Alemania “komunistatik” eskuin muturrera?
Alemania “komunistatik” eskuin muturrera? –
Axier Lopezek Argia aldizkariko begizta.net blogean.
Alemania ekialdeko indar politiko indartsuena da AfD ultraeskuindarra. Horrela frogatu zen azken hauteskundeetan, Turingian gertatu zenez. Eskuin muturra boterera hurbiltzen ari da, eta, gainera, ekialdetik, Alemaniako Errepublika Demokratiko ohiatik, Gerra Hotzeko Alemania “komunistatik”. Leipzigeko unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, Saxonia, Saxonia-Anhalt eta Turingiago landerretan, herritar bitik batek “alderdi indartsu” bat nahiko luke, alderdien “demokrazia pluralistaren” alternatiba gisa.
Batzuek gorakada hori lotu nahi izan dute asilo-eskatzaileak herrialdera “masiboki” iritsi izanarekin, eta, horrek, herritarren artean, ustez “alemaniar sustraiak eta nortasuna galtzeko” eragiten duen “beldurrarekin”. Horrek ordea, biktima, migratzailea, bere egoera makurraren errudun bihurtzen du. Beste batzuek, Mendebaldeko ikuspegi kapitalistari lotuta, errua biztanleena dela diote, DDR ohiko jendeak oraindik “demokrazia zer den” ikasi ez izanari egozten diote.
Baina klixeetatik haratago, jendearen egunerokoa moldatzen duten baldintza sozial eta materialei begiratuta agian hobeto ulertu daiteke egoera. AfDk arrakasta izan du batez ere errenta apalenak dituzten langile eta autonomoen artean. 45 eta 59 urte bitarteko gizonek eta langabeek batez bestekoaren gainetik bozkatzen dute AfD, adibidez.
Oro har, diru-sarrera urriak dituzte edo batez bestekotik gertu daude. Prezioen gorakada orokorraren ondorioz, egoera ekonomikoak okerrera egin du. Dena garestiago dago, eta hori ez da Alemanian bakarrik gertatzen. Elikagaien prezioek, bereziki, kalte handia eragiten dute etxeko ekonomian. Herri-sektore zabal horietan, inflazioa ari da soldata erreala murrizten, eta lan-hitzarmenak (langile gehienek halakorik ez badute ere) inflazio-tasaren oso atzetik geratzen ari dira. “Kasta politikoarekiko” arbuioa orokorra da, Mendebaldeko herrialde askotan bezala. Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoek eta Errusiaren aurkako zigorrek eragin zuzena izan dute soldatapekoen ekonomian. Gainera, sektore pribatuko soldatapekoen gutxiengo batek baino ez du lan egiten enpresa-batzordea duten enpresetan.
Beraz, ez da harritzekoa pertsona asko gero eta pobretuago eta, batez ere, frustratuago egotea perspektiba faltaren aurrean. Arbeiterstimme aldizkarian ondo azpimarratu dutenez, “hori are errealagoa da Ekialdeko Alemanian, zeinean pertsona asko dagoen 1990eko hamarkadan gertatutakoak kolpatu zuena, DDR ohiaren industria eskala handian desegin eta kapitalismo modu basatia sarrarazi zenean”.
Horren aurrean, eskuin muturrak herritarren xenofobiarekin konektatu eta sustatu du. Migratzaileak, asilo-eskatzaileak eta errefuxiatuak gaitz guztien iturri bihurtu dituzte. Eta horren itzalpean ezkutatzen du AfDk, alderdi ultraeskuindar guztiek bezala, politika guztiz neoliberala defendatzen duela, bere boto-emaile gehienen interesen aurkakoa.
Alemania “komunistatik” eskuin muturrera?
Eta BSWren emaitza onak? Zergatik Euskal Herriko hedabideetan ez da azaldu partidu honek izan dituen emaitzen analisirik??? Zergatik fenomeno berri honen agerpena isilarazten da???
Dena ez da ultraeskuina, ez gaitzazue tontotzat hartu.
Hertitarrengandik zeharo urrundu diren politikek ere erruaren parte handia daukate.