Abortatzeko eskubidea, osasun-arazo globala

Abortatzeko eskubidea, osasun-arazo globala –

“Ez ahaztu inoiz krisi politiko, ekonomiko edo erlijioso bat nahikoa izango dela emakumeen eskubideak berriz ere auzitan jartzeko. Eskubide horiek ez dira sekula eskuratutzat hartzen, adi egon behar zarete zeuon bizitza osoan”. – Simone de Beauvoir.

Medicusmundi Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak osasuna giza eskubide gisa ulertzen dugu, eta ez bakarrik Lehen Mailako Arreta: gizarte-baldintzatzaileek eragina dute pertsonen osasunean eta bizi-baldintzetan.

Elkarteek emakumeen eskubideak eta Sexu eta Ugalketa Eskubideen (SSetaUUEE) defentsa errealitate bihurtzeko lan egiten dute. Zergatik? Urtero milioika neska eta emakume hiltzen dira konplikazioen ondorioz haurdunaldietan edo erditzeetan, abortu klandestino eta ez-seguruen, feminizidioen, indarkeria matxistaren, ohorezko krimenen eta osasun-arretaren gabeziaren ondorioz, besteak beste.

Abortatzeko eskubidea, osasun-arazo globalaEmakumeek oztopo askori egin behar diete aurre, faktore kultural, politiko, erlijioso eta sozioekonomikoengatik, beren Sexu eta Ugalketa Eskubideren jarduerari eragiten baitiote. Baliabide ekonomiko gutxien duten landa-inguruneko haurdunen heriotza-indizea askoz ere handiagoa da baliabide gehiago dituzten hiri-inguruneko haurdunena baino. OMEren arabera, urtero, “ama-heriotzen %4,7 eta %13,2 artean abortu arriskutsu batek eragiten ditu”. Eta, UNFPAk 2020an egindako azterlan batean jasotzen duenez, “nahi gabeko haurdunaldi horietako asko informazio faltaren, antisorgailuetarako sarbide mugatuaren eta sexu- eta genero- indarkeriaren ondorio dira”. NBEren arabera, “mundu osoan 225 milioi emakumek ez dute antisorgailu modernoa erabiltzeko aukerarik, eta horrek nahi gabeko haurdunaldiak eragiten ditu. Nesken kasuan, haurdunaldiak eta erditzeak eragindako arazoak dira herrialde batzuetako heriotza-kausa ohikoenetako batzuk, eta 15 urtetik beherakoek bost aldiz arrisku handiagoa dute”. Horregatik guztiagatik, abortatzeko erabakia haurdunari dagokio, epaiketa moralik edo errepresalien beldurrik gabe.

Medicusmundik Latinoamerikako herrialdeetako tokiko gizartearen eskutik lan egiten du desberdintasun horiek guztiak hausteko helburuarekin, eraldaketarako hezkuntzaren eta garapenerako lankidetzaren bidez mundu bidezkoago bat eraikitzeko lan eginez, non Giza Eskubideei eta pertsonen arteko berdintasunari lehentasuna emango zaien, eta, era berean, menderatze-sistema orori aurre eginez, hala nola sexu-indarkeriari eta ugalketa-indarkeriari.

Zenbakiek beren kabuz hitz egiten dute, urtero 3,7 milioi haurdunaldi eteten dira beharrezko segurtasun-baldintzarik gabe eta legea alde batera utzita. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, “abortuen %45 inguru baldintza arriskutsuetan egiten dira, eta abortu horien %97 herrialde pobretuetan egiten dira”. Horrek esan nahi du 3.700 emakume inguru hiltzen direla urtean, seguru ez den eta ezkutuan praktikatu behar duten abortu bat aukeratzera behartuta daudelako. Askok konplikazioak izaten dituzte eta ez dira osasun-zentroetara joaten beldur direlako. Beste batzuek ez dute ospitalera joateko baliabiderik edo ez dira bizirik iristen.

Urtean 371.420 abortu klandestino egiten dira Perun. Abortu terapeutikoa bakarrik dago baimenduta, hau da, emakumearen bizitza edo osasunerako arrisku larria denean, nahiz eta, praktikan, emakume haurdun askok eskubide hori gauzatzeko hainbat muga eta oztopori egin behar dieten aurre. Gainera, guztiz debekatuta dago gainerako kausaletan (bortxaketa, intzestua, baimendu gabeko intseminazio artifiziala edo bizitzarekin bateraezinak diren fetu- malformazioak daudenean).

Ekuadorren kasuan, orain arte abortu terapeutikoa bakarrik baimentzen zen, baina 2021eko apirilaren 28an bortxaketaren biktimentzako abortua despenalizatzea lortu zen. Horrela, 18 urtetik gorako emakumeek haurdunaldiko 12 astera arte abortatu ahal izango dute, eta bai adingabeek, bai landa-inguruneetako emakumeek, 18 astera arte.

Erdialdeko Amerikan daude lege murriztaileenak dituzten hiru herrialdeak. Horietako bat Nikaragua da; izan ere, nahiz eta lehenago abortu terapeutikoa legezkoa izan, 2007an Daniel Ortegak berriro boterea hartu zuenetik atzerakada handia bizi izan zen, abortua kausal guztietan zigortuz, fetuaren bizitza lehenetsiz horrek haurdunaren eskubide guztiak urratzen dituen arren. Praktika horiek egiten dituzten edo baimentzen dituzten emakumeek urtebetetik 2 urte arteko espetxe-zigorra jaso beharko dute.

Abortatzeko eskubidea, osasun-arazo globalaBeste bat El Salvador da, non abortua egoera guztietan zigortuta dagoen 1998tik, 50 urte arteko espetxe-zigorrarekin erabaki hori hartzen dutenentzat, baita nahigabeko abortuetan edo larrialdi obstetrikoagatik ere. Azken 20 urteetan, 200 emakume inguru epaitu dituzte. Lesli da pairatzen duten deshumanizazioaren adibide bat. Joan den ekainaren 29an, justiziak kartzela zigorrik handiena ezarri zion 19 urteko gazte honi, nahigabeko abortua jasateagatik.

Hondurasen ere debekatuta dago haurdunaldia etetea. Eskualdeko haurdunaldien tasarik altuenetako bat duen herrialdea da. NBEren arabera, lau erditzetik bat 19 urtetik beherako pertsona batena da. Dylan Duartek, medidua eta Garapenerako eta Gizarteratzeko idazkaria, salatu du “Hondurasek zor historikoa duela SSetaUUEEren arloan, emakumeei, genero- disidenteei eta kudeatzeko gaitasuna duten gizon trans edo ez-bitarrei mesede egin diezaieketenak”. Hala ere, 2022aren hasieran Xiomara Castro progresista presidentetzara iristearekin batera, lege permisiboagoak espero dira, Larrialdiko Pastilla Antikontzeptiboa erabiltzea eta abortua egitea ahalbidetuko dutenak.

Azkenik, Guatemalak, hain murriztailea ez den lege bat duen arren, egoera kezkagarria bizi du, abortu terapeutikoa bakarrik baimentzen baitu. Erdialdeko Amerikako ugalkortasun-tasarik handiena duen herrialdea da, 4,4 seme-alaba ditu emakume bakoitzeko (2,6 da batez bestekoa munduan). Desberdintasun sozioekonomikoak direla eta, indigenek (%41) aukera gutxiago dituzte osasun-zerbitzu publikoa eskuratzeko.

.

Osasuna, eskubide unibertsala eta doakoa

Azken bi hamarkadetan 50 herrialdek baino gehiagok neurriak hartu dituzte emakumeei sarbide segurua bermatzeko haurdunaldia etetea erabakitzen badute. Espainiako Estatuaren kasuan, Sexu eta Ugalketa Osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko 2010eko Lege Organikoak jasotzen duenez, “haurdunaldia eten ahal izango da lehen 14 asteen barruan nolanahi ere, eta arrazoi medikoengatiko lehen 22 asteen barruan ere, emakumearen bizitza edo osasunerako arrisku larria dagoenean”, eta “haurdunaldia amaitu arte, bizitzarekin bateraezinak diren fetu-anomaliak edo gaixotasun oso larri eta sendaezina hautematen denean”.

2022an lege horren erreforma onartzeak eskubide berriak aitortzen ditu eta aurrez aurre jarritako oztopo batzuk geldiarazten ditu. 16 eta 18 urte bitarteko emakumeek abortatu ahal izango dute legezko tutoreen baimenik gabe, 3 eguneko hausnarketa-aldia eta aldez aurreko nahitaezko informazioa ezabatuko dira. Hurbilen dagoen osasun-zentro publikoan abortatzeko eskubidea bermatuko da, eta asistentzia eta laguntza integral espezializatua emango da. Erabili beharreko metodoa ere aukeratu ahal izango da.

Baina, abortatzeko aukera legezkoa den estatuetan ere, haurdun dauden pertsonek hainbat oztopo gainditu behar dituzte zerbitzu horiek eskuratzeko, hala nola kostu ekonomikoak, itxarote-epeak, aholkularitzaren inpartzialtasuna eta kontzientzia-eragozpena (indibiduala zein instituzionala), besteak beste. Gainera, diskurtso fundamentalistak eta generoaren aurkako politiken defendatzaileak, klasistak, arrazistak eta argi eta garbi emakumeek konkistatutako askatasun eta eskubideen aurkakoak dituzten taldeak eztabaida bat sortzen ari dira, beren bizitza eta gorputzen gaineko erabakimena mehatxatzen duena. Mugimendu horiek jaiotzeko eskubidea lehenesten dute, haien etorkizunaz eta ongizateaz arduratu gabe. Estatu Batuetan, duela gutxi, haurdunaldiaren borondatezko etendura eskubide konstituzionala izateari utzi dio, eta estatu bakoitzaren esku geratu da eskubide hori eskuratzea errazten duen edo, aitzitik, erabakitzeko eskubidearen bermea baliogabetzen duen erabakitzea.

Espainian, emakume askok beste probintzia edo autonomia-erkidego batzuetara joan behar izaten dute haurdunaldia eten ahal izateko, eta beren lurraldeetan ez dago haurdunaldia praktikatzeko zentrorik. Azken 30 urteetan, 8 probintziatan ez da aborturik egin. Errioxan, ginekologiako langile guztiek kontzientzia-eragozpenari heldu diote. Ceuta eta Melillaren kasuan ere, ez dago ospitale edo klinika pribaturik aborturik egiten duenik, eta, kasu horretan, diskriminazio geografiko eta sozioekonomiko bikoitza jasaten dute emakumeek; izan ere, kasu askotan penintsulara joateko kostua beren gain hartu behar izaten dute, eta kostu hori ez da beti onargarria izaten. Azken datuen arabera, haurdunaldien etenaldi guztien %6,2 baino ez dira egiten ospitale publikoetan. Emakumeen bi heren baino gehiago (%86) ospitaleez kanpoko zentroetara eta itunpeko klinika pribatuetara joaten dira edo hara bideratzen dituzte.

Estatu espainiarrean ere aipatutako taldeak daude, esaterako, Abokatu Kristauen Elkartea, berme juridiko eta sanitarioak kolokan jartzen dituena. Gero eta ohikoagoak dira klinika pribatuek jasaten dituzten jazarpenak, haurdunaldia borondatez etetera joaten diren emakumeen askatasuna jazartzeko eta mugatzeko. Ikusi besterik ez dago ‘Rezar no es delito’ taldeak Euskadin deitutako mobilizazioa. Zehazki, Donostian, 2022ko maiatzaren 7an, nahiz eta jazarpen mota hori apirilaren 14tik delitu izan.

OMEk onartzen du “abortua segurua dela OMEk gomendatutako metodo bat erabiltzen bada hardunaldiaren denbora kontuan hartuta, eta eta beharrezko ezagutzak dituen pertsona batek egiten badu”. Emakume eta neska askok haurdunaldia modu klandestinoan eta arriskugarrian eteteko arrazoiak praktika bera legez kanpokoa izatetik haratago doaz. Beren familia- ingurunean epaituak izateko beldurra askori bizitza kostatzen zaion errealitatea da. Osasun publikoko arazo bat da, eta debekatzeak ez du haren praktika eta beharra desagerrarazten, baldintza penagarrietan burutzea baizik.

Judith Butlerrek (2020) esan zuen bezala, errealitatea da “badaudela bizitzea merezi duten gorputzak eta bizitzak, eta beste batzuk, berriz, ez dutela merezi negar egitea”. Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da Sexu eta Ugalketa Eskubideak erabat beteko direla bermatzeko lanean jarraitzea, zalantzarik gabe.

Abortatzeko eskubidea Abortatzeko eskubidea Abortatzeko eskubidea

2 pentsamendu “Abortatzeko eskubidea, osasun-arazo globala”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2022-10-03 14:43

    Harritzekoa, emakumeen bizi baldintza materialei hain gogor eragiten dion gai bati buruzko analisi zehatz eta zorrotzaren ondoren, nola itsatsi duzuen bukatzeko, pastelaren ginda bezala, Judith Butleren esaldi dotore hori.

    Testu osoan zehar argi daukagu emakumeak nor diren. Lau mila milioi inguru dira, gizateriaren %52.

    Butlerentzat berez ez da existitzen gizon eta emakume biologikorik. Feminista usteko batzuk gau ta egun dabiltza Butler aipatzen eta txalotzen, nor eta emakumeen izate biologikoa ukatzen duen idazle posmolerdo bat.

    Astrologoak ez dira astronomoak eta Butler ez da inoiz feminista izan.

  • Hori da, feminismoa babestu eta queer teoria ukatu. Fantasia bat babestu dutenek orain atsegin ez duten beste fantasia ukatu nahi dute. Baina berandu da.