Abortua hiltzea da beti Espainiako Apezpikuen Batzarraren esanetan
Apezpikuen Batzarraren txostenaren arabera haurdunaldiak ezin du sekula gaixotasuna izan, beraz, osasun arazoak eragin baditzake ere, abortatzea ez da sendatzea, baizik eta erailtzea. Horrela “bizitzeko eskubidearen” alde diputatu katolikoei eta abortatzeko aukeran pentsatzen duten hiritarrei oharra igorri die: “Bere sinesmenarekin koherentea den katolikoak ezin du lege hau onartu edota alde bozkatu. Arrazoiak agintzen duena aintzat hartzen dutenek ere ez”.
Espainiako legediaren arabera abortua delitua da hiru kasutan izan ezik: salatutako bortxaketa baten kasuan, fetuak arazo físiko edo psikiko larriak izan ditzakeela sumatzen denean, eta haurdun dagoen emakumearen bizia arriskuan dagoenean, edo arazo fisiko edo psikiko larriak eragiteko aukera sumatzen den kasuetan.
Legea aldatzeko prozesu luzea
Abortuaren legearen eztabaidak urteetan zehar harrotu ditu hautsak 1998an kongresuan legea aldatzeko prozesua ez zen martxan jarri, aurka zeudenek botu bategatik irabazi zutelako. PSOEk, legea aldatzeko hauteskundeak irabazi beharko zituela zioen, baina 2004an boterera itzultzean ez ziren antza esandakoaz gogoratu. Badirudi, Zapaterok bere programaren 100. orrian jarri zuena ahaztu zuela: “Haurdunaldiaren borondatezko etenaldiaren eskubideari buruzko legedia aldatuko dugu”.
Badaezpada ere, 2008ko hauteskunde programan abortuaren aipamen oro ezabatu zuten baina iaz heldu zion PSOEk azkenik hamar urte lehenago agintuakoari. Dekretu edo erreforma baten ordez, abortuaren lege berri bat egingo zuela azaldu zuen Bibiana Aido berdintasun ministroak. Europako hainbat herrialdetako legediaren antzera, epekako sistemaren aldeko apustua egin zuten.
Azkenik, maiatzaren 15ean, Espainiako Ministroen Kontseiluak abortuaren legearen erreforma jasotzen duen lege aurreproiektua onartu du, hasieran iragarritako proiektutik nahiko urrun dagoena.
Batzuentzat atzerakoia da erreforma eta abortua zigor kodetik behin betiko kentzeko eskatzen dute. Besteek aldiz, apezpikuen batzarrak edota PP eta UPyD alderdiek adibidez, 1985eko legea ez ikutzeko eskatzen dute. UPN-k legearen erreforma atzeratzeko zentsura mozioa aurkeztu zuen eta iragan asteartean bozketan porrot egin zuen.
Apezpikuen Batzarraren txostena abortuaren legearen istorio luzearen azken kapitulua da. Ikusteko dago erreforma aurrera aterako den edo ez. Baina agian eztabaida larriena, hainbat talde feministek salatzen duten bezala, jaio aurretik zaharkitua dagoen proiektua ez ote den eskuartean dutena.