Afrika Astea Arantzazun.“Demokratizazioa, etnizitatea eta itxaropena Afrikan: Bubi herriaren kasua Ekuatore Ginean”
Ekainaren 8tik 11ra Afrikako V astea ospatuko da Arantzazun Baketik eta Tau fundazioak antolatuta. Ekuatore Gineako ordezkariak izango dira aurtengo Afrikako Astean. Asteazkenetik ostiralera, 18.00etatik 20.00ak bitarte, “Demokratizazioa, etnizitatea eta itxaropena Afrikan: Bubi herriaren kasua Ekuatore Ginean” gaia jorratuko da saio bakoitzak bi zati izango dituelarik. Lehenengoan ikuspegi global batetik landuko da gaia eta bigarrengoan Bubi herriaren kasua aztertuko da bertako ordezariekin. Ekainaren 11ean, 10:30etan hitzaldia eta dokumental bat izango ditugu eta asteari amaiera emateko herri-bazkaria izango da.
Informazio gehiago http://www.baketik.org/eu/afrika
Baketik Arantzazun (Oñati) 2006ko urriaren 14an sortu zen Bake zentroa da. Egitasmo honen bultzatzaileak Arantzazuko Santutegiko Frantziskotarrak izan ziren eta euren erabakiz zentroa laikoa, akonfesionala eta bere funtzionamenduan anitza eta irekia da.
Zentro honetan bi kontzeptuk bat egiten dute: bakeak eta etikak. Bere lana bat-egite horren emaitza da. Bere zeregina, batetik, etikan sakontzea da, bakearen eta gatazken konponbide eraikitzailearen oinarri gisa; eta bestetik, lantze horren ondorioak ahalik eta gehien zabaltzea.
Zentroak norabide horretan bi ikuspegirekin lan egiten du; euskal gizartearen barrura begira, gatazka suntsitzaileak prebenitzeko eta bizikidetza adiskidetua bultzatzeko helburuarekin, eta euskal gizartetik kanpora begira, ahaztutako gatazkei eta gatazka horietan ahaztutakoei laguntzeko asmoz.
Zentroaren lehentasuna helburu dibulgatzailearekin eta solidarioarekin lan egitea izan da, eta horretarako ekimen desberdinak garatu dira. Proiektuak atalean egitasmo hauen berri duzu eskuragarri.