«Osamari buruzko egiak eta gezurrak»

«Osamari buruzko egiak eta gezurrak»

«Osamari buruzko egiak eta gezurrak»

2011-05-07

AEBetako presidente Barack Obamak astelehen goizaldean iragarri zuenez, 2001eko irailaren 11ko atentatuetan, eta urtetan, beste herrialde askotan, milaka zibil hiltzea leporatu zaion Osama bin Laden goizalde horretan bertan hil zuten. Horrek askorengan lasaitua eragin du, beste batzuk Al Kaeda erakundearen etorkizunari buruz eztabaidatzen hasi dira, eta bada iragarpena bera eta atzean dagoena guztiz zalantzan jartzen duenik ere. M. Rafic Soormally da horietako bat. Pakistan Observer egunkariko artikulu batean adierazi duenez, Bin Laden duela hamar urte hil zen, eta ez dago irailaren 11ko atentatuen erantzulea izan zirela frogatzerik.

Ez da halako teoriak zabaltzen diren lehenengo aldia, 2001ean bertan zenbait adituk esan baitzuten George Bushen gobernuak irailaren 11ko atentatuak gertatu baino lehen bazeukala eraso hori egiteko asmoaren berri eta ez zuela eragotzi. Saudi Arabia eta AEBak nahastuta zeudela ere aipatu zuten, eta Kongresuak egindako ikerketa batean hipotesi horiek ere aztertu zituzten, baina azkenean alde batera utzi zituzten. «Bin Laden Afganistanen eta beste edonon haien terrorea [AEBena] justifikatzeko propagandaren ardatza izan da», Rafic Soormallyren ustez. «Estatubatuarren aliatua zen, eta Afganistanen sobietarren aurka borrokatu ziren gainerako mujahidinak bezala, CIAko soldatadunen zerrendan zegoen. Zerrenda horri Al Kaeda (Basea) deitu zitzaion», nabarmendu du. Are gehiago, Al Kaeda erakundea berez ez dela existitzen adierazi du: «Erakunde errepublikanoak eta demokratak existitzen dira; Al Kaeda, ordea, ez. Baina Mendebaldeko Europak izen hori hamarkada batez erabili du, propaganda asmo hutsarekin. [..]

Garuna Kontrolatzeko Tavistock Institututik ateratako Mendebaldeko Europaren gezur sionista da [Londresen kokatutako Giza Harremanei buruzko Tavistock Institutuaz ari da, gobernuz kanpoko erakunde bat da]». «Zantzu gehienek eta irailaren 11ko operazioaren sofistikazioak berak adierazten dute barruko lan bat izan zela, idazle eta ingeniari askok baieztatu duten bezala». Bestetik, AEBek teknologia sofistikatua izanda eta NATOko aliatuen zein Pakistango Gobernuaren laguntza izanda, Rafic Soormallyri oso sinesgaitza iruditzen zaio 10 urte behar izatea Bin Laden harrapatzeko. Bere ustez, Bin Laden 2001eko abenduaren 14an hil zen, giltzurruneko eta biriketako gaitz baten ondorioz, garai hartan zenbait iturrik jakinarazi zuten bezala. Gainera, egunotan hedabideetan zabaldu den Bin Ladenen ustezko hilketari buruzko argazkia 1996ko baten muntaketa dela adierazi du. Bere ustez, Obamak arrazoi posible asko zeuzkan Bin Ladenen hilketa iragartzeko: AEBetako hurrengo hauteskundeak irabazteko akuilu gisa erabiltzea, hilketa iragarri baino bi egun lehenago Libiako presidente Muammar Gaddafiren etxearen aurka egindako bonbardaketak eragin zituen kritikak apaltzea, AEBen aliatu izandako diktadoreengandik askatzen ari diren herrialde arabiarrekin harreman berriak ezartzea edo, palestinarren arteko batasunari kalte egitea.

«Osamari buruzko egiak eta gezurrak»
AEBak, Afganistan, Al Kaeda, irailaren 11, Osama bin laden, pakistan
Ainara Mendiola

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude