«‘Turkia horrelakoa da, ez dago hemendik ateratzeko modurik’»
Turkiako Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren, Ankararen eta haren mende dauden kurduen arteko gatazka berriz ere gori-gori dago. Hauteskunde Batzorde Gorenak Hatip Dicle hautetsi kurduari diputatu izateko eskubidea ukatu dionez, zerrenda bereko gainerako 35 diputatuek Legebiltzarrari boikota egitea erabaki dute. Mehmet Ali Birand kazetariaren ustez, Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak kurduen eskubideen aldeko neurri ausartak hartu behar ditu datozen lau urteetan. Horixe adierazi du Turkiako Hurriyet egunkarian.
Hatip Dicle espetxean sartu zuten ekainaren 12ko hauteskundeak baino egun batzuk lehenago, eta hasieran, Hauteskunde Batzordeak bozetan parte hartzea debekatu zion arren, kurduen protesten eraginez, debekua bertan behera utzi zuen. Hala, bozetan diputatu aukeratu zuten. Baina, asteazken honetan, kargu hori betetzeko eskubidea ukatu diote, hauteskundeak baino lehenago Helegite Auzitegiak haren aurkako zigor bat berretsi zuela argudiatuz. Zehazki, 2010ean «terrorismoaren aldeko propaganda» egin izana egotzi diote; hau da, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren alde egin izana. Aurretik ere hainbat aldiz espetxeratu izan dute eta, 1994tik aurrera, 10 urte eman zituen preso, Turkiako Legebiltzarrean kurdueraz hitz egiteagatik. Gauza bera gertatu zitzaion diputatu aukeratu duten beste kide bati; giza eskubideen aldeko ekintzaile Leila Zanari, hain zuzen.
Dicle Legebiltzarretik baztertu izanaren kontra, BDP Bakearen eta Demokraziaren aldeko Alderdiak babestu dituen gainerako diputatu kurduek boikota egitea erabaki dute. Bestalde, kalean protesta gogorrak egingo dituztela iragarri dute. Horren aurrean, Mehmet Ali Birand Turkiako telebista aurkezle ezagunak orain arteko politika aldatzeko eskatu dio Erdogan lehen ministroari. Bere eustez, PKK alderdia legeztatu beharko luke, PKK-ko buruzagi historiko Abdula Ocalan Imrali espetxetik atera eta etxean atxilotuta atxiki, kurduen nortasun eta hizkuntza eskubideak aitortu, eta autogobernua onartu, horiexek baitira kurduen aldarrikapen nagusiak.
Ali Biranden arabera, Turkiako Gobernuaren eta Kurdistan iparraldeko kurduen arteko gatazkari aurre egiteko, «lege eta mentalitate zaharrak» aldatu behar dira. «Iraganean, lege horiek terrorismoaren aurkako borrokaren izenean egin dira, eta burua hainbeste jan digute, ezen geure burua konfinatu dugun», idatzi du kazetariak, «lege horiek eta kurduen auziarekiko jarrera aldatzen ditugun egunean, arriskutik kanpo egongo gara». «‘Turkia horrelakoa da, ez dago hemendik ateratzeko modurik’ leloak inora ez garamatzala jakin behar dugu. Ez dezagun Turkia jatorri kurduko gure herritarrentzako infernu egin. Horrela, haiek ere ez dira ezer egin gabe geratuko».
Kazetariaren iritziz, Erdogan da kurduen aldeko neurri ausartak har ditzakeen buruzagi turkiar bakarra. Aurreko legegintzaldian, Erdoganek Ekimen Kurdua izeneko egitasmoa martxan jarriko zuela iragarri zuen, baina haien eskubideak onartzeko ezer gutxi egin du, oposizioaren kontrako jarreraren eraginez. Hala ere, hauteskundeak igaro dira, Erdoganen AKP Justiziaren eta Garapenaren Alderdiak ia gehiengo osoa lortu du, eta «gauzak egiteko garaia» da. AKP-k oso emaitza onak lortu ditu, baita BDP alderdi kurduak babestutako zerrenda independenteak ere. Duela lau urte, BDPk 22 diputatu lortu zituen; oraingoan, hautagaiak independente gisa aurkeztu dira, boto gehiago jaso ahal izateko, eta 36 diputatu eskuratu dituzte.
Erdoganek Konstituzioaren erreformari ekiteko asmoa dauka. Mehmet Ali Birandek aldi berean kurduen auziari ere aurre egiteko eskatu du. Bestela, Turkian «terrorismoa» berriz piztuko dela eta etorkizuna blokeatuko dela ohartarazi du.