ABCk Kataluniako Gobernuaren "esku-hartzeak" salatu ditu
Kataluniako ‘hirukoaren’ jarrera salatu du ABCk “la «catalanidad» de las Fallas y la Albufera” artikuluan. Vocento taldeko egunkari eskuindarrak ez du begi onez ikusi Generalitat de Catalunyak sortutako kultura webgunean idazle valentziarrak, Fallak edota Tabarca uhartea agertzea. Gobernu katalana valentziar identitate ikurretan egiten duen “milagarren esku-hartzea” eta ‘herrialde katalanak’ terminoa erabiltzea gaitzesten ditu aipatu artikuluan. Gainera, Valentzian kultura katalanaz arduratzen diren taldeei diru-laguntza ematea ere Generalitat-ek duen “esku-hartze politikaren” barnean kokatzen du. Kataluniako Kultura eta Ingurugiro sailak aipatu duenez, webguneko edukiak “aditu talde batek” egin ditu eta haiek izan dira informazioa egiaztatzeaz arduratu direnak.
Culturcat webguneak, “kultura katalanaren inguruan jakin beharreko guzia” azaltzen du. Bertan, Herrialde Katalanetako kultura, tradizio eta gastronomiaren inguruko informazioa jaso daiteke bost hizkuntzetan (katalana, okzitaniera, frantsesa, gaztelera eta ingelera). Literatura, artea, gastronomia, hizkuntza, historia, kultura herrikoia, musika, zientzia, … atal asko ditu bertako kultura interesatzen zaion ororendako. Gainera, garaian garaiko kultura ezagutzeko parada ematen du ardatz kronologikoaren bidez.