A gripearen inguruko zalantzak
H1N1 birusak eragiten duen gripea inguruan daukagu. Kasu gehienetan gripe arruntaren sintomak izaten ditu: sukar altua, eztula, eztarriko mina, muki-jarioa, buruko mina, gorputzeko mina, nekea, begietako mina, gose falta… eta gutxi batzuetan, gonbitoak eta beherakoa ere bai.
Kutsatutako pertsonen kopurua asko handitu denez, orain arte egiten ziren laborategi analisiak egiteari utzi diete Osakidetzan, eta larritasunik ikusten ez denean familiako medikuaren ohiko azterketarekin osatzen dute gripe A-ren diagnostikoa. Ondoren, Paracetamol agindu, eta sintomak desagertu arte etxean geratzeko aholkuarekin bidaltzen dute gaixoa osasun zentrotik.
Hala ere, gaixotasunak irauten duen bitartean erne egon behar da arriskuaren zantzuak agertzen ote diren, hala nola, arnas hartzeko zailtasuna areagotzen den, azala eta ezpainak ubeldu, bularreko mina edo kontzientziaren nahasmena, sukarra goran mantentzen den, edota tentsio arteriala behera egiten duen. Horrelakoetan, medikuaren laguntza eskatu behar da lehenbailehen.
Bestalde, OMEk (Osasunaren Mundu Erakundea) oseltamivir sendagaia ari da aholkatzen, batez ere arriskua duten gaixoentzat. Oseltamivir-a Tamaflu edo Tazamir izenarekin merkataratu da orain arte eta botika horien eskaria izugarri areagotu da azken hilabeteetan.
Gaiaz gehiago jakiteko interesgarria da bideo hau ikustea: