitarra eta kontrabaxuaren soinuz. Bi hitz eginik dantzari eta arrabitariarekin, jakin nuen dantzariak Jarácuaro herritik etorriak zirela. Aste ondar bakotx hor ari omen dira dantzan, itxura guzien arabera kanpotiarrentzat. Beren herriko bestetan ere ari omen dira, testuinguru erritual berezietan: urtarrilean Señor de la Misericordiaren kari, eta Besta berriz ekainean, “deitzen gaituztelarik”. Eta ene antropologo galde zozoari: “ze sentsu dauka zaharren dantzak?”, huna baten errepostua: “ene aitak egiten zuen, haren aitak ere, orduan guk ere egiten dugu”.
Bere idorrean, erantzunak zeraukun ohidura sendo baten parean ginaudela. Hasteko, dantzaren erranahia, beti bezala, ez da hain argi. Batzuentzat hilen arimen ber-lurreratzea lukete antzezten delako zaharrek, bertze batzuentzat konkista aintzineko iguzkiaren jainkoari kulto zerbeit… Jorge Amós Martínez Ayala ikerlariak ikuspegi pragmatikoago bat proposatzen du, erakutsiz dantza horren erabilpen turistikoa dela oroz gainetik aspaldikoa (Martínez Ayala 2016). Lázaro Cárdenas lehendakariaren garaian (1934-1940), Mexikar gobernuak nahi izan zuen azkartu indigenismoa, folklorea eta turismoaren arteko lotura, mexikar nazionalismo mota baten izenean. 1930 urteetarik aintzina, untsalaz Eguberrietako erritoer lotua zen Zaharren dantza hasi ziren bere testuingurutik kanpo emaiten. Usaian Jarácuaro eta Patzcuaro inguruetan dantzariak eske ibiltzen ziren beren herrietan, dantza antzeztu batekin. Pixkanaka-pixkanaka aldaketak sartu zituzten. Dantzari batek zerabilan Jesus haurra konpartsatik kendu zuten, halaber emakumez beztitua zen pertsonaia. Gutarik hurbilago, ondare bilakatu zen Viejitos-en dantza eta XX. mende undarrean garatzen hasi zen turismo kultural eta ekologikoaren beharrorduer egokitu.
Morelian berean ikusi ginintuen hilen bestaren karietarat antolatuak ziren bertze desfile zonbeit, interes apalekoak. Izaitekotz zombi eta catrina batzu, Michaël Jackson-en Thriller-en soinuz etorbide zabaletan barna bazoazinak herrestan. Globalizazioa, denetan.
Hiri nagusia utzirik hurbildu ginen Pátzcuaro herrirat, handik 57 kilometretarat. Herri gotor hori Purépecha indigenoen – kolonizazio garaian “Tarascos” deitzen zituztenak – aintzira nasai baten hegian kokatua den hiriburua da. Eskualde hau ezaguna da XVI. mendean Vasco de Quiroga apezpikuaren obraren gatik. Izenak ez dion bezala, etzen eskualduna baizik eta gallegoa. Apeza eta jurista, Vasco de Quiroga Michoacán-eko apezpiku izendatu zuten 1537an, eta indioen tratu hobeago baten alde arizan zen lanean, sustut Nuño de Guzmán konkistadoreak bortitzki zapaldua zuen eskualde hortan. Vasco de Quirogak Purépecha komunitateak antolatu zituen herri-kooperatiba gisa, pentsamendu ekonomiko berezi batean oinarrituz. Santa Fe de la Lagunan pueblo hospital delakoa xutik ezarri zuen, Thomas More-en utopiaren prinzipioak eta indioen usaiak elgarri juntatuz. Garai hortarik dario Tata Vasco delako apezpikuari eman zioten izengoiti amultsua, gaur egun Mexikoko hainbat hirietako karriken izena dena.
Hilen eguna edo arimen gaua izanki, hemen ere bazterrak doi bat harrotuak ziren. Pátzcuaroko plaza nagusian berriz ikusi ginintuen delako zaharrak dantzan, aldi huntan herrikoak. Arratsalde apalean, udalaren Ballet folclórico-ak eman zituen oholtza gainean Michoacán-eko dantza zonbeit. Lehen partea interesgarria zen hain xuxen Pátzcuaro inguruko herrietako dantzen bilduma zerbeit eskaini zutelakotz. Bertzeak bertze eman zituzten Janitzio ugarteko arrain xuriaren dantza – sorkuntza aire bat bazuena -, la danza de la fiesta del Niño Jesus, Los viejos alegres, Uruapan-eko La danza de la Salvadora, emazteek Erramuz emaiten dutena. Dantzak oholtzarako moldatuak ziren bainan iragaraki lorios bat eskaini zaukuten, delako herrietako ospakizunetarat hurbiltzeko gomita bat bezala. Iduriz gainerat Pátzcuaron edozoin estakuru on da dantza aritzeko. Gure Donibandar lagunak arratsean joan gintuen ostatu batetarat nun salsa talde on batek jotzen zuen zuzenean. Bikoteak ari ziren dantzan, ederki gainerat. Gure adixkideek esplikatu zaukuten salsa dantzariak urte guzian trebatzen zirela eta izaitekotz Mexicon estilo herrikoiagoa cumbia zela.
Biharamunean, azaroaren lehena, herrian zehar prestatuak ziren aldareen itzulia egin ginuen. Etxe batean Pátzcuaro eskualdeko aldareen funtsezko erranahia azaldu zaukuten xeheki. Tokiko jendeek sinesten dute gau hartan hilen arimak berriz etortzen direla lurrerat, sar-atera batentzat. Bainan sar-atera hori ez da nola nahi nahika antolatzen, aldareen egiturak deraukun bezala:
.
Elementu amankomunak:
- Paperrezko kadenak: bizia eta herioaren arteko lotura
- Paper pikatua: hilen izpirituak xiloen artetik pasa diten
- Arkuak: nun Jondoni Petrik baimentzen dituen arimen sar-aterak. Arkuak kokatzen dira baita ere etxe-atarian eta hilerrietako sartzean, sartzen direnen purifikatzeko
- Bidexka loreztatua: etxe ataritik aldareraino, hilak bere bidea aurki dezan loreen usaina segituz
- Cempasúchil lorea: indioentzat, horia Iparraldea edo herioaren eskualdearen sinbolo da (ez du deus ikustekorik Ipar Euskal herriarekin, othoi!); lore morantzek dolua irudikatzen dute, lore xuriek aberastasun espirituala, amultsutasuna eta garbitasuna.
Zerua irudikatzen duen aldarearen gaineko partean:
- Zenduaren argazkia
- Mihise xuria: garbitasuna
- Hilaren puskak: bizi zelarik maite zituenak eta bertze mundura pasatzen laguntzeko beharko dituen tresnak
- Sukrezko buru hezurrak: herioaren onartzeko, bizi on batetarik landa heldu den ezinbertzea bezala
- Gatza: bataioaren sinboloa, gorputza ez dadin desegin eta usteldu
- Baso bat ur: urrunetik datorren arimaren egarriaren asetzeko, bizi berriaren sinboloa
- Arto burua: hilak bere bizi denboran eginkizun onekin eman fruitua, eta herioaren tenorean biltzen dena.
Lurra irudikatzen duen aldarearean peko partean:
- Kadira: hila pausa dadin
- Makila: hilak izpiritu gaixto eta debruak haiza ditzan
- Bidaia zaku bat: hila pausa dadin bide luzetik landa
- Ezko argi edo kandelak: hil-bidearen argitzeko, haren beha dauden egoitza edo etxeradino; argizariak hila bera irudika dezake
- Xirioak: lau pundu kardinaleri buruz ezarriak, hilak bere bidea aurki dezan. Jinkoaren presentzia irudikatzen dute baita ere
- Lurrezko kurutzea: hila orroit dadin nundik datorren eta norat doan
- Hautsezko kurutzea: izpirituaren purifikazioa. Kurutze hori tiringuini lorez estaltzen da (“tiringuini” purépecha hizkuntzan, “cempasuchil” nahuatl-ez)
- Intsenzua: indioek lehenago copal (arraxina mota bat) erabiltzen zuten, espainolek zuten intsensua ekarri. Intsensuak otoitzak Jainkoraino eremaiten ditu eta ingurumena purifikatzen, arimaren menturan
- Hilak gostukoak zituen janariak. Sinesten da hilak janarien usaina eta esentziaz goxatzen direla
- Hilen ogia: egun hartako espreski prestatua. Sinesten da ogiaren bitartez hila hor dela
- Fruituak: lurra eta izadiaren parte izanki, hartara berriz doalakotz hila.
Sinkretismo hutsa.
Arratsean, gure adixkideek afaitera gomitatu gintuzten Huecoriora, aintzira bazterrean duten egurrezko etxe pollitera. Afaritik lekora, hamekak irian beribilez abiatu ginen auzo herrietako hilerrietarat buruz. Hiru bisitatu ginintuen: Arocutín, Tzintzuntzan eta Ihuatzio. Aitor dezadala deplauki: zinezko esperientzia izan zen. Familiak han zagotzin jarririk beren hilobiaren sahetsean. Gau osorako. Hilobiak apainduak zituzten cempasúchil iranja kolorezko loreekin, eta eskaintza gisa hilak maite zituen puskak, janari eta bertze, polliki ezarriak zituzten oihal brodatuz estaliak ziren zareetan. Batzutan lorezko eskulpturak baziren dilindan: bizikleta bat, gitarra bat, tronboia… Hots, denetarik, bainan ikaragarri eder, xirioen argitan. Eta ixiltasun harrigarri bat. Kasik musikala. Berberoen erran zaharra jin zitzautan gogorat: “erraitekoa dukana ez bada ixiltasuna beino ederragoa, hago ixilik.”
Gero, kontradikzioz josia den Mexikon beti gertatzen den bezala, ikaragarriko kontrasteak hauteman ginintuen hiru herrien artean. Arocutín-en, hasteko gure tenorean, kanpotiar guti, herritarrak ziren beren zenduen zaindari. Noizpait apez bat agertu zen eliza bortan meza emaiteko, hilherrien parean. Gure adixkideak bortz urtez herri hartan bizi izanki, jendea ezagutzen zuten eta denek batzarri ona egin zaukuten.
Bigarren herrian aldiz, Tzintzuntzanen – denbora batez Purépechen hiri nagusi izana – zernahi jende. Auto eta otobus lerroak herrirat heltzeko. Oren bat eta erdi eman ginintuen kilometro bakar batzuen egiteko. Etsiturik, beribila bide bazterrean utzirik, oinez segitu ginuen, goizeko oren batean. Herri Urrats Pátzcuaron. Noizpait herrirat heldu ginen eta parez-pare dauden bi hilerrietan sartu. Arrunt giro bitxia. Hilobien artean bazoazin zernahi turista, bisaiak zombi batzu bezala tindatuak, Disney-ren Coco filman balire bezala. Eta bizkitartean herritarrek beren erritoa betetzen zuten, ixilik, bertzetaz axolatu gabe. Ez ote diren kexatzen kanpotiar masa hori ikusita galdegin ginien gure adixkider. Ezetz, etzaiela inporta, ainitz kontent direla beren ohiduren aldera doakion interesa ikusita. Bainan artetan pixka bat samurturik ere ez luketela kalterik…
Biharamunean tokiko prentsan ikusi nuen bazela halere eztabaida zerbeit. Tokiko agintariak “Arimen gaua”-ren masifikizioaren alde zirela turismoaren izenean, herritar zonbeit aldiz kontra. Jakin nuen baita ere Omiasaindu arratsaldez Tzintzuntzanen hasteko, herritarrak hilherrietara bazoazila dantzan beren eskaintzekin, betiko haize bandek lagundurik. Betiere, Tzintzuntzanetik landa azken hilerri bat bisitatu ginuen, Ihuatzion. Goizeko biak ziren, eta hor berriz arrunt giro intimista hauteman ginuen. Majikoa. Herritarrak, gu eta, beraz, hilen arimak. Biharamunean, familiak berriz biltzen dira hilerrietan eta hilobien gainean jaten eta edaten dituzte bezperako ofrendak.
Itsasun Gibelarte kartierrean bazen denboran Arimaluxeenia deitu etxalde bat – ez dakit beti xutik ote den -. Jainkoak berak daki izena nundik emana zioten… Pátzcuaron hasteko, gure adixkideri esker, arima luzeen dantza ixila hauteman ginuen.
Erreferentziak
Martínez Ayala, Jorge Amós (2016), “Bailar para el turismo. La ‘danza de los viejitos’ de Jarácuaro como artesanía”, in Georgina Flores Mercado y E. Fernando Nava (eds.), Identidades en venta: musicas tradicionales y turismo en México, UNAM.
Arimak dantzan Michoacán-enArimak dantzan Michoacán-en Arimak dantzan Michoacán-enArimak dantzan Michoacán-en Arimak dantzan Michoacán-enArimak dantzan Michoacán-en Arimak dantzan Michoacán-enArimak dantzan Michoacán-en Arimak dantzan Michoacán-enArimak dantzan Michoacán-en