Afrika ekialdeko gobernuek ere internet ‘bahitu’ dute
Afrikako gobernuak geroz eta teknika sofistikatuagoak ari dira erabiltzen webguneak, blogak eta sare sozialak kontrolatu eta blokeatzeko. Uganda, Ruanda, Suazilandia, Tanzania edota Sudan bezalako Afrika ekialdeko herrietan ere gobernuek zorrotz kontrolatzen dituzte oposizioaren sareko mugimendu eta iruzkinak.
Hala adierazi dute Kazetarien Babeserako Komiteak (CCP) eta Googleren Hego Afrikako filialak Johannesburgon izandako kazetari eta blogarien topaketa batean.
Blokeoak herriz herri
Ugandak sare sozialak “itzali” zituen apirilean “lanera oinez” erregaien prezioaren igoeraren aurkako protestaren goreneko momentuan. Ugandako Komunikazioen Komitea interneteko zerbitzu hornitzaileekin harremanetan jarri zen “Facebook eta Twitterreko erabilera blokeatzeko” eta “herriaren gogoa pizten dituzten informazio trukeak deusezteko”.
Ekainean, Ruandako Umuvugizi webgunea blokeatu egin zuten eta editoreari bi urteko kartzela zigorra ezarri zioten Paul Kagame presidentea iritzi artikulu batean iraintzeagatik.
Suazilandian, apirilean, telefonoetako mezu labur zerbitzua eta Facebook sare soziala funtzionatzeari utzi zioten indar handirik hartu ez zuten protesta ibilaldi batzuen bitartean.
Teknika berriak: software maleziatsua
Baina hori “blokeo tekniko xumea” besterik ez da. Orain, “software maleziatsua erabiltzen duten tresna sofistikatuago eta zehatzagoetara jotzen ari dira”, dio Danny O’Brien CCPko kideak.
O’Brienek azaltzen duen bezala, software maleziatsuaren bidez, web jakinetan sar daitezke birusak edo sistema kaltetzeko software espioiak erabiliz eta horrela “webguneetako datu garrantzitsuak ezabatzeko”. Horrez gainera, jatorrizko sistema klonatzea eta detektatzea oso zaila den informazio engainagarria bidaltzea ahalbidetzen dute.
Tom Rhodesen arabera, Afrika ekialdeko CCPko arduraduna, Tanzaniako eta Sudango gobernuek “teknika sofistikatu horiek erabiltzen ari direla frogatuta dago”. Tanzaniako gobernuak JamiilFroums, Wikileaksen swahilierazko bertsioa, klonatu duela oposizioko kideen arteko elkarrizketak desegiteko gehitu du Rhodesek. Bestalde, Tanzaniako agintariek ez dute gaiaren gaineko iruzkinik egiten.