Amildegiaren ertzean

Amildegiaren ertzean –

Hasteko, galdera-sorta deserosoa: Zergatik gaur egun autoritarismoa da hain erakargarria munduan? Zergatik klase apaleko jende askok erosten du batere eskrupulurik ez duen aberaskume, matxista eta nazkagarri baten narratiba? Nola liteke Donald Trumpek berriro ere hauteskundeak irabaztea? Noiz galdu du ezkerrak klase azpiratuekin konektatzeko gaitasuna? Zerk egiten du gezurra hain liluragarri? Galderak ditut salgai. Erantzunak bizigai.

Nahi adinako epiteto gutxiesgarri eta gatz lodi erants geniezazkieke Trump, Abascal, Mazon, Milei, Orban eta enparauei, baina horrek ez du arazoaren muina aldatuko. Adjektibo horiek ez dute argibiderik ematen. Kontsolamendurako trikimailuak baino ez dira. Euskal Herrian ez dugu horrelakorik. Ados. Uhartea gara. Momentuz. Ez dit balio. Uharte hori fiktizioa da, gaur egun Washington, Madril, Parisen edo Bruselan gertatzen denak guregan ere eragina baitu.

Amildegiaren ertzean
Arg: Alexas_Fotos

 

Zer gertatu da?

Astelehen honetan bertan Joshua Bentonek (Harvard University, Nieman Foundation for Journalism) oso artikulu interesgarria kaleratu du sarean. Europan dezente azpimarratu da kanpaina honetan The Washington Post eta Los Angeles Times egunkariek beren ildo editorialean egin duten aldaketa: neutraltasuna adieraztea; hots, ezein hautagairik ez babestea. Erabaki honen atzean Amazoneko buru eta The Washington Post-ekonagusidenJeff Bezos dago. Trumpen aldekoek presio izugarriak egin dituzte aldaketa editorial hori lortzeko. Eta lortu dute. Urak harrotu dira. Kazetariak matxinatu dira eta 250.000 harpidedunek baja eman omen dute. Jarrera aldaketa hori ez da soilik bi kazeta horien kontua izan. Joshua Bentonen artikuluan agertzen den bezala, AEBetako 100 kazeta garrantzitsuenetatik hiru laurdenek jarrera ustez «neutral» bera hartu dute. Duela zortzi urte 38 ziren. Orain, hiru laurden. Zergatik aldaketa?

Boterearen presioez eta komunikabide ustez hegemonikoen eraginaz harago, azken hamarkada hauetan komunikabideen kontsumoa asko aldatu da. Herritarrek komunikabide nagusiekiko duten konfiantza etengabe jaisten doan neurrian —2016an AEBetan %33koa zen; aurten %32koa— handitzen doa agerkari digital eta sare sozialen trafikoa, nahiz eta komunikabide horietako askoren kalitatea oso zalantzazkoak izan.

Trumpek irabazi ditu hauteskundeak: 2016an komunikabide gehien-gehienak bere kontra zeudenean, baita aurkakotasun hori ttipiagoa izan den 2024an ere. Iritzi publikoaren osaketa prozesua tarte laburrean aldatu da. Bizi dugun egoera nahasiaren erakusle da.

Kaosaren sentsazioa oso orokorra da: polarizazio politikoa, ziurgabetasuna, aldakortasuna, gizarte likidoa, erreferente falta… Testuinguru hori haztegi perfektua da ziurtasuna eskaintzen duten teoria autoritarioak besarkatzeko. Edo ez al diozue zuen inguruko jatorri apaleko pertsona bati honelakorik inoiz entzun: «Hemen aginte gogorra behar dugu ordena pixka bat ipintzeko». AEBetako latino dezentek Trumpen alde egin dute. «Gu legalak gara, migrazio ilegalarekin amaitu behar da», entzun diot bati baino gehiagori. Gauzak okertzen direnean doilorrenak etxean bertan topatzen dira.

AEBetako hauteskundeen emaitzak inpotentzia sentsazio orokorra utzi digu. Han eta hemen txakurrak oinutsik. Gogoratu bestela Albert Camusen ondorengo gogoeta hau: «Espainian ikasi nuen nire belaunaldiko jendeak arrazoia izan dezakeela eta, aldi berean, garaitua izan daitekeela; boterearen indarrak arima suntsi dezake, eta batzuetan kemenak ez du saririk ematen».

Donald Trumpek Springfieldeko haitiarrek txakurrak eta katuak jaten dituztela dioenean, ondotxo daki berak tontakeria bat esan duela. Bere helburua ez da jendeak hori sinestea, baizik eta migratzaileen aurkako giroa xaxatzea. Izan ere, Hannah Arendt-ek esan zuen bezala: «Etengabe gezurrak esatearen helburua ez da herritarrek gezur hori sinestea, baizik eta bermatzea jendeak ez duela ezertan sinesten. Gezurra eta egia bereizten ez duen herriak ezin du ongia eta gaizkia bereizi; hau da, pentsatzeko ahalmena ez duen herria da».

Hartara eraman nahi gaituzte.

Zer egin?

Hedabideek erakusten duten muturreko polarizazioa ez da fenomeno meteorologikoa. Ez da ezerezetik sortu. Ez da kapritxoaren edo kasualitatearen emaitza. Ezta Bibliako madarikazioa ere. Ez da egia komunikabideak polarizatuta daudela gizartea bera polarizatuta dagoelako. Ez. Alderantzizkoa da prozesua. Zabor-kazetaritzak dirua ematen du clickbait-en estrategian finkatuta dagoelako. Nagusitu den eduki arineko kazetaritza azkar hori ez da batere etikoa, ez da batere profesionala, baina dirua ematen du.

Garaileen filosofia modernoa da: irabaziak kosta ahala kosta lortu behar dira. Bost axola zabaltzen duzuen hori egia, gezurra edo erdipurdiko egia ote den. Gurea ez al da egiaren osteko gizartea? Nori axola zaio —benetan— egia? Hau gerra da, jaun-andereok, bai gerra. Edo ez al zenekiten (Karl von Clausewitz jeneral prusiarraren aipu mitikoa eraldatuz) kazetaritza gerraren jarraipena besterik ez dela, beste baliabide batzuk erabilita?

Premiazkoa da komunikabideen jabetzaren demokratizazioa aldarrikatzea eta hartara legeak, baliabideak eta neurriak hartzea. Zergatik onartu behar da botere mediatikoa elite ekonomiko edo finantzarioaren pribilegioa izatea? Funtsezkoa da baita ere Interneten gobernantza etikoa bermatzea, algoritmoen opakutasuna amaitzea eta Adimen Artifizialaren erabilera etiko eta gardena ziurtatzea.

Eztabaida guztiz ideologikoa zabaldu behar da. Ezkerrak borroka hori fronte guztietara eraman behar du. Aurreiritzirik gabe, baina mugarik gabe ere. Agintean dauden botere faktikoek eskakizun horren atzean mehatxua ikusiko dute, kontrol ideologikoaren nahia, adierazpen askatasunaren aurkako erasoa… Adierazpen askatasuna? Ala beren boterea blindatzeko amarrua? Informazio askerik gabe ezin dira erabaki libreak hartu.

Garai txarrak datoz mundura. Garai txarrak bizi ditu kazetaritzak. Neurriak bizkor hartzen ez badira, amildegiaren ertzean egotetik sakanaren sakonera pasako gara. «Borrokak denbora behar du», esan du Harrisek. Borroka dezagun.

berrian argitaratua

Amildegiaren ertzean  Amildegiaren ertzean  Amildegiaren ertzean  Amildegiaren ertzean  Amildegiaren ertzean

Kazetaritzan doktorea eta gizarte komunikazioan ikertzailea, EHU

5 pentsamendu “Amildegiaren ertzean”-ri buruz

  • Munduan agintzen duen elite kapitalista bankeroaren diskurtsoa.

  • GrouchoMarx2022 2024-11-19 18:23

    Zorionak Txema!!!!
    Artikulu bikaina!!!

    Erabat ados egiten duzun analisiarekin,
    zeharo ezkor datorrenarekin.

    Zuk diozun legez: “Gezurra eta egia bereizten ez duen herriak ezin du ongia eta gaizkia bereizi”. Hau da, gaixorik dagoen herrian eta harro bere ezjakintasunaz, arrazoia eta hausnarketa soberan daude!!!

    Ertzetik noa
    amildegiko ertz ertzetik…….

  • Benetan harritzen nau batzuk ispiluan begiratzeko dugun gogo edo nahi faltak. Zerren eraginez gertatu da munduan bira ideologiko hau? Ez al du ezkerraren azken hamarkadako hegemoniak zerikusirik?

    Mende honetako ezkerraren deribak (langile-borroka identitate-borrokengatik ordezkatzea eta honek dakarren identitateen arteko polarizazioa, besteen ideiekiko tolerantzia eza, kantzelazio kultura etab.) pixu handia izan duela esango nuke. Horri gehitzen badiogu ezkerrak munduan izan dituen gobernuak ez direla batere eraginkorrak izan, beste biderik ez da geratzen.

    Eta honi gehitu behar zaio “faxista” (Mussolini deskojonatuko zen) deitzen zaien politikari batzuen inguruan gezurrak esan direla, denon begien aurrean egon diren gezurrak, ikusi nahi zituenarentzat. Trumpen lehen agintaldian sekulakoak esan ziren, ez zuen beste presidenteren batek egin ez zuenik egin (gerrarik ez piztu, agian). Mileiren inguruan ere astakeriak esan dira, Argentinaren egoera tamalgarriaz orain arte hitz egin gabe egon direnean, eta egoera ekonomikoaren gorakadaz, tutik ere ez.

    Mileiren proposamena interesgarria iruditzen zait, oso zalea izan gabe. Eta ez naiz, ‘desdeluego’, Trumpen jarraitzaile. Baina munduko ezkerren beherakada erabat merezitakoa izan da, eta hori ikusten jakin behar dugu. Gezurrak eta erdi-egiak behar baditugu eskuinari aurre egiteko…

  • Badira ezkerrak eta eskuinak? Gehiago asmatuko genuke behekoei eta goikoei buruz hitz egingo bagenu.

    Europan, gaur alderdi eskuindar edo ezkertiarrak Davoseko foro ekononomikoaren sektaren jarraitzaileak dira, beldurragatik edo interes-gatazkagatik, baina hori bai, bankuek ondo finantzatuta.
    Alderdiek, sindikatuek, “gizarte mugimenduek” eta “komunikabideek” osatzen dute oso gustu txarreko antzezlan honen alderdi eragilea, jendetzak hipnotizatzen dituena eta gero eta otzanago, desinteresatuago eta, beraz, desinformatuago uzten dituena.

  • Mikel Haranburu 2024-11-21 20:34

    Ertzetik ikusten dena da ezkerrak eskuina izan nahi duela; alegia, boterea eskuratu nahi duela. Ezker-eskuin dikotomia, goiko eta beheko dikotomia ere, egun baliogabeak ez ote dira? Trump asko mintzatu da AEBetako immigrazioaz, eta, jakina, ezkerretik, immigranteen alde jartzen gara, nolatan ez, baina immigrante horiek nahi dutena, lagunok, AEBetan bizi den bezala bizi, besterik ez, Trumpen eskuinaren gerizpean. Ala, Trump agintera berriro iritsita, AEBetan inor ez da sartzen saiatuko?
    Eta, Mediterraneoan bizia arriskatzen duten horiek, ez al dute gu bezalako goiko eskuindarrok bizi garen bezala bizi, beheko ezkerrekoak izanik ere?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude