AEBetako emakumeak
AEBetako emakumeak –
Ana Urkizak Noticias de Gipuzkoa egunkarian.
Batzuetan, autobusean belarria jartzen duzunean, egiarik lodienekin bat egiten duzu. Bidaiariek lasai hitz egiten baitute, beste inork entzungo ez balitu lez, bere kontzientziak salbu. AEBeko presidente Joe Biden-ek lagunik ez ote dute galdetzen zion bidaiari batek besteari. “Lagunik balu, lagun horrek esan beharko lioke erretiratzeko. Barregarri geratzen ari dela… eta barregarri uzten ari dela estatubatuar guztiak…”.
Eta airean entzundako galdera batek beste bat dakarkizu: AEB bezalako herri handi batean, presidentetzarako hautagaiek, Biden eta Trump izan behar ote duten. Ez ote dagoen besterik. Nola egon litezkeen bi gizonezko hauek, tematuta, beraien zilbor hesteari begira. Eta nola onartzen duten beraien alderdiek eta hauteslegoak tamainako pitokeria.
Hollywoodeko filmetan ikasiak ginen, hauteskunde kanpainan hanka sartzeren bat eginez gero, harik eta txikiena izanda ere, hautagaiaren bozka indarra goitik behera erortzen dela. Nahikoa dela hautagaia drogak kontsumitzen harrapatzea edo bere emaztea ez den beste norbaitekin harremanak dituela edo izan dituela deskubritzea. Beste era batera esanda: hautesleria oso sentibera dela (atzerakoia ez esateagatik) eta beren garbizalekeria markotik aldentzen den hanka sartzerik txikienarekin ere gupidagabeak direla.
Gertatutakoak ikusita, hau da, aipatu marko horretatik kanpo kokatu diren hainbat eta hainbat gertakariren ostean, hautagaiek ez dutela amore ematen, argi dago, gaizki ikasi genuela. Egun horretan, eskolan ez ginela oso adi egon.
Bata, zaharregia dago, ideiak taxuz adierazteko ere arazoak dauzka eta, bestea, aho bero ustel bat da. Eta zer diote herritarrek? Bestelako aukerarik ez balego bezala hitz egiten dute. Guztiek ere, lagunik ez balute lez.
AEBetan alderdiak hauteskunde makinak dira. Helburua irabaztea dute, hautagaia presidente egitea, alegia. Baina, edozein hautagai, kosta ala kosta? Eta zer dio Kamala Harrisek? Honek ere ez du lagunik? Non daude EABetako emakumeak?
AEBetako emakumeak
Kamala, hautagai makala. Ez dute emakumeek edo beltzek ere atsegin inkesten arabera.